Literatura. 'Egunaren hondarrak'

Maiordomoaren ahotsa

Egilea: Kozu Ishiguro. Itzultzaileak: Amaia Apalauza eta Iñigo Roque. Argitaletxea: Elkar.

2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Zaila da, Egunaren hondarrak-en filmerako egokitzapena ikusi ostean, Stevens protagonista Anthony Hopkins ez beste norbaiten larruan irudikatzea, hain baita dotorea aktorearen lana, Ishiguroren maiordomo gizajoari ezin hobeto atxikia. Filmak, baina, aktoreen eta gidoiaren maila gorabehera, huts egiten du, nik uste; edo behintzat urrun geratzen da liburuaren distira berezko hori atzitzetik. Izan ere, nobelak badu tasun funtsezko bat bereziki literarioa; hots, narratzailearen ahotsa, zeina nekez kabitzen den film baten off-eko ahots batean eta zeina, esango nuke, nabarmen pobreturik geratzen den eginahal horretan.

Narratzailea baita nobela honen giltzarria, obra osoa egituratzen eta funtzionarazten duen gontza, Ishiguroren beraren zigilua. Haren narratzaile guztiak dira bikainak, nik irakurritakotik, bederen, eta oraingoan ere halaxe da, batik bat hiru elementu uztartzen baititu: ahots narratzailearen jario etengabe bat, informazioaren kudeaketa zaindu bat eta estilo ezinago landu bat.

Narratzailea, Stevens maiordomoa, ez da fidatzekoa. Haren bakarrizketako gogoetek eta oroitzapenek trumilka betetzen dituzte nobelaren orrialdeak, baina irakurlea segituan ohartzen da Stevens etengabe ari dela eginak eta esanak berresten eta ukatzen, bere burua zuritu nahian bezala. Batzuetan informazioa ezkutatzen digu, besteetan sobera nabarmentzen, eta horrekin pixkanaka-pixkanaka azaleratuz doa bere diskurtsoaren atzeko egiazko kontakizuna. Jarioak ez du etenik, baina irakurleak jasotzen duen informazioa azken muturreraino neurtua dago, eta horri esker aise antzeman daiteke zer den narratzaileak kontatu nahi ez digun hori.

Gaiaren edo argumentuaren berri emateak traba egingo lioke irakurlearen esperientziari; hortaz, esan dezadan soilik kontaera hori ezin daitekeela pertsonaiatik bereiz; hautu estilistiko hutsetik harago, narratzailearen diskurtsoaren eta kontakizunaren arteko disoziazio hori bat dator pertsonaiarekin. Izan ere, Stevens neurritsua eta soraioa da, eta hori kontaerak berak esaten digu pertsonaiaren ekintzek bezainbeste.

Teknikoki akasgabea da nobela; bere barne jarioan, Stevensek ederki uztartzen ditu gogoeta, narrazioa eta pasadizo solteak. Barne bakarrizketaren lanketa horretan, Ishigurok tradizio jakin batean kokatzen du bere burua, eta ezinbestean hots egiten die Woolfi eta Joyceri. Erreferentzia garaikideagorik aipatzekotan, Vladimir Nabokov eta Thomas Bernhard datozkit gogora; Nabokoven Lolita-ko narratzailearen estilo hanpurusa eta etorria nabaritzen zaizkio Stevensi, bai eta Bernharden edozein narratzailek duen joera ere: hots, informazioa errepikatuz bezala —baina ez— aurrera egiteko gaitasuna.

Estiloari gagozkiolarik, ezin saihestuzkoa da Amaia Apalauzaren eta Iñigo Roqueren itzulpenaz aritzea. Izan ere, Stevensen hizketa moldea noblezia ingelesaren munduari dagokio, zeina gain behera baitoa nobelan bertan; horrek are gehiago arrozten eta jasotzen du, nik uste, Stevensen hizkera. Hala, bada, nobelaren fikzioa ekartzeaz gain, itzultzaileek fikzioa egin dute, arrakastaz egin ere, lord eta lady-z betetako euskara batekin. Eta ahalegin eta arrakasta txiki-handi horiek ez dira sekula behar beste zoriontzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.