begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Deabrua eta Thatcher anderea

2023ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Pasa berri diren egun santu hauetan eta gauden Pazko egun hauetan ez badituzue zuek, o kristauok ala fedebakook, Loli Tormenta edo Matria bezalako filmak dastatu, sufritu, miretsi, emakume batengandik jaiotako jainko haren sakrifizioak ez du ezertarako balio izan. Ezta penitentziagile guztiek beren buruari ezarritako odol zigorrek ere. Are gehiago, ez badituzue Agusti Villarongaren eta Alvaro Gagoren pelikulak ikusi, ezertan geratu dira egunotan Deabruak buruturiko barrabaskeria oro.

Bada zuen arima beltz horiek garbitzeko modu bat. Ez bakarra, baina bai, kasik, baitezpadakoa: Georgia Oakleyen Blue Jean-era arrimatzen bazarete, zuen zinema bekatu ia denak barkatuko zaizkizue, eta gauza izango zarete The Pope's Exorcist-ek eskura jartzen dizuen tentaziotik salbu ateratzeko. Ni, ordea, seko erori nintzen, eta damu naiz, betirako kondenaturik.

Galdetuko diozue zeuen buruari zertara datorren Margaret Thatcherren aipua lerroburuan. Azalduko dizuet ba. Alde batetik, aspalditik zinemak zauritutakoentzako keinu bat da. Eta ez, prexixo, politikoki ortodoxoa. Bada zeluloide pornoaren klasiko bat The Devil in Misses Jones izena duena, George Damianok zuzendua, joan den mendeko Espainiako lotsaren X letra harekin markaturik ziren aretoetan baino estreinatu ez zen ozarkeria guapoa. Bestalde, hain hauskorra eta aldi berean hain indar handikoa den Blue Jean hori Margaret Thatcherrek hartutako erabaki atzerakoi batek setiatua da. Are gehiago, filmaren une askotan entzuten den lelo kantatuak, 80ko hamarkadan Ingalaterrako jende libreak paretetan idazten zuenak, honela zioen, dio: «Maggie, Maggie, Maggie! Out! Out! Out!», eta The Larks taldearen ereserki erreboltaria duzue (bila ezazue, arren eta otoi, Youtuben den 1987ko sampler-a...).

Film gazi-gazi-gazi honetan, non plazer ttantta batzuk badiren, bere sexualitateak beldurtua den protagonistaz honela mintzo da nolabait libreago jotzen duen bere neska laguna: «Hasieratik zinen izutua. Errepidera salto egin ondoren kotxe baten argiek itsutua izan den oreinkumearen begirada zenuen, eta duzu».

Filma Ingalaterrako ipar-ekialdean da kokatua. Thatcherrek praktikan jarritako neurri ekonomiko basak (ez ahaztu Chicagoko Ekonomia Eskolaren programa errukigabe haren jarraitzaile sutsua zela Margaret) jasan, nozitu, pairatu izan zituzten bertakoek, eta bizirik gorde ohi zituen industriagintzaren desartikulatze gupidabakoaren biktimak bilakatu ziren.

Okerragorik ere bizi izan zuten garai haietan. Ez bakarrik inguru horretan, Erresuma Batu osoan baizik. Moralaren zaintzaile ere jo zuen alderdi kontserbatzaileak; ondorioz, 1988an Section 28 izeneko lege artikulua ezarri zuen. Irakasleen kontrakoa zen; homosexualitatea sekula ezingo zuten normaltzat jo ikasleen aurrean. Are gutxiago komentatu edo adierazi sexu bereko jendeak familiarik osa zezakeenik...

Sinetsi ala ez, 2003ra arte ez zuten indargabetu artikulu iraingarri hori; pixkatxo bat lehenago bai, Eskozia aldean, 2000. urtean, hain zuzen. Ez da harritzekoa gorputz-hezkuntzako irakaslea den Jeanek oreinkume izutu baten antza izatea...

Margareten aipamena, azaldua. Zer dela eta, ordea, Deabruarena?

The Pope's Exorcist ez da inolaz ere pelikula ona. Baina Satan miresten dugunok bere inguruko zinema oro ikusteko juramentua egin genuen jaio orduko. Hitzarmen horrez gain, benetan existitu zen Gabriele Amorth Vatikanoko exorzista nagusia Lambreta motor baten gainean Erroma zeharkatzen ikustea merezi du, benetan diotsuet. Are gehiago aspaldian bere zinemaren noranzkoa galdua duen Russell Crowe gladiatoreak antzeztua bada. Gaztetan partisanoa izandako apaizak mila exorzismo eraman zituen aurrera, eta Willian Friedkinek filmaturiko The Exorcist arte eta izu lanari errespetua zion. Errespetua eta miresmena.

Hori jakinda, patuak berak eramango zaituzte sareetan erraz aurkitzen den The Devil and Father Amorth izenburuko filmaketa baterantz. Friedkinek erabilitako bideokamera batekin grabatua, 2017ko Veneziako Mostran estreinatua, benetako aita Gabrielen eta The French Connection-en autorearen arteko topaketa kontatzen du ordubete baino gutxiagoko pieza honek. Williamek esana da egiazko exorzismo bat filmatzeko aukera eman ziola Amorthek, eta berak, nola ez? Nork ez ametitu apaizak jarritako baldintza guztiak?

Ametsetan, esne-odoletan geunden infernuzko lagunok... Alta, beldurzaleok eta Satanen adoratzaileok sekula santan ikusi ez dugun irudi sorta irringarrienetariko bat, memeloena da emaitza; benetakoa izan arren, faltsuena suertatu zitzaigun. Ahazteko ahaleginetan gogor jardun arren, gure buruetatik alde egiten ez duen babokeria. Hobe Leap of Faith: William Friedkin on The Exorcist dokumental itzelaren bila modu desesperatuan hasten bazarete. Zaila izango zaizue aurkitzen, baina ez eman amore. Josafaten bildu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.