Eskoziako Parlamentuaren galdeketarako eskumenez ebatziko dute

ander perez zala
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Eskozian 2014an egin zuten independentzia erreferenduma antolatzeko, Edinburgok Erresuma Batuaren partetik jaso zituen horretarako eskumenak, 30 Sekzioaren bitartez; legezko tresna bat da, Eskoziako Parlamentuari galdeketa antolatzeko baimena ematen diona. Egun, balizko bigarren erreferendumari begira, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak bide bera egin nahi du, baina brexit-a gauzatu izanak eta Boris Johnson Erresuma Batuko gobernuburuaren etenik gabeko ezezkoak beste estrategia baten beharra dagoelako ustea zabaldu dute militante askoren artean. Horren harira, Martin J. Keatings ekintzaileak auzitara eraman du independentziazaleen artean eztabaidatzen ari diren aukeretako bat: Edinburgok Londresen baimenik gabe antolatu dezakeela galdeketa.

Eskoziako Saio Auzitegian atzo hasi zuten horri buruzko saioa, eta Alisa Carmichael epaileak gaur arte entzungo ditu bi aldeen argudioak. Aidan O'Neill abokatuak Keatingsen tesia defendatu zuen, argudiatuz parlamentuak Eskoziako herritarren partetik jasotzen duela zilegitasuna, ez Westminstertik.

Are: O'Neillen iritziz, kasu horretatik aterako den ebazpenak ez du Eskoziako Parlamentua bide bat hartzera behartuko, «soilik adieraziko baitio» legeak zer dioen: «Ez badugu jakiten zer dioen legeak, ezingo dugu aukeratu zer alderdiren alde egingo dugun [maiatzeko hauteskundeetan]».

Gorenera jotzeko prest

Keatingsek dirua biltzeko bi kanpaina abiatu zituen epaiketaren gastuak finantzatzeko, eta, orotara, ia 260.000 euro bildu ditu. Epaileak ezezkoa emango balu, ekintzaileak jada ohartarazia du Erresuma Batuko Auzitegi Gorenera joko duela; aldiz, baiezkoak irabaziko balu, nabarmen erraztuko lioke Sturgeoni.

Epaileak ez du zehaztu noiz jakinaraziko duen ebazpena, baina zehaztu du nahiago duela «egun batzuetan erabaki aste batzuetan baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.