Albistea entzun

PENTSALDIAN

Lehen mailako arreta

Felix Zubia - Donostia ospitaleko ZIUko medikua

2022ko ekainak 14

Azken egunetan izandako adierazpenek berriz ere erdigunera ekarri dute Lehen Mailako Arretaren auzia. Sortu den ika-mika albora utzita, arazoaz dudan ikuspegia ematera noa, espainiar estatu guztian dagoen arazoa, eta Europako beste herrialde askotan ere bai. Hori baino lehen, gogora dezagun Lehen Mailako Arreta dela osasun sistemaren oinarria, osasun sistema publikoa posible egiten duena, berdintasuna ziurtatzen duena, eta ezinbestean zaindu beharko genukeena.

Arazoa sorgin-gurpil baten barruan dagoela iruditzen zait, elkar elikatzen duten faktore asko egonik, eta erremedio errazik gabea. Bazetorrela ere ikusten zen, baina, eta behar ziren neurri asko ez dira hartu, dagokien agintarien aldetik.

Lehenik, familia medikuen zahartzea gertatu da. Asko dira azken urteotan erretiroa hartu dutenak, eta asko hurrengo urteetan erretiratuko direnak. Pentsatzekoa denez, erreleborik ez bada, mediku falta sortu da eta sortuko da.

Hauek ordezkatzeko medikuak behar dira, eta fakultateetan sortzen dira medikuak. Hauek, ordea, ez dute familia mediku izan nahi. Egin berri den BAME azterketan (MIR gazteleraz), familia mediku plaza asko bete gabe geratu dira, zenbait lurraldetan kopuru handian. Beraz, espezialitatea ez da erakargarri egun, eta hor dago koxka handiena.

Zergatik ez da erakargarri? Ez dut uste arazo nagusiena soldata denik, jasotzen den dirua, lanaren baldintzak eta jarduera baizik. Batetik, denbora oso murritza izaten da paziente bakoitza ikusteko, eta horrela lan egitea nekeza da. Bestetik, lan burokratiko asko egin beharra dauka familia medikuak, osasun arretari kentzen zaion denbora. Borobiltzeko, medikurik gazteenei ez zaie egonkortasunik eman, ez kontratuen iraupenean, ez eta toki berean egindako lanean. Ezin da familia mediku lana ondo egin gaur Lezon, bihar Oiartzunen eta etzi Errenterian egonda. Eta mediku gutxiegi badaude, eta gutxiagoren artean lan gehiago egin behar bada, arazoa handitu egiten da, lana are eta astunagoa eginez.

Eta azkenik, prestigioaren gaia dago; familia medikua bigarren mailako mediku balitz bezala hartzen dugu, sistemaren oinarri denean. Familia medikua ni bezain espezialista da, berak egiten du posible gaixo kronikoen jarraipena, gaitzen prebentzioa, eta arrisku faktore askoren kontrola. Askotan goraipatzen dugun edozein botika berrik baino bizitza gehiago ateratzen ditu aurrera familia medikuak. Eta hau ikusarazi beharra dago, hasi medikuntza fakultateetatik, pasa komunikabideetatik, eta herritarrekin bukatuz. Prestigiorik ez bada, ez da erakargarri izango, eta erakargarri ez bada, ez da familia medikurik izango.

Erremedio magikorik ez dela jakinik, epe ertaineko plangintza eskatzen du arazoak. Duen garrantzia aitortu, nora joan nahi dugun jakin, eta aurrekontua eskaini. Hau egin ezean, osasun sistemaren oinarria eroriko zaigu, eta beste medikuok ere ezingo dugu lana ondo egin.

P.S: mesedez, ez sartu hizkuntzaren kontua gai honetan, auzo-lotsa eragiten duzue eta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakume bat maskararekin paseatzen, Donostian. ©GORKA RUBIO/FOKU

COVID-19arekin hildakoak eta positibo eman dutenak gutxituz doaz etengabe

Jone Arruabarrena

Astetik astera, nabarmen jaisten ari dira kopuruak; oraingoan, 31 hildako izan dira, eta 1.881 positibo.

Aragoiko kanala. ©Javier Cebollada / EFE

Hilik aurkitu dute atzotik desagertuta zegoen Ribaforadako bizilaguna

Berria

Zaragozako Novallas (Aragoi) herrian aurkitu dute 82 urteko gizonaren gorpua.

Tuterako Santanak, artxiboko argazkian. ©TUTERAKO UDALA

Hil egin da Tuterako entzierro batean larri zauritutako gizona

Berria

74 urte zituen, eta uztailaren 26ko entzierroan zauritu zen.

BU-520 errepideko 2. kilometroa, Burgos ©Google Maps

Hiru gazte hil dira asteburuan trafiko istripuz

Lide Egizala Urteaga

Barakaldoko 20 urteko bi gazte hil ziren larunbat gauean. Igandean, berriz, Astigarragako gazte bat hil zen Pirinioetan, moto istripu batean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...