Noiz sortua: 2019-12-12 00:30:00

Klima larrialdia. Europako Itun Berdea

Apustu berdea

Europako Batzordeak Itun Berdea aurkeztu du. Von der Leyenek esan du 2050erako klima neutraltasuna lortzeko xedea «Europaren 'gizakia ilargian' momentua» dela
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, atzo, Itun Berdea aurkezten.
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, atzo, Itun Berdea aurkezten. STEPHANIE LECOCQ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2019ko abenduak 12
«Oso egun berezia da gaurkoa», aitortu zuen Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Itun Berdea «Europaren gizakia ilargian momentua da», gaineratu zuen, AEBak espazioko lasterketan jarri zituen John F. Kennedyren deklarazioa gogoan.

Von der Leyenentzat eta haren Europako Batzordearentzat, atzo aurkeztutako Itun Berdeak arrazoi askorengatik du funtsezko garrantzia. Hasteko, klima larrialdia eragin globaleko kontu bat delako. Hari aurre egiteko estrategia jakinik gabe ez da Parisko Hitzarmena beteko; ez da berotze globala mugatuko. Bestalde, klimaren gaia bere agintaldiaren ezaugarri nagusietako baten gisara aurkeztu zuen Ursula Von der Leyenek, eta hori giltzarria izan zen haren izendapenarentzat Europako Parlamentuaren babesa lortzeko orduan. Ez da ahaztu behar, gainera, alderdi berdeek gaur egun aulkien ia %10 hartzen dituztela Europako Parlamentuan, eta hor ere aurkeztu zuen atzo Von der Leyenek Itun Berdea.

Horrez gain, europazale askok uste dute klima larrialdiaren kontrako borrokan apustu sendo bat egiteak Europari nolabaiteko aitzindaritza bat berreskuratzea ekarriko liokeela, eta modurik onenetako bat dela industriari ezinbestekoa izango duen astinaldia emateko. Aitzindaritzaz hitz egin zuen Von der Leyenek ere: «Lider izan nahi dugu klima aintzat hartuko duen industrian, teknologia garbietan eta finantzaketa berdean».

«Konbentzituta nago kutsaduran eta erregai fosiletan oinarritutako gure ereduarenak egin duela eta bateraezina dela gure planetarekin», esan zuen Von der Leyenek. Itun Berdea «gure hazkunde estrategia berria» izango da, eta «isuriak murrizteko, lanpostuak sortzeko eta berrikuntza sustatzeko» balio izango du. «Gure xedea da gure ekonomia gure planetarekin adiskidetzea. Adiskidetu gure ekoizteko modua, gure kontsumitzeko modua, gure planetarekin».

Edonola ere, atzo aurkeztutako Itun Berdea errealitate bihurtuko den edo asmo onen infernura doan, datozen hilabeteetan argituko da. Itunak berak jasotzen ditu neurriak lege gisa gauzatzeko epeak, eta, haiei begira, argi dago 2020. urtea oso inportantea izango dela borondatea betetzen hasten den ala ez ikusteko; Batasuneko herrialdeak —eta parlamentua— prest dauden bere egiteko Europako Batzordeak proposatutakoak. Itun Berdeak guztira 50 politika, erreforma, egitasmo eta araudi berri jasotzen ditu.

Epeak betetzeak berebiziko garrantzia du, baina funtsezkoa izango da ikustea ea badagoen dirurik neurri horiek guztiak modurik bidezkoenean ezartzeko. 100.000 milioi euroko kopurua aipatu du atzo Von der Leyenek.

KLIMA NEUTRALTASUNA

Europako Batzordeak nahi luke kontinentea isurietan neutrala izatea 2050ean —isuririk gabe—, baina horretarako derrigorrezkoa izango da tarteko epean ere isuri helburuak zorroztea. Gaur egun, Europako Batasunak bere buruari jarritako helburua da 2030erako karbono dioxido isuriak %40ko gutxitzea —1990. urteko isuriekin alderatuta—. Itun Berdeak, berriz, helburu handinahiagoa jaso du: 2030erako isuriak erdira gutxitzea; baztertu gabe murrizketa are handiagoa izan daitekeela, %55ekoa.

Gobernuz kanpoko ingurumen erakundeek, ordea, gehiago nahi lukete; adibidez, Greenpeacek. Haientzat egingarria eta egin beharrekoa da Europako Batasunak isuriak 2030erako %65 murriztea.

Helburu horiek ezartzeko, Europako Batzordeak 2020ko martxorako nahi du prest Europako Klimaren Legea —Itun Berdeko isuri helburu horiei lege izaera aitortzeko proposamena—. Baina 2030eko murrizketa helburuak geroago etorriko dira, 2020ko udarako, eta, ondoren, Batasuneko herrialdeek inpaktu ebaluazioa egin beharko lukete; beraz, gainera etorri daiteke azaroko Glasgowko (Eskozia) COP26 Goi Bilera garrantzitsua, zeinetan herrialdeek luzera begirako euren deskarbonizazio plan nazionalak aurkeztu behar dituzten.

ENERGIA

Funtsezkoa izango da energiaren sorkuntza ahalik eta bizkorren deskarbonizatzea, eta energiaren erabilera ahalik eta eraginkorrena egitea. Lan horietan Itun Berdeak gidaritza aitortzen dio Europako Batzordeari. Batzordeak energiaren inguruko zuzentarauak berrikusiko ditu beste hainbatekin batera, 2021. urteko ekainean.

Batzordeari tokatu zaio estatuen behin betiko energia eta ingurumen planak gainbegiratzea ere —oraindik zirriborro dira—. Beharrezkoa balitz, «anbizio hutsuneren» bat balego plan horietan, ez da baztertzen hutsune hori betearazteko batasun mailako beste tresnaren bat garatzea.

MUGIKORTASUNA

Emisioak murrizteko indarrean dagoen mekanismoetako bat da isurketa eskubideen merkatua, zeinak Europako 12.000 fabrika kutsatzaileenak barneratzen dituen: findegiak, zementu fabrikak eta abar. Eskubide mugatuen bitartez, isuriei muga bat jartzen die merkatuak, eta haien salerosketarekin eraginkortasun energetikoa bultzatzea ere bada helburua. Isurketa eskubideen prezioak erabat baldintzatzen du merkatu horren eraginkortasuna, eta Itun Berdeak haren erreforma bat iragarri du, hain zuzen isurketak garestitzeko.

Eta Itun Berdearen asmoen artean dago itsas garraioa ere mekanismo horretan ezartzea. Aipatu da, gainera, aurrerago agian errepide garraioa bera ere merkatu horretan sartuko dela. Garraio sistema adimentsu eta jasangarrirako estrategia 2020rako nahi du Itun Berdeak, «garraio sektorearen isuri guztiak kudeatzeko».

Horrez gain, errepide garraioa ukituko duten neurri gehiago ere izango dira. «Garraioaren prezioak ingurumenean eta osasunean duen inpaktua islatu behar du», Itun Berdearen arabera. Errekuntzako motorrentzat jada gogortzen ari diren isuri mugak beste behin ere zorroztuko dituela dio batzordeak, eta «azken aldiz izango da, zero emisioko mugikortasunerako erabateko jauziaren aurretik». Itun Berdeak «errepideen salneurri eraginkorra» ere aipatu du, merkantzia astunen garraioari begira eta Eurobinetari erreferentzia eginez, eta Batzordeak gaiaz proposamen «handinahiak» egingo dituela dio.

Hegazkinen isuriak ere murriztu nahi ditu Itun Berdeak; besteak beste, aire konpainiei CO2 isurtzeko eskubideen kopurua murriztu nahi die Europako Batzordeak. Ez du aipamenik egiten, ordea, kerosenoa zamatuko lukeen zerga berdeari buruz.

EKOSISTEMAK, ELIKAGAIAK ETA BIODIBERTSITATEA

Ingurumena zaindu eta berreskuratzeko neurriak ere proposatzen ditu itunak. Besteak beste, Europa basoberritzeko plan bat egingo du Batzordeak. Eta, From farm to fork (baserritik sardexkara) izenpean, «ziurtatuko» duNekazaritza Politika Bateratuan herrialdeek anbiziozko ingurumen helburuak izango dituztela. Pestizidentzat alternatibak bilatzea, elikagaiei buruzko herritarrentzako informazioa hobetzea; janaria alferrik ez galtzeko neurriak... Datorren urte amaieran horien inguruko neurri zehatzak iritsiko lirateke. Karbono isuriez aparteko kutsadurari dagokionez, airearen eta uren kutsadura hobeto monitorizatzeko eta murrizteko araudiak moldatzea ere aurreikusten du Itun Berdeak.

ZERGAK, LAGUNTZAK ETA MUGA ZERGAK

Europan ingurumenari buruzko zerga sistemak hartu behar duen bideaz ere asko hitz egin da azkenaldian. Zergak dira isuriak murrizteko beste mekanismo bat, «prezio eta kostu zuzenen seinaleak» emateko modua. Itun Berdeak, besteak beste, Energiaren Zergapetzearen Zuzentaraua berrikusteko asmoa agertu du, hura isurien murrizketarako helburu berriekin bateratzeko. Eta xede berarekin berrikusiko dute ingurumen eta energiarako estatuei laguntzeko araudia.

INBERTSIO PLANAK ETA BIDEZKO TRANTSIZIOA

Batzordearen arabera, urtero 260.000 milioiko inbertsio gehigarri bat egin beharko da 2030erako helburuak betetzeko. EIB Europako Inbertsio Bankua tresna garrantzitsua izango da Itun Berdean jasotakoak betetzeko. Dagoeneko EIBri mugatu egin zaio erregai fosilen inguruko inbertsioa finantzatzeko epea; 2021. urtean amaituko dira halakoak. Eta, horrez gain, EIB nolabaiteko banku klimatikoa bihurtu nahi dute, 2025. urterako bankuaren finantzaketaren erdia berdea izatea.

«Zenbaitek transformazio honen kostu handia aipatzen dute», esan zien Von der Leyenek atzo Europako parlamentarioei, «baina ez ezazue ahaztu zenbateko kostua lukeen ezer ez egiteak».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©Berria

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.066 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 737 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.948 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Langile bat, Donostiako Bulebarra desinfektatzen, joan den astean. ©Jagoba Manterola / Foku

Beheranzko joera sumatu dute hildakoen eta kutsatuen kopuruetan

Berria

Martxoaren 21az geroztik SARS-CoV-2 birusaren kasu berri gutxien atzeman duten eguna izan da atzokoa Euskal Herrian. Testa egin gabe ari dira alta ematen gaitzak jotako osasun langileei.

Emakume bat maskara eta eskularruak jantzita, atzo, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Pixkana behera doaz Euskal Herriko hildakoen eta kutsatzeen kopuruak

Maddi Ane Txoperena Iribarren - Paulo Ostolaza

Beste 375 kutsatze eta 42 heriotza erregistratu zituzten atzo. Madrilek test azkarrak ekarri ditu Hego Euskal Herrira, baina horietan negatibo eman eta sintomak dituzten eriei PCR probak eginen dizkiete

 ©LUIS TEJIDO / EFE

«Krisiak gordin-gordin erakutsi digu egungo sistemaren gabezia»

Enekoitz Esnaola

Gorrotxategik dio euskal gizartea ez dagoela prestatua koronabirusaren krisiari aurre egiteko, eta horretan zerikusia dutela aurreko krisi ekonomikoko neurriek. Alor publikoa indartzearen alde mintzatu da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna