KRITIKA. Musika

Konpositoreen ajeak

2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun

BOS

Pianista: Judith Jauregi. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Abenduak 10.

Meritu handikoak izan dira bai Bilboko Orkestrak eta bai Judith Jauregik erakutsi diguten maisutasuna bi konpositoreek asko berrikusi zituzten lanen gainean. Izan ere, Wolfgang Amadeus Mozartek zuzenketa asko egin zizkion15 egunean asmatu zuen do minorreko Piano eta orkestrarako 24.kontzertua-ri , eta horrek, nire ustez, eragina izango du gaien garapenean eta batasun tematikoetan. Baina argi dago kontzertuak duen kutsu erromantikoa eta orkestrak daraman pareko protagonismoa eta aberastasuna piano bakarlariaren aurrean. Judith Jauregi gazteak hasieratik erakutsi zuen bere sentsibilitatea, zehaztasuna eta fintasuna pasarte cantabile-etan, eta argitasuna bi eskuetako gora eta beherako etengabeko figurazioetan. Kontuan hartzekoak izan dira cadenza erromantiko betea eta pedalaren erabilpen zuzena. Erik Nielsen zuzendariak ondo orekatu zuen orkestra klasizistaren bolumena barneko pianorekin eta adi egon zen bakarlariaren joaldietan bateratasuna lortzeko. Azkenean, Jauregik programaz kanpoko pieza intimoarekin eskertu zuen publikoaren txalo zaparrada.

Gorriak ikusi zituen Anton Brucknerrek hirutan berrikusi eta aldatu behar izan zuenean, bere 3.sinfonia re minorrean , beti, alboko musikarien eta kritikarien presioez. Beharbada, bigarren bertsioa izango litzateke berezkoena eta jatorrena; baina BOSek hirugarren bertsioa eskaini zigun, gure aburuz amalgamatuagoa dena. Zalantzarik gabe, orkestra halako pieza sinfonikoetan sentitzen da ondoen, eta honetan ere ez du kalerik egin. Erik Nielsen zuzendaria keinuz urria da, baina guztiz eraginkorra orkestra bateratzeko eta interpretazio zuzena ateratzeko horrelako lan nekosoan. Orkestraren soinua boteretsua izan da lau mugimenduetan. Baina denetarik dago sinfonia erromantikoan: maila guztietako dinamikak, bakarlarien txandak, senide desberdinen doinuak, dantzak — laendler, polka…—, eta horien arteko konbinazioak, tutti-ak... Lanaren konplexutasuna gainditu zuten gure musikariek emaitza onarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.