Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Klaseak eta klasea

Mikel Zumeta.
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'El olvido que seremos'



Zuzendaria: Fernando Trueba. Aktoreak: Javier Camara, Juan Pablo Urrego, Nicolas Reyes, Patricia Tamayo. Herrialdea: Colombia. Iraupena: 136 minutu.

Fernando Truebak Hector Abad Gomez sendagile, irakasle eta giza eskubideen aldeko ekintzaile kolonbiarraren inguruko pelikula aurkeztu du. Filmak haren semeak idatzitako izen bereko nobela du oinarri, eta izenburua Borgesen soneto baten lehen esalditik hartua dago. Abad Gomez tiroz hil ondoren topatu zituzten hitzok; jakaren poltsikoan, paper batean idatziak zeramatzan.

Dagoeneko sendoa den zuzendari baten filma da. Estilo garbia eta pertsonala da Belle Epoque-ren egile eta Oscarraren irabazlearena. Oraingoan ere iraganera eramango gaitu, iragan hurbilera, 70eko eta 80ko hamarkadetara.

Familia oparo eta ugaria dugu Abadtarrena, eta badirudi zuzendariak gustuko duen girora itzuli nahi izan duela. Iraganarekiko duen ikuspegi erromantikoa agerikoa da, eta atsegin ditu kritika soziala eta aldarrikapena.

Filmak protagonistaren bizitzaren azken urteetako filantropia goraipatzen du. Kolonbiar osasun zerbitzu publikoaren alde egindako ahaleginak, landa inguruan polioaren kontrako txertaketa masiboen sustatzea. Pelikulak Abaden bizitza publikoa eta pribatua uztartuko ditu, seme-alabekiko harremana, emazte eta lagunartekoa... eta semearen begien bitartez azalduko zaizkigu haren irudia eta konpromisoa.

Film interesgarria da, zalantzarik gabe, Hector Abad protagonista ezagutzeko, gutariko askorentzat ezezaguna baitzen. Baina onberaegia, haren irudia ia santu batenarekin parekatuz, sakralitate humanistikoarekin puztuz.

Bestaldetik, kritika soziala interesgarria bada ere, nolabait kontaesankorra suerta daiteke. Zerbait bat ez datorren susmoa eragin diezaguke goi klaseko neskamedun familiaren irudi beatifikatzaileak.

Zuzendariak lan polita egin du, eta istorio politikoki konprometitua eta formalki zuzena da. Baina orokorrean hutsa gertatzeko arriskuan erortzen da, bere burua gehiegi maite duen film gogaikarria izateko mugan. Edertasun formaletik harago arakatzen hasten bagara, formalitatea besterik ez baitugu topatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.