Pedro Martinez de Artola. Hego Euskal Herriko automobil klubeko presidentea

«Elektrikoa ez dago prest; utz diezaiegun ingeniariei esaten noiz egongo den»

Autogintzak egiturazko laguntzak behar dituela dio RACeko buruak, herritarrentzat «inbertsiorik garestienetan bigarrena» delako autoa erostea.

GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
Donostia
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Renove plana ez du oso gustuko Pedro Martinez de Artolak, uste baitu funtsa txikiegia dela.

Renove plan bat behar du autogintzak orain?

Bai, plan bat behar da, dudarik gabe.

Zergatik?

Gure errepideetan dabiltzan autoak berritu behar direlako. Autoek hamahiru urte dituzte batez beste; gehiegi da. Kontuan hartu asko direla hamahiru urte baino zaharragoak, eta hori oso arriskutsua da. Haien segurtasuna ez da egungo autoaren parekoa, eta zer esanik ez, ingurumenari begira, motor horiek orain dela hamabost-hogei urtekoak dira, askoz ere kutsagarriagoak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zaharragoak dira inguruan baino?

Pareko batezbestekoak dituzte Lapurdin edo Errioxan, esaterako, arazo zabal bat delako hau. Jende gehienak ekonomia mugatua dauka, eta auto merkeak saltzen dira gehien; beraz, zaharregi bihurtzen uzten zaie.

Nahikoa da Jaurlaritzak Renove planean jarritako bost milioi euroak?

Ez. Kopuru hori lau sos dira. Erabaki bat hartzen bada, serio hartu behar da. 2.000 ibilgailu inguru berritzeko baino ez du ematen funts horrek.

Gasolina eta dieselak erosteko ere laguntzak jarri dira. Ongi?

Oso gutxi kutsatzen duten erreketa motorrekoak lirateke. Motor berri horien eraginkortasuna ez da ondo gizarteratu. Auto elektrikoak oso garestiak dira, eta ezin ditu edonork erosi. Nahi duguna bada autoen kutsadura gutxitu, askoren eskura egongo diren salneurriko autoak ere lagundu ditzagun; bestela, ez da ordezkapen hori lortuko. Ordezkatu behar diren auto zahar horien jabeak ez dira, oro har, ekonomia ahaltsuak dituztenak, eta ezin zaie eskatu auto eletriko bat erostea. Hasteko, elektrikoa ez da oraindik lehiatzeko gai, ez dago prest, ez dago nahikoa garatua, eta ez dago harentzat azpiegitura nahikoa.

Espainiako Gobernuak soilik auto elektrikoen erosketa babestuko du Moves planaren bidez. Zer diozu?

Neurri horren eragina oso txikia izango da. Movesek lortu nahi du azpiegiturak egiten hastea, elektrolinerak martxan jartzea, autoak saltzeaz harago. Urrats bat da, baina hau guztia beste modu batez egin behar da, iraupen luzeko planen bidez, modu serioan.

Autogintzak laguntza publiko iraunkorrak jaso behar ditu?

Krisiak daudenean laguntza eman behar zaie herritarrei, eta autoa erostea herritarren inbertsiorik handiena da etxebizitzaren ondoren. Oraindik krisiaren ondorioak nabaritzen ditugu, eta autoa berritzea behar bat da oraindik ere; behar dira oraindik laguntza publikoak. Kontuan hartu, gainera, laguntzen diren erosketa horiek itzulketa bat sortzen dutela, zergetan aurren-aurrena, baina baita kontsumoan, erregaian, eta abarretan ere.

Espainiak epemuga jarri dio erreketa motorrari: 2040. Gogor kritikatu duzu Moncloaren mezu hori, baina ez da Europako beste gobernu batzuek egindakotik desberdina. Berlin eta Londres ere erratuak daude?

Ez naiz ausartuko hori esaten, baina esango nuke haiek ez direla izan Espainiako Gobernua bezain muturrekoak. Desideratum horri erreparatu diotenak badira, baina begira Macron, errealitatea iritsi denean atzera egin du. Gure aitonak auto batzuk ikusi zituen zendu aurretik, XX. mende hasieran, eta pentsatuko zuen, noski, zaldi-gurdien mundua bukatuko zela noizbait. Baina noiz bukatu zen? 1960an baserritarrak ikusten nituen oraindik Donostiara etortzen behorrekin esnea partitzera... Utz diezaiogun garapen teknologikoari esaten noiz iritsiko diren aro aldaketak, ingeniariei alegia, industriari. Ezagutza teknologikoak erabakiko du, ez erakundeen mezu zehatzak.

Hainbeste kalte egin diote autogintzari dieselaren aurkako mezuek?

Hau burtsaren modukoa da. Esaten baduzu hemendik hogei urtera akzio zehatz bat jaitsiko dela, eragingo duzu berehala jaistea, eta ez hogei urte barru. Diesel salmentak behera doaz, eta horrek eragin izugarria dauka enpresen egituretan eta enpleguan.

Ez ote dira diesel salmentak arrazionalizatzen ari, logikaren aurka diesel gehiegi saldu ostean?

Gakoa ez da diesel gehiegi saldu ote diren, bazik eta diesel eta gasolina motorrak eraginkor izateko gai diren ala ez. Eta bai, oso eraginkorrak dira eta gutxi kutsatzeko gai. Kontsumitzaileek auto berriak behar dituzte, eta haiek dira zaharrak ordezkatzeko aukerarik onenak auto eletrikoaren salneurrira iritsi ezin daitezkeenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.