Espetxeaz eta gaixotasunaz

'Tipularen sehaska kanta'-k kartzela eta gaixotasuna ditu ardatz. Dirua biltzeko kanpaina abian da

Tipularen sehaska kanta dokumentaleko fotograma bat. LANDER GARRO.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun

«Kartzelak nola sendatuko zaitu, kartzelak berak gaixotzen bazaitu». Horrela dio Tipularen sehaska kanta dokumentaleko testigantzetako batek. Miguel Hernandez poetaren izen bereko poema abiapuntu, gaixotasuna eta espetxea batzen ditu ikus-entzunezkoak: espetxearen gordinean gaitz mental eta fisikoekin bizitzea zer den. Sarek eta Gastibeltzak ekoiztu eta Lander Garrok zuzendu du dokumentala, eta orain finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu dute filmaren diru kostuak ordaintzeko.

[YouTube]https://youtu.be/3nERKm_sqdg[/YouTube]

Asmo argia du dokumentalak: larriki gaixo dauden presoen errealitatea eta haien eguneroko egoera argitara ateratzea. Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramailearen hitzetan, kartzela eta gaixotasun larriak ez baitira bateragarriak: «Gaixotasun sendaezin eta degeneratiboez ari gara, eta ikusi da kartzelak, presoak gaixotzeaz gain, gaixotasunak areagotu ere egiten dituela». Horregatik egin dute ikus-entzunezkoa: errealitate hori ikusarazteko asmoz. Egun, larriki eri diren hemeretzi euskal preso daude espetxean, eta, Oiarzabalek nabarmendu duenez, legea eskuan eta neurri arruntak hartuta, kalean behar lukete jada.

Testigantzak dira dokumentalaren haria, bai presoenak eta baita haien hurbileko sareenak ere. Lander Garro zuzendariaren hitzetan, hain zuzen, presoa kartzelan sartu eta gaixotzean, sare oso bat jartzen da martxan haren arta bermatzeko: «Interesgarria iruditzen zitzaidan kate horren katebegi izan diren denekin hitz egitea; presoekin, medikuekin, psikologoekin...».

Kartzela nola erakutsi, ziega nola irudikatu: hori izan du Garrok lan prozesuan buruhausterik handiena. Izan ere, normalean kartzela irudikatzeko erabiltzen diren figura horiei izkin egin nahi izan die. «Komentuak, eraikin zaharrak... horiek filmatuz transmititzen da kartzela barruan presoak sentitzen duena, normalean. Beste modu bat bilatzen saiatu naiz presoak sentitzen duen isolamendu eta ikara hori erakusteko».

Alde estetikoaz harago, dokumentala politikoa dela nabarmendu du Garrok. «Bertan agertzen diren pertsonek zuzenean salatzen dute klase politikoa. Pelikula esplizitua da: gauzak ez dira iradokitzen, esan egiten dira». Oiarzabalek ere hori azpimarratu du; benetako bizipenak ageri direla: «Asko enpatizatzeko aukera ematen du, eta gaia gerturatzeko».

Udazkenari begira

Egun, dokumentala bukatze bidean dago: azken xehetasunak fintzea bakarrik falta da. Udazkenean aurkeztu asmo dute, eta ondotik helburua herriz herri zabaltzea dela nabarmendu du Oiarzabalek. «Herritarrek pelikula ikusi dezaten nahi dugu, jakiteko zer den horrela bizitzea, eta sentitu dezaten preso gaixo larrien errealitatea aldatu egin behar dela». Oraindik ere egin daiteke ekarpena, sareko Verkami plataforman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.