Dr. John

Budua eta psikodelia New Orleansen

Rhythm and bluesa askotariko estiloekin gurutzatzeagatik lortu zuen oihartzuna kantari eta pianista estatubatuarrak. 1970eko hamarkadan kaleratu zituen bere ibilbide oparoko lanik esanguratsuenak.

itziar ugarte irizar
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
New Orleans hiriko musika unibertsoan, enblema bat. Munduko hainbat egunkarik hala ekarri dute gogora Dr. John abeslari eta konpositorea, haren heriotzaren albistea jakitean. Atzo heldu zen berria: bihotzekoak jota hil da Dr. John, Malcolm John Rebennack sortze izenez, 77 urterekin eta bere sorterrian, New Orleansen (Louisiana, AEB).

Rhythm and bluesa rockarekin, jazzarekin, funkarekin, musika psikodelikoarekin eta abarrekin uztartzean erreferente bat izan da Dr. John; hori izan da haren lanak musikaren historian utzi duen arrasto nabarmenena. Gitarrarekin hasi zuen musikari ibilbidea, istripu batek norabidea aldarazi zion arte, 1961ean: istilu bat izan zuen pistola bat zeraman gizon batekin, Ronnie Barron teklatu jotzailea eta umetako laguna defendatzearren, eta tiro bat jaso zuen azkenean. Ezkerreko eskuko hatz bat zauritu zuen, hatz nagia. Gitarra pianoarekin ordezkatu behar izan zuen, eta, hala, eta New Orleanseko pianista entzutetsuen tradiziora batu zen, Fats Domingo, Professor Longhair eta Allen Toussainten artera.

Gris-gris (1968) albumarekin egin zuen bakarkako debuta, bluesaren eta rock psikodelikoaren uztarketan sakonduta. Babylon kaleratu zuen urtebetera, eta «apaiz budu psikodelikotzat» jo zuten orduan. Izena ere, Senegaletik heldu eta XIX. mendean apaiz budu bihurtu zen esklabo bati hartu zion. Estudioko lanetan, izen handiko musikariekin aritu zen urte horietan, Frank Zapparekin eta The Rolling Stonesekin; esaterako, azken horien Exile on Main St. lanean, 1972an. Urte berean kaleratu zuen Dr. John's Gumbo arrakastatsua, New Orleanseko klasikoen moldaketekin egindako lana. Hurrengo urtean heldu zen In The Right Place, musikariaren diskografiako beste lan nabarmenetako bat. The Black Keys taldeko Dan Auerbach abeslariak ekoitzi zuen, eta han zetorren Such a Night ospetsua, The Bandekin batera Martin Scorseseren The Last Waltz (1978) dokumentalean zabaldu zutena.

Hamaika bidelagun izan zituen musikari bidean; eta askorekin partekatu zuen oholtza, B.B. King, Aretha Franklin, Irma Thomas eta Bonnie Raittekin, horien artean. Sei bider irabazi zuen Grammy saria, eta Rock-and-Rollaren Ospearen Aretoko kide ere izendatu zuten. Duela zazpi urte kaleratu zuen estudioko azken lana, Dan Auerbachek ekoitzia hori ere: Locked Down. Halere, 2017ra arte aritu zen zuzenekoetan. Euskal Herrira duela bost urte etorri zen azkenekoz, Gasteizko Jazzaldira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.