Beñat Gaztelurrutia. Gerediaga elkarteko kudeatzailea

«Alferrik aldarrikatuko dugu euskal kultura, gero ukigarria ez bada egiten»

Abenduaren 3tik 8ra Durangoko Azokak salmahaiak eta bisitariak izango ditu berriz. 56. azoka nola egin zehaztea da Gerediaga elkartearen erronka, eta, Gaztelurrutiaren hitzetan, pandemiarekin galdutakoa berreskuratuz joatea da lehentasuna.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Durangoko Plateruena Kafe Antzokia sortzen, zutik eusten, programatzen, eta, lehen hamar urteetan, kudeatzen ere aritutakoa da Beñat Gaztelurrutia (Abadiño, Bizkaia, 1976), eta esperientzia metatu horrekin guztiarekin egin ditu oraingoan argazkiak handik metro gutxi batzuetara: Landako gune hutsean. Ekainean izendatu zuten Gerediaga elkarteko kudeatzaile, eta aurtengo Durangoko Azoka hibridoa antolatzea izan du erronka nagusietako bat. Presentzialtasunera itzuli «beharra» nabarmendu du behin baino gehiagotan elkarrizketan. 56. aldian eutsi egingo diote iaz sortutako salmenta gune digitalari, eta, mugatuta, baina Durangoko Azokak berreskuratu egingo du ohiko itxura. Indarrean diren osasun baldintzak betez eta gehienezko bisitari kopuruarekin, baina abenduaren 3tik 8ra, salmahaiak eta bisitariak izango ditu berriz, une honetan, oraindik, kudeatzailearen bizkarretara hutsik den Landako guneak.

Bisitariak izango direla, bai, baina bisita horiek mugatuta egongo direla jakinarazi duzue oraingoz, gehiago zehaztu gabe. Zer esan nahi du horrek?

Ez da ez erantzutearren, baina galdera horrek ez dauka erantzunik. Guk osasun aginteetan kontsulta egin dugun guztietan beti esan digute oraingo egoerarekin zer egin daitekeen zehaztu zezaketela, baina abenduan zer egin dezakegun ezin dutela esan. Orduan, mugak izango direla badakigu, eta, momentu honetan arautegia dagoenetan, jende kopuru txukuna sartzeko aukera ikusten dugu. Zailtasun handiak izango ditu horrek. Aztertzen ari gara zein sistemarekin egin, baina, ia ziur, aurrez izena eman beharko dute bisitariek. Hala ere, guretzat inportantea da azokak presentzialtasuna berreskuratzea, eta orain ikusten dugun egoerarekin aurrera egitea erabaki dugu. Eta hau dena konpartituta dago eragileekin.

Zer harrera jaso du bisitariak izatera itzultzeko proposamenak?

Denek erakutsi dute azokarekiko kezka, eta esan dugunean presentziala egingo dugula poza sumatu dugu egin ditugun bilera guztietan. Hau konpartitu da koordinazio mahaian parte hartzen duten guztiekin, azokan salmahaiak jartzen dituztenekin, elkarte, argitaletxe eta erakunde guztiekin. Zalantza asko dituzte, eta badaude guk orain erantzun ezin ditugun gai batzuk: jaso ahalko dugun bisitari kopuruari buruzkoak-eta.

Izan ere, datu garrantzitsuak dira saltzaileentzat, kalkulu ekonomikoak egin ahal izateko.

Bai, baina guk esan diegu iaz online azoka bat izan genuela, eta ondo joan zela, baina oso egoera traumatikoan egin zela. Bigarren online azoka batek ekarri ahalko luke egoera hau normalizatzea, eta horri aurre egin behar zaio. Saiatu behar dugu berreskuratzen. Egoera zaila dela badakigu, baina guk gauzak ondo egingo ditugu, horren ziurtasun osoa daukat, eta salmentak ere ondo joango dira. Gainera, azoka presentziala egingo dugu; baina ez presentziala bakarrik, online ere egingo dugu.

«Azoka hibridoa» izango dela esan duzue.

Zergatik? Mundu guztiak ez duelako izango azokara etortzerik, eta beste batzuek ez dutelako nahiko, baina denek izango dute erosteko aukera. Etortzen den jendea etorriko da bere bisita egitera eta bere erosketa egitera, eta ezin duenak izango du aukera online sartzekoa ere. Iazko salmentei eusteko modua hori dela uste dut, eta, gero, apurka-apurka azoka presentziala berreskuratuz joatea; ze azoka ez da salmenta gunea bakarrik, hartu-emanerako tokia eta erakustokia ere bada, eta, horregatik, aurkezpenak eta streaming saioak mantendu egingo ditugu.

Zentraltasuna galduko luke azokak bertsio digitalari bakarrik eutsiz gero?

Nik uste dut alferrik ibiliko garela euskal kultura aldarrikatzen edo existitzen dela esaten, gero, momenturen batean ukigarria ez bada egiten; maila sinbolikoak eta materialak elkar elikatu behar dute, dimentsio bi horiek. Eta noiz egiten da euskal kultura ukigarria? Bada, leku eta une askotan: kultur egitarauetan, liburu dendetan, hedabideetan..., bai, baina, igual, liburu eta diskoen azoka da euskal kultura, modu masibo eta kontzentratuan, ukigarri egiten duen gertakari handienetakoa, handiena ez bada. Hori ezin dugu galdu.

Iaz Landako gune osoa bihurtu zen biltoki. Aurten ere hala izango da?

Aurten erakusmahaiak eurak izango dira biltokia, eta eguneko online salmentak batu, paketeetan sartu eta bidali egingo ditugu egunero. Eta hori egingo dugu iaz baino hobeto. Iaz hori antolatzen aritu zirenek ikaragarrizko lana egin zuten, baina hutsetik abiatu behar izan zuten, eta oso hilabete gutxiko epea izan zuten, eta, halere, Gerediagaren salmenta aurreikuspenak hirukoiztu egin ziren. Aurten datu horiek baditugu, eta abantaila horrekin jokatzen dugu. Asko luzatu ziren eskariak, etxeetara berandu heldu ziren: aurten ez da hori gertatuko.

Salmenta datuak oso onak izan ziren iaz. Ia 28.000 produktu zenbatu zenituzten. Are, «hunkituta» ere azaldu ziren Gerediaga elkarteko ordezkariak jasotako erantzunarekin.

Bai, oso salmenta onak izan ziren, baina ameskeria da pentsatzea online azoka urtero errepikatuz gero salmentak berdinak izango direla. Iaz oso egoera berezia izan zen. Eta, gainera, Durangoko Azoka ezin da salmenta tokia bakarrik izan, erakustokia izan behar du, harremanetarako gunea, zuzeneko aurkezpenak egiteko lekua eta beste. Eta horretarako presentzialtasuna behar du.

Aski babes jaso du Gerediaga elkarteak iazko azokari aurre egiteko? Zama utziko dio?

Ez, erakunde publikoen eta babesleen laguntzak mantendu egin zirelako. Azokaren finantzabideak bi dira: erakundeen eta laguntzaileek ematen duten babesa da bata, eta bestea da erakusmahaiak jartzen dituztenek ordaintzen duten diru kopurua, eta bien gehiketarekin egiten da ezagutzen dugun gune eta saltokidun azoka handi hori. Iaz diru sarrera batzuk gutxiago izan genituen, baina gastu batzuk gutxiago ere bai, eta, laguntzak mantendu egin zirenez, ondo atera zen urtea.

Azokaren antolaketaren parte diren guneek zer-nolako harrera egin diote aurtengo proposamenari?

Ondo ikusi dute, honek esan nahi baitu ez bakarrik erakusmahaiak jarriko direla, baizik eta gune guztiak ere zabalduko direla. Murriztua izango da bisitari kopurua hor ere, unean uneko arauaren arabera, baina gune guztiak egongo dira martxan. Poza hartu dute horregatik, euren lekuan sentitzen dira, eta gogotsu daude.

Durangoko Azoka osatzen duzuen eragile eta pertsonen artean tarteka azaleratu dira ika-mikak, gaizki ulertuak eta aurrez aurrekoren bat ere. Harmonia itxura handiagoa ematen duzue orain. Krisiarekin apaldu egin dira tentsioak?

Salbuespen egoeretan horretarako joera badago. Nik beti esaten dut eztabaida osasungarria dela, eta gaur egun azoka hau baldin badaukagu eztabaidari esker da, eta azoka eder bat daukagula esango nuke. Eztabaida aurrerabidea da. Eztabaidarik ez dagoen tokian ur hila edo putzu beltza dago. Egia da batzuetan eztabaidari neurria hartu behar zaiola, ze hemen denak dira beharrezkoak eta inor bidean geratzea penagarria da. Momentu honetan oso ondo ari gara lanean. Bakoitzak bere iritziak jartzen ditu mahai gainean, baina beti modu eraikitzailean eta azokaren alde. Harmonia ona daukagu momentu honetan.

Duela urte batzuk Azoka Hiria aipatzen zuen Gerediagak amets modukotzat, baina osasun krisiak parentesi artean utzi du ideia hura. Agian orain lehengo azoka berreskuratzen saiatzea bada nahikoa amets?

Lehen geneukana berreskuratzea da lehentasuna orain. Halako salbuespen egoeretan konturatzen gara momentu horretara arte lortutakoa zenbatekoa den eta zeinen hauskorra den. Gauzak lortzea asko kostatzen da, baina galdu, egun batetik bestera galtzen dira, eta ezin gara horretan despistatu. Berreskuratu behar dugu, ahalik eta arinen, betiere egoerak eskatzen dituen osasun neurri guztiak hartuta. Hori ere esan behar delako. Azoka bisitatuko da, eta bisitatzen duenak segurtasun osoz bisitatuko du, baina lehengorantz itzultzen hasi behar dugu.

Plateruena Kafe Antzokiaren itxierari buruz egin zizun iaz elkarrizketa BERRIAk. Ostalaritza eta kulturaren uztarketak jadanik ez zuelako lehengo emaitzarik izaten itxi zenuten. Transformazio garaia ere bada hau: orain arte funtzionatu duten eredu batzuk amaitu egin dira, baina ez dago argi oraindik nolakoak izango diren datozenak.

Online eredua gelditzeko etorri dela dirudi, baina ez dakit nora joko duen azokak. Edonola ere, uste dut azokak badaukala hamar bat urteko ibilbidea norabide horretan: guneen sorrerarekin, saltoki hutsa ez izatearen kontu horrekin eta besterekin bidea zehaztua du, eta bide horri jarraitu beharko diogu. Lanak egiten hasita dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.