Albistea entzun

Presidentetzarako bozak Kolonbian. Bigarren itzulia

Kolonbia bere labirintoan

Presidentea aukeratuko dute gaur 38 milioi herritarrek. Hautagaiak Petro ezkertiarra eta Hernandez populista eskuindarra dira. Boto asmoan pare-parean iritsi dira azpijokoa gailendu den kanpainaren azkenera
Gustavo Petroren grafiti bat, Bogota hiriburuan.
Gustavo Petroren grafiti bat, Bogota hiriburuan. M. D. CASTAÑEDA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Artano Izeta -

2022ko ekainak 19 - Bogota

Kolonbiarrek aldaketa nahi dute, ernegatuta daude betidanik agindu dutenekin. Horixe dute adostasun bakanetakoa. Pandemiak eman die akabaila politikari tradizionalei. Bozen bigarren itzulira pasatu diren hautagaiak horren adierazle nabarmenena. Bata ezkertiarra da —ezkerrak ez du inoiz agindu—; bestea, alderdi tradizionalen babesik gabe —haiei egurrean— kanpainan sartu eta eskuineko botoa bereganatu duen milioidun bat, Donald Trump kolonbiarra esaten diotena.

Gustavo Petrok 62 urte ditu, eta ibilbide luzea politikan; Bogotako alkate izan zen, eta 90eko hamarkadatik nabarmendu da Kongresuan. Herritarren zati handi batek izua eta ezinikusia dio gaztetan M-19 gerrillako kide izan zelako —Aureliano ezizenaz—. Hirugarren aldia du Nariño jauregira iristeko, eta esan daiteke kanpainan jarraitu duela 2018an Ivan Duqueren aurka galdu zuenetik. Azken urteotan bere diskurtsoa —ezkerretik kamustuz— eta irudia —trajeatuz— epeldu ditu.

Estraktibismoan oinarritutako ekonomia irauli nahi du, industrializazioa eta ezagutza bultzatuz. Petrolioa ustiatzeari uzteko asmoak alarma piztu du, baina Petrok berak Ogasun ministro kargurako aipatu dituen guztiak zentroko joera dute.

Rodolfo Hernandez, 77 urte, etxegintzan aberastua zen Bucaramangako —500.000 biztanle— alkatetza lortzerako. Ustelkeriaren aurkakoa izan da haren mezu nagusia; kasik, bakarra. Baina uztailaren 21ean epaitegira azaldu beharko du ustelkeria auzi batengatik akusatua. Ahoberoa da, eta kaleko hizkera darabil. Ia ezezaguna zen duela hilabete batzuk, baina Ormaiztegiko zakurrarena egin die eskuineko beste hautagaiei.

Nola? Entretenimendua eskainiz bideo labur xelebreetan, sarritan auto-parodia erabiliz: Hernandez bera meme bihurtuz —Mario Bros balitz bezala gainerako hautagaiak zapalduz, edo ahate bat erreskatatu zuela esanaz, adibidez—; edo traqueto-en eta sugar daddy-en estetika imitatuz —soinean bainujantzia eta urrezko lepokoa soilik, eta hegaletan bi neska gaztek lagunduta agertu da asteon bideo batean—. Adituen arabera, sareak jarraitu bai, baina politika kontuekiko interesik ez duten herritarrengana iristea lortu du.

Asmatu egin du. Konpetentziak ere aitortzen du: «Bikainak dira Hernandezi sareak maneiatzen dizkion taldekoak. Komunikazio dinamikoa dute, gaztea». Nicolas Isaza, 25 urte, ekintzaile gisara aurkezten du bere Tiktokeko profilak, berak kudeatzen dio sare horretako kontua Petrori. «Jendeak ez du ordubeteko hizketaldirik entzun nahi —Petrok kanpaina itxieretan egin ohi dituen modukoak—; jendeak 30 segundoko mezua nahi du: harira! Petrok termino konplexuak darabiltza; Rodolfok herriari hitz egiten dio».

1987 eta 1995 bitartean ezkerreko lau presidentegai eta eskuineko bat erail zituzten Kolonbian. Garai horretan azkartu zuten UP ezkerreko alderdiaren aurkako genozidioa; 5.700 militante baino gehiago hil zituzten. Izan dira, izan direnez, kanpaina lazgarriagoak. Amaitu berri den honetan heriotza mehatxuak ez dituzte gauzatu, zorionez, baina lohiak gainezka egin du.

Duela aste pare bat ezkerreko kanpainako buruzagien bileretako ezkutuko grabazioak argitaratu zituzten zenbait hedabidek. Grabazioetako pasarte batzuk, zehatz izatera. Beste hautagaitzak «dinamitatu» eta «zartatzeko» erabilitako taktika makurrak azaltzen ageri dira Petroren gertuko kolaboratzaileak.

Hernandez, berriz, Miamira (AEB) joan da, Kolonbian hil egin nahi dutela argudiatuz, ekitaldi publikorik ez egiteko. Askoren ustez, aholkularien estrategia izan da presidentegaiaren ateraldi eta hanka sartzeak etxekalte zitzaizkiolako. Bi hautagaien arteko debaterik ere ez da izango, epaileek bat behintzat egitea agindu arren Hernandezek uko egin diolako.

Ziurgabetasuna

Bitartean, landa eremuak lehengo lepotik burua: pobrezia, gosea eta bortxakeria. Bi egunez behin hiltzen dute lider sozial bat. Giza eskubideen edo ingurumenaren defentsan ari ziren 86 pertsona eta bake akordioa sinatu zuten FARCeko beste 21 hil dituzte aurten, Indepaz erakundearen arabera.

Gaur, zenbaketan, iruzurra egin dezaketen susmoak zabaldu dituzte bi aldeetatik. Beraz, abagune arriskutsua sor daiteke, lehenaz gain, sua hauspotu nahi dutenentzat, kontuan izanda emaitza oso estua iragarri dutela inkestek; eta lehen itzulian asmatu egin zuten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bakhmut, higatze bataila bat

Bakhmut, higatze bataila bat

Igor Susaeta

Ez dago argi Bakhmut leku estrategiko bat ote den, baina Ukrainako indarrek hura defendatu nahi dute, eta Errusiakoek, berriz, hartu. Asteak daramatzate han borrokan.

Gush Etzion kokagunea, Zisjordanian, artxiboko argazki batean. ©ABIR SULTAN / EFE

Zisjordanian hustutako lau kokagune berriz baimendu ditu Israelek

Arantxa Elizegi Egilegor

2005ean hustu zituzten kokaguneak, Ariel Sharon lehen ministroaren aginduz. Haietako bat palestinarren jabetza pribatuan dago eraikia

Carles Puigdemont, artxiboko argazki batean, Bruselan. ©JULIEN WARNARD / EFE

Carles Puigdemonten aurkako atxilotze agindua berretsi dute

Berria

Espainiako Gorenak atzera bota ditu defentsako abokatuek eta fiskaltzak jarritako helegiteak

Londresko Metropolialdeko Polizia Zerbitzuaren egoitza, Londresen, artxiboko irudi batean. ©ANDY RAIN / EFE

Londresko Metropolialdeko Polizia «arrazista, misoginoa eta homofoboa» da, ikerketa baten arabera

Ander Perez Zala

Louise Casey ikerlariak esan duenez, Erresuma Batuko segurtasun indarrik garrantzitsuena desegin egin beharko da egoera hobetzen ez bada. Erakundeak eskatu zuen txostena, agente batek zibil bat bahitu, bortxatu eta hil zuela argitara atera ostean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...