Kontalaritzak merezi duen lekua aldarrikatzera

Hilaren 9an hasiko da Ahoz Aho, Ahozkotasunaren Nazioarteko XII. Jaialdia. Ipuina ardatz, atzerriko eta hemengo kontalariak herriz herri ibiliko dira

Jaialdiko hainbat antolatzaile, babesle eta parte hartzaile, atzo. A. CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Beste arte diziplinen aldean ezezagunagoa den arren, ipuin kontalaritzaren balio artistikoa aldarrikatu nahi dute. Ideia horrek gidatuta, hamabigarrenez antolatu dute Ahoz Aho, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia, Intujai Teatroaren eskutik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Ordizia eta Tolosako udalen laguntzaz. Jaialdiaren garrantzia nabarmendu du Joxemari Karrere kontalariak: «Euskaldunok ahozko kultura bat izan dugu, eta dugu. Duela urte gutxi arte, transmisioa erabat ahozkoa zen, eta ipuina oinarri oso garrantzitsu bat horretan, ipuinen bidez transmititzen baita mundu ikuskera bat. Euskaldunontzat, ipuin eta kontakizunak ezinbestekoak dira geure kultura eta transmisioa ulertzeko». Jaialdiak «euskal kontalaritzaren erradiografia bat» ematen duela uste du, eta horregatik ere badela garrantzitsua. Hilaren 9tik 30era bitarte, askotariko estilo eta moldetako narrazioak zuzenean entzuteko aukera izango da.

Kontalaritzari lotutako askotariko proposamen artistikoak bildu dituzte programazioan, betiere ipuinari protagonismoa emanez. Gipuzkoako sei udalerritan izango dira saioak: Ordizian, Tolosan, Donostian, Ibarran, Ataunen eta Albizturren. Eta, horietan, Euskal Herriko eta nazioarteko narratzaileek parte hartuko dute.

Nazioartetik iritsiko direnen artetik, Ruben Martinez Santana kontalari venezuelarra izango da lehena saioa egiten: hilaren 15ean Donostian izango da, eta 16an, Tolosan —ahozko narrazioaren ikastaro trinko bat ere emango du Tolosan, hilaren 16 eta 17an—. Marieta Sanchez narratzaile kubatarrak, berriz, bi saio egingo ditu hilaren 22an Tolosan, eta beste bat Ordizian, hurrengo egunean. Eta Nicolas Buenaventura kolonbiarrak lau saio egingo ditu: hilaren 28an Ordizian eta Ataunen izango da, eta 29an eta 30ean, Tolosan.

Haien proposamenekin batera, Euskal Herriko narratzaileenak ere bildu dituzte programazioan. Kontalaritzaren munduan orain gutxi hasitakoak eta dagoeneko eskarmentu handia daukatenak ariko dira saioetan, hala nola Aitziber Sampedro, Amaia Ruiz de Galarreta, Lupe Lekuona, Eneko Haritza, Oihana Ameskua, Ines Bengoa, Iosu Lizarraga, Amaia Arriaran eta Karrere bera.

Bestalde, Ipuin Narrazioen Lehiaketa ere jarri dute martxan, zazpigarren urtez —zabalik dago parte hartzeko epea—. Hain zuzen ere, lehiaketako kanporaketa saioarekin emango diote hasiera jaialdiari, Ordiziako D'elikatuz gunean, ahozko narraziorako «toki magikoa» dena, antolatzaileen ustez. Ane Gebarak aurkeztuko du ekitaldia, eta, kontalarien narrazioez gain, Felipe Ugarte musikariaren doinuak ere entzungo dira. Lehen saio horretatik hiru narratzaile igaroko dira finalera, epaimahaiak eta publikoak aukeratuko dituztenak.

Eta finala, berriz, Ahozkotasunaren Gala Nagusiaren barruan jokatuko dute, Ordiziako Barrena jauregian, hilaren 29ko iluntzean. Hartan ere epaimahaikideena eta publikoarena izango da erabakia. Hurrengo egunean banatuko dituzte Urrezko Kalabaza sariak, Tolosan. Oihana Iguaran eta Haritz Mujika bertsolariek ekitaldian parte hartuko dute.

Gogoeta egiteko topaketak

Azken urteotan egin bezala, euskal narratzaileen arteko topaketak ere egingo dituzte jaialdiaren barruan, ahozko narraziogintzan dabiltzan sortzaileek elkarren artean gogoetak partekatzeko. Mahai inguru bat egingo dute aurten, eta kontalaritzaren inguruko ikerketak egin dituzten hiru hizlari elkartuko dituzte: Maialen Moreno, Antton Irusta eta Leire Diaz de Gereñu. Morenok Ipar Euskal Herriko herri kontakizunei buruzko tesia egin zuen, eta liburu batean plazaratu zuen iaz. Irustak, berriz, Ipuinen tailerra (1999) idatzi zuen, eta arlo horretan dabil ikerketan. Diaz de Gereñuk, berriz, kontalarien baliabide linguistikoak aztertu ditu bere tesian, eta errepikaren inguruan ariko da topaketetan.

Ekitaldi horiez gain, bestelakoak ere hartuko ditu jaialdiak, hala nola zirkua —Ordiziako plaza nagusia eta Garagartza plaza hartuko dituena, hilaren 23an— eta musika —Kaxueira euskal-brasildar taldeak emanaldia egingo du Tolosan, hilaren 30ean—.

Halaber, Ruben Martinez Santanaren ikastaro trinkoaz gain, Maider Alzelaik ere umeentzako ahozkotasunaren inguruko ikastaro bat emango du Ordiziako Jakintza ikastolan eta Urdaneta ikastetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.