Joseba Barandiaran Andueza.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Txanpon baten truke

2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Milaka urtez ordainketa egiteko erabilitako hainbat gai (metalak, papera, egurra, gatza, tabakoa…), dirua hezurmamitu duten horiek guztiak ahaztu, eta, ordainbide izateko funtzioari dagokionez, dirua birtual bihurtzeko ahalmena dugu egun. Hustasun, ezerez, Jorge Oteiza bera harrituko luken modu batean: bit bihurtuz. Kripto-txanpon edo banku-gordailuak edo... Badator eskudirua geure mundutik desagerrarazteko aukera... eta arriskua. Eskudirua krisian baitago! Are gehiago birusaren hedapenarekin lotu dutenetik. Limosnatxo bat eskatzeko ere eskuaz gain beronen luzapena den gailu elektroniko bat ezinbesteko egingo lukeena.

Iruzurraren aurkako borroka aipatu izan da horretarako arrazoi. Eta eskale, mantero eta trapitxeroen kalte izan liteke eskudirua desagerrarazteko neurria. Baina, era berean, kontrol sozialarekin loturiko ondorioak ere izango lituzke, datu asko batu, aztertu eta saltzeko enpresa boteretsuen ahalak areagotuz; gure oinatz ekonomiko txikienak ere bistaratuz. Esan gabe doa, iruzurra eskudirua baino askoz modu sofistikatuagoan dago gurean txertatua, enpresa sare, faktura eta jardun faltsu edota paradisu fiskaletan barreiatua. Eta lurraldeen arteko lehia fiskal ez oso leiala ere bada, bai Espainian, bai eurogunean bertan ere.

Nola jokatu datozkigun estutasun fiskalekin? Subiranotasun monetariorik ezean, Bruselak ezarriko dizkigu dirua egiteko makinari zenbat txanpon eskatu dakizkiokeen mugak, zorpetze muga; eta Hegoaldean, foru agintariek esanen dute zein den ondorioz ezarri beharreko zerga politika. Murrizketak ezartzen zaila dago. Oraingoz Espainiak behin erabiltzeko plastikoak zamapetuko dituela iragarri du («berde» itxurako zerga bat, nolabait) eta finantza eragiketen gainekoa, Tobin tasa deitua. Baina horiek ahuntzaren gauerdiko eztula dira, beharko direnekin alderatuta. Zerga klimatiko edo berdeak deitu zein ez, ildo hori jorratu beharko da plastiko, erregai, keroseno eta gainerakoekin. Finantza eragiketen gainekoak, berriz, burtsa eragiketei eragingo die, eta, alde horretatik, progresiboagoa izango da: errenta apalenekoa ez den jende jakin baten jarduera hori zamapetuz. Errenta aldetik ez dira txiroenak izango, baina aberatsenek zerga horri ihes egiteko moduak topatuko dituzte, baita Europa osoan ezarrita ere.

Zer gelditzen zaigu? Elkarteen gaineko zergak ezin du diru askorik batu enpresek irabazirik ez badute. Erraldoi teknologikoak gutxi eta iheskorrak dira. Kontsumoa zamapetzea (BEZa igotzea) nahikoa erregresiboa da; baina desazkundea eta kontsumo apalagoa nahi baditugu, izan liteke bide bat. Erregai fosilak zamapetzea, berdin. Errentaren gaineko zergak langile aberatsenen bizkar ezartzen du bilketa (zer esanik ez, ejem, pentsio funtsen kenkariak kenduz gero). Eta hortik aurrera, ondarea eta ondasun higiezinak (bigarren etxebizitzak?) ere begitan har ditzakete ogasunek. Kosta behar zaigu txanponen bat aurrezten, birtual zein erreal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.