begona del teso
EPPUR SI MUOVE

'Invictus?' Ez, 'Murderball' gehi…Trakata!

2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Donostiako Reale Arena estadioan Baionako Avironen eta Paueko Section Paloise Bearn Pyreneesen arteko errugbi partida-festa ikusten ari ginela (38.645 lagun bildu ginen harmaila haietan...), indar handiko biarnotarren defentsak Zuberoako Camille Lopezen adore ukaezina zapuztu zuenean, eta, ondorioz, baionarren porrota begi bistakoa zen momentuan, gutako batzuek, askotan legez, zinema hartu genuen abegi.

Ez, ez pentsa errugbi munduaren gaineko film ezagunena, ospe handikoena den Clint Eastwooden Invictus horretan hasi ginela pentsatzen, John Carlinek idatzitako liburu berdingabea inspiraziotzat hartu zuen sariz betetako zeluloide puska duin horrekin hasi ginela ametsetan. Ez, horrenbesteko fama potoloa ez badu ere, plataformetan eskura duzuen dokumental ezinbesteko eta askoz zakarrago bat etorri zitzaigun burura Anoetan, emozioak harturik, Avironen ereserkia kantatzen genuela:«Txalo txalo gure hamabost jokalarieri, gogotik ari diren mutileri, Baiona ohoratzen duteneri. Mende bat ari zaukula azkar eta erne».

Murderball du izenburu arras esanguratsua, eta aulki gurpildunen gainean jolasten den errugbia, gai eta mami. Bai, aulki gurpilduneko errugbi paralinpikoa... erabateko olinpikoa dena.

Ez izan duda izpirik, kirol horretarako prestaturiko makina horiek erronka botako liekete, erraz asko eta gogo handiz, Mad Max pelikula guztietan agertzen diren apokalipsi osteko ibilgailu guzti-guztiei, eta, apustutan hasi beharko bagenu, zin dagizuet zauri larriak jasotako errugbi gerlari andana hark gidatzen dituenen alde jarriko nituzkeela nire sosak. Egia da, steam-punk estilo herdoilduzko katxarroak dirudite, baina ez fidatu, makina hilgarrien moduan ibil daitezke, erabil ditzakete.

Egunotan martxan eta libre den Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren 2006ko aldian izan zen ikusgai gurean munduan zehar bederatzi sari jaso eta Oscarretan finalista izan den Henry Alex Rubinen eta Dana Adam Shapiroren film honek Atenasko 2004ko Paralinpiar jokoetara garamatza.

Bertan, euren buruarekiko inolako bihotz-biguntasun/keria erakusten ez duten goi-goi mailako kirolari batzuen erretratua egiten da. Eta ez pentsa irudiak, diskurtsoa edo aldarrikapenak melengak direnik. Ez. Agertzen dira, bai, pairaturiko minak, zauriak, amesgaiztoak, ezinaren aurka borrokaturiko mila borrokaldiak. Agertzen dira ospitaleak, orbanak, muinoiak. Kasik bizidunak diren marrazkien bitartez, pantailan erakusten dira norberaren gorputz zatiak birlotu zituzten iltze, torloju eta burdin hariak.

Agertzen dira entrenatzaileak, fisioterapeutak, bikotekideak, psikologoak. Baita mekanikariak ere. Agertzen dira taldekide guztiak aulki gurpildunen gainean lasterketan, lehian eta falta zoragarri/arriskutsuak egiten. Agertzen dira epaileak. Agertzen da zeluloidezko dokumental batean noraezekoa den hori guztia. Baita kirol erreportaje batek kontatu behar duen oro ere.

Murderball-en pentsatzen genuen Anoetako errugbi partida izugarri horretan. Atera ginenean, mugikorrak abisu bat pasatu zigun. Hego Euskal Herriko pantailetan arrakasta ikaragarria izan zuen Campeones filmaren AEBetan egindako bertsioaren trailerra ikusgai zen sareetan. Javier Fesserrek bideratu zuen filma, gaitasun urritutakoen alde lan egiten duen Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalaren ikur benetakoa bilakatu ziren pertsonaia hezur eta haragizkoz betea. Campeones-en, futbola zen jokaturiko eta gozaturiko kirola. AEBetakoan, berriz, antzina errebelde izandako Robert Farrellyk zuzendutako honetan, saskibaloiarena da aukeratu duten kantxa.

Sareetan barrena genbiltzala akordatu ginen, orduantxe, hilabete barru Donostian izango den Giza Eskubideen Zinemaldiko azken-hirugarren egunean pantailaratuko den Cabeza y corazón lanaz. Eskarmentu handiko Ainhoa Andrakak eta Zuri Goikoetxeak zuzendutako dokumental honetan, kostata baina jokalekuan amore eman gabe, Tokioko Olinpiar Jokoetarako txartela lortu zuen Espainiako emakumezkoen saskibaloi selekzioaren balentria kontatzen da. Talde hartan, bi jokalari Euskal Herrikoak ziren: Gasteizko Zuzenak klubeko Agurtzane Egiluz, eta Gasteizko Vital Fundazioan bere kirol ibilbideari ekin zion Beatriz Zudaire nafarra. Filmaren kreditu tituluetan, euskal zinemaren hainbat izen garrantzi handiko: soinu kontuetan, Xanti Salvador; eta Maitane Carballo zuzeneko soinuaren arduradun.

Musika sortzaileak Jon Agirrezabalaga eta Oier Aldekoa izan ziren. Filmaren alde egin zuten Zinebi jaialdiko Vanesa Fernandezek eta Leire Apellaniz ekoizleak. Jende fina, beraz, kamera aurrean, ondoan eta atzean.

Murderball-en bezala, Cabeza y corazón horretan agertzen direnen arteko batek ere ez dio porrotari ameto ematen. Inoiz ez. Partida batzuk galdu arren, porrota ez zen inoiz gertatu. Eta elkarri ez zioten penarik adierazten. Solidaritatea bai. Konplizitatea ere bai. Errukia, aldiz, ez zen onartua.

Avironen inguruko partida osteko gogoetak gehi abisuak dira hemen idatzitako guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.