begona del teso
EPPUR SI MUOVE

'Suzume'-ren aldeko protestak

2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Berriro da forogatu, protesta egiteak merezi du. Kalean, plazetan. Sareetan. Ez naiz ari Macronen legearen kontrakoez. Ari naiz Gipuzkoan aurrera eman dugun borrokaz. Pelikula bat ikusteko eskubidearen aldeko guda birtualaz.

Euskal Herriko beste lurralde guztietako pantailetan dir-dir egiten zuen (duen) film batez gozatzeko beta, parada, aukera aldarrikatu, exijitu izan dugu giputzok. Bizkaian bazen, bada. Nafarroan ere bai. Araban zein Lapurdin. Iristear zen Zuberoara. Baita Nafarroa Beherera ere. Alta, Gipuzkoan ez genuen berririk, ez notiziyarik.

Kezkaturik ginen. Desespero bizian. Haserre gorrian. Gipuzkoarrok. Hasi ginen bidaiak prestatzen. A-8an barna. A-63an zehar. Bidasoa pasatzeko ginen prest. Madril alderako 492,353 kilometroan den Gasteizko geltokian jaitsiko ginateke, poz-pozik trenetik, Bitorixeko zinema aretoak helmuga.

Alta, derrepentean, pentsatzeari ekin genion. Beti da plazer berezia zurea ez den lurralde bateko aretoetan sartzea. Are, pelikulak ikusteko bertan dituzten usadioak ezberdinak direnean. Iragarkiak, trailerrak eta antzokiko tabernan eskaintzen dizkizuten gutiziak kasik ezezagunak zaizkizunean. Baina, esandakoa, berriki idatzitakoa, pentsatzen hasita eta jarrita, zergatik ez egin buila, kexu, protesta? Zergatik ez erreibindikatu guk Gipuzkoan, gure etxe ondoko aretoetan, nahi genuela Suzume dastatu? Eta ekin genion zalapartari. Sareetan barrena.

Maltzur amorratuok zinema programatzen dutenak lotsaz gorritu zitezen nahi genuen.

Nola liteke lauzpabost zinema jaialdi (ez ahaztu gaur hasten dela Viktoria Eugenia antzokian Giza Eskubideen Zinemaldia, eta aurrera doala Tabakaleran Exfolia izeneko zikloa, muga eta identitate guztien gainetik desosegua sorrarazten beti gustura diharduen proposamena) dituen EAEko lurralde historiko honetan Makoto Shinkairen Suzume estreinatu ez izana? Nola azalduko zuten aretoen jabeek Berlinalen txaloz hartutako Japoniako anime zoragarri hori gurean ez egotea? Gabe, faltan geratuko ginateke gipuzkoarrok? Zeren kulpanteak ginen ba, zertan errudun? Ez al gara jatorrizko bertsioen maitale, bermatzaile eta bultzatzaile? Ez al ditugu salbatu salbatu ezinezkoak ematen zuten pelikula txikitxoak, defentsarik gabe gurera etorritako horiek?

Protesta egin genuen. Sare sozialetako bazterrak harrotu, altxatu, nahasi genituen. Ekin eta jarrai. Jo eta fuego. Jo eta ke. Lepoan hartu eta segi aurrera. Irabazi arte.

Eta irabazi dugu. Eta gaur, 2023ko apirilak 21 egun bete dituen honetan, Suzume Gipuzkoan da.

Zer dela-eta bihurtu zaigu nahitaezko? Zergatik ibili gara horren tematsu giputzok? Fantasia gozoa eta pasatako zein etortzear diren kataklismo hainbat lotzen dituelako, fineziaz. Ekialdean hain agerikoak diren espiritu, mamu, jainko eta beste dimentsio guztietako izakiak maite-maite, elegante-elegante lotzen dituelako hango modernitatearekin, hango tren biziekin, hango kotxe miresgarriekin. Inoiz pentsatu izan baduzue aulki batek hitz eta korrika egin zezakeela, hemen duzuelako frogarik fantastikoena, inoiz ahaztuko ez duzuen jazarpen eszena paregabean. Koreako pop musikak hartuak bazarete, hemen jasoko duzuelako Japoniakoaren berri, azpi-munduko ateak ixten ahalegintzen zareten bitartean.

Bai, behar beharrezkoa zen gaur egungo barduliarron esfortzua. Suzume honetako mugimendu zinetiko eta zinematografikoa punta-puntakoa delako. Nostalgiaz, minez, amodioz blai direlako gidoia eta kolore paleta. Leku abandonatuen, utzitakoen oroimenezko kanta delako.

Bai, borroka egin genuen Bardulia zahar honetako biztanle gaurkook. Eta irabazi. Suzume pantailetan da. Euskal Herri osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.