«Egia nahi dut, izan bizirik edo hilik daudela»

Mohamed eta Betxir semeak desagertuak ditu Hajes Ayatxik; 11 urte dira Tunisiatik Italiara alde egin zutela. Bi herrion pasibotasuna salatu du: «Ez dituzte gure gazteak bilatu».

Hajer Ayatxi, uztailean, Mugak Zabalduz karabanan. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Turin
2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
«Ama bat naiz; nire bi semeen bila nabil». Horrela aurkeztu du bere burua Hajer Ayatxik, Mugak Zabalduz karabanaren ekitaldietan hitza hartu duenean. Tunisiakoa da, 61 urte ditu, eta 2011n bizitza aldatu zitzaion: Mohamed eta Betxir semeak desagertu egin ziren Italiarako bidean. Memoriaren izaran brodatutako izenetako bi dira haienak, eta izenok biziz janztea egokitu zaio amari: desagertuen bidegabekeria salatzeko, Carovane Migranti taldeak gonbidatutako lekukoetako bat da Ayatxi. «Krimen hauek amaitzea nahi dugu, eta mugak zabaltzea: pertsona guztiek dute migratzeko eskubidea berdintasunez, justiziaz eta askatasunez».

«Auzoko beste gazte batzuekin alde egin zuten. Bizi hobea nahi zuten». Ayatxik gogoratu duenez, migrazio bidea batera abiatu zuten bi anaiek; 25 urte zituen Mohamedek, eta 22 Betxirek. «Ontzi batera igo ziren, ezezagunerako bidean. Ez genuen besterik jakin». Semeen mezurik ez du jaso 11 urteotan. Informazioa ere, tantaka. Baina irmo dio ez zirela Mediterraneoan galdu: «Itsasoratu eta bizpahiru egunetara, Interneteko albisteek esan zuten 22 klandestino lurreratu zirela Italian, Pantelleria irlan. Martxoaren 2a zen. Seguru nago Italiara iritsi zirela; ez daude itsasoan». Hortik aurrera zer gertatu zitzaien ez daki: «Italian desagertu ziren».

Ez da kasu bakarra: Tunisiako ehunka gazte desagertu direla dio Ayatxik. Haien senideak, batez ere amak, antolatu egin dira, baina isiltasunez erantzun diete: «Tunisiako Presidentetzaren eta Italiako enbaxadaren aurrean manifestazioak egin ditugu, baina ez digute jaramonik egin. Gobernuek ez gaituzte entzun, ez dituzte gure gazteak bilatu». Eta jarrera horrek hainbat susmo piztu dizkie. 2011n bertan Italiako eta Tunisiako gobernuek sinatutako akordio bati erreparatu dio Ayatxik: «Ez dakigu zer adostu zuten, ez digute esan. Baina ordutik gazte asko desagertu dira. Guk uste dugu gure seme-alabak saldu dituztela, adibidez, gerrara eramateko, Siriara edo Irakera».

Itxaropenez

Seme-alaben bila Europara joatea ere ez da erraza Ayatxirentzat eta gainerako andreentzat: «Migratzaileak atxikitzeko zentroak bisitatzen saiatu gara, baina ez da erraza. Abokatuekin gabiltza, DNA laginak hartu dizkigute». Bitartean, sufrimendua arindu ezinik dabiltza senideak: «Asko gaixo daude, ezin dira lekualdatu; beste asko hil egin dira haien seme-alabez jakin gabe». Itxaropena duela dio, halere, Ayatxik: «Bila jarraituko dut. Egia nahi dut, izan bizirik daudela, izan hilik daudela. Onerako zein txarrerako prestatua nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.