Zigorgabetasuna Tarajalen

Guardia Zibilak Tarajalgo hondartzan hil zituen iheslarien gertaeratik bost urte pasatu badira ere, oraindik ez dute inor zigortu. Bitan artxibatutako auzia berriz zabaldu dute, baina epaileak lekukoen testigantzen zain daude epaia emateko.

Ceutako Tarajal hondartzako argazkia. Marokoko eta Espainiako muga banatzen duen hesiaren kai muturra ikus daiteke atzean. BERRIA.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Samba, Daouda, Armand, Yves, Larios, Ousmane, Keita, Roger Chimie, Blaise, Youssouf, Jeannot, Oumarou eta Luc. Tarajalen hil zituzten lagunen izenak dira. Hamabosgarrena identifikatu gabe dago oraindik. Hervek bere begiekin ikusi zuen dena: «Guardia Zibilak ondo-ondotik tirokatu gintuen. Ohartu orduko bost gorpu ikusi nituen ur gainean».

Herve Kamerunen jaio zen, 1992an, eta 2014ko otsailaren 6ko egunsenti hura iltzatuta geratu zaio: «Goizaldeko bostetan abiatu ginen mugara. Ceutara iristean bi guardia zibil ikusi genituen, bat behatokian eta bestea hondartzaren parean, patruilatzen, hesiaren bestaldean. Itsasoan sartu ginenean, hondartzako guardia zibila negarra eragiteko gasa botatzen hasi zen, eta halako apar bat sortu zen. Lagun asko ito ziren, eta uretan zeudenei ere tiroka hasi zitzaizkien».

Hervek 22 urte zituen, eta goizalde hartan hesia kai muturretik zeharkatzen saiatu ziren 200 bat iheslarietako bat zen. Hiru urte zeramatzan muga zeharkatzeko ahalegina egiten, itsasotik batzuetan edo hesitik besteetan, baina egun horretako saialdia ere antzua izan zen. Uretan oihukatzen hasi ziren, laguntza eske; baina laguntza jaso beharrean, tiroak eta kolpeak jaso zituzten: «Oraindik ikusten ditut hilotzak hondartzan etzanda».

Guardia zibilek gomazko pilotekin eta ke poteekin egin zieten tiro immigranteei. Orotara, hamabost lagun hil ziren uretan. Marokoko uretan hamar lagunen gorpuak agertu ziren, eta beste bostenak Espainiakoetan. Bost horien heriotzagatik hamasei guardia zibil inputatu zituzten.

Hervek justizia eskatzen du. «Tarajalen hil zituzten iheslarien memorian hitz egiten dut. Egunero akordatzen naiz haiekin, eta, nire lekukotasuna ematen badut, beraiengatik da, ez niregatik». Urtebete geroago lortu zuen egun hartan lortu ez zuena: «2015eko apirilean lortu nuen. Zodiac batean egin genuen zeharkaldia. Tarifan lehorreratu ginen».

Tarajalen zenbat hil ziren ez dago jakiterik. «Itsasoak urrun eraman zituen batzuk, eta itsas hondarrean geratu ziren beste batzuk». Gogoan du, halaber, Espainiak 23 iheslari momentuan bertan itzuli zituztela mugaren bestaldera; tartean, zaurituak.

Bitan artxibatutako auzia

Ikerketaren arabera, 56 guardia zibilek hartu zuten parte operazioan, alerta ezarri eta agente gehiago mobilizatuta; orotara,gomazko 145 bala eta bost ke poto jaurti zizkieten uretan zeuden iheslariei. Patricia Fernandez Auzokideak Koordinakunde gobernuz kanpoko erakundeko abokatuak auzia zertan den azaldu du: «Urtebete baino gehiago igaro zen aurreneko deklarazioak hartu zituztenerako, eta instrukzio epaileak, indarkeriaren erabilera legitimatuz, kausa artxibatu zuen».

Ceutako Lehen Auzialdiko Epaitegiak 2015eko urrian artxibatu zuen auzia, eta ondorioztatuguardia zibilek ez zutela erantzukizunik izan, uretan zeuden immigranteak ez zeudelako arriskuan eta, hortaz, ez zitzaielako zertan lagundu. Agenteek arduragabekeriaz aritu izana ere ukatu zuten epaileek. Espainiako PPko agintariek ere hasieran guardia zibilek izandako jokaera ukatu zuten, nahiz eta gerora aitortu behar izan zuten istiluen aurkako materiala erabili zutela.

Fernandezek zehaztu du gobernuz kanpoko hainbat erakundek helegitea aurkeztu zutela eta auzitegiak, 2017ko urtarrilean, auzia berriz ikertzea erabaki zuela: «Epaileek auziaren izaera humanoa, soziala eta juridikoa nabarmendu zuten, baina, bide horrek ere ez zuen aurrera egin». Cadizko Probintzia Auzitegiak, baina, iazko abuztuan auzia berriz irekitzea erabaki zuen. «Ceutako epaitegiak ez zuela ikerketa amaitu ebatzi zuten epaileek, eskatutako probak ez zirelako burutu». Orain bizirik dauden lekukoen testigantzak jasotzeko zain daude epaileak. Egun Alemanian bizi diren bi lekukori deklarazioa hartzekoak dira.

Duintasunaren VI. Martxa

Ceutan Duintasunaren VI. Martxa egingo dute gaur arratsaldean gertatutakoa ez ahazteko. Tarajalen manifestu bat irakurriko dute 17:00etan. Unean bertan egiten diren itzulketak legez kanpokoak direla salatzean jarriko dute aurten indarra. Fernandezen hitzetan giza eskubideak ardatz dituzten migrazio politikak garatu behar dira: «Tarajal ikusezinak gertatzen ari dira».

Mediterraneoan gertatzen ari denaz ari da. Erreskate ontzirik gabe, heriotzek ez dute lekukorik, eta egunero tragedia bat gertatzen ari da itsasoan. Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak jakinarazi du hegoaldeko mugan, itsasartean, 1.064 lagun hil zirela iaz, azken bost urteetan bezainbeste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.