Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Begiradaren garrantzia

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Garbura' / 'Carbide'



Zuzendaria: Josip Zuvan. Herrialdea: Kroazia. Iraupena: 113 minutu.

Nikola telefono mugikor batekin grabatzen ari da Antonio. Antoniok karburoz betetako lata bat dauka eskuetan, eta metxeroarekin sua ematean honek eztanda egiten du. Nikolak, ordea, sustoaren sustoz begirada kendu eta ez du eztandaren unea grabatuko. Denbora daramate horrelako bideoak grabatzen, sortu duten Youtubeko kanalera igotzen dituzte, like asko jasoz gero dirua irabaziko dutelakoan. Nikola eta Antonio lagun minak dira, baita bizilagunak ere. Haien familiek urteak daramatzate borrokan etxe batetik bestera isurtzen den ura dela eta. Haurrek gai horietaz paso egiten dute, baina gau batean bi familiek ezkutatzen duten sekretu bat deskubrituko dute, eta haien arteko harremana kolokan jarriko da.

Josip Zuvan kroaziarrak eskarmentua du telebista programak idatzi eta zuzentzen, eta hainbat film labur egin ditu. Garbura / Carbide haren lehen film luzea da, eta bertan gidoigile eta zuzendari lanetan aritu da.

Garbura / Carbide laguntasun harreman bati buruzko istorioa da. Gurasoen borroka eta eztabaidei aurre eginez sortutako laguntasuna da Nikola eta Antoniorena; bi familiek ez dute elkarren lagun izaterik nahi, baina haiengan gorroto horrek eraginik ez duela dirudi. Bi haur dira, eztanda eta tiroekin liluratuta daudenak, baita telefono mugikorrekin eta sare sozialekin ere: Antoniok erabakiak hartzen dituena dirudi; ausarta da, eta edozein saltsatan sartzeko aurpegia du. Nikola, berriz, lasaiagoa da, isila, eta zalantzatia.

Bi lagunen arteko harreman eta dinamikak oso era errealistan erretratatu ditu Zuvanek. Haien laguntasunak darama kontakizunaren pisua, eta, hasieran bakarrik bada ere, helduen mundutik kanpo biziko dugun harremana izango da. Pelikularen korapiloa edo gatazka nagusia osatzen duen sekretu hori azaltzean, ordea, istorioa eraikitzen ari zen bidetik irtengo da, eta ni behintzat nahasi egin nau. Ordura arte bi haurren ikuspuntutik ikusten genuen kontakizuna, eta esan beharra daukat oso ondo orekatuta zeudela bi ikuspuntu horiek. Istiluaren ondoren, ikuspuntu horiek korapilatu egingo dira, eta ikusleak ez du oso argi edukiko zeinekin dagoen: haur batekin, bestearekin, haien gurasoekin edo aitonarekin. Iruditzen zait puntu horretatik aurrera filmaren interesgarriena zen haurren begirada hori galtzen duela, eta ez du kontakizunaren amaiera arte berreskuratuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.