inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Azterketak euskaraz

2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Iaz utzi zien, baina aurten Bordeleko Errektoretzak kolpea jo du mahai gainean, eta Seaskako 180 ikaslek euskaraz egindako brebetako zientziako azterketak bahitu, eta ez zuzentzeko agindua eman die horretan ari zirenei. Euskararen aurka zuzenki eta propio hartutako erabakia da, eta ezinegon eta nahigabe handia sortuko du ikasleen eta euren senideen artean.

Kolegio amaierako proba horrekin ez ezik, antzeko arazoa dute Seaskako ikasleek —bretoieraz ari diren Diwan eskolakoek ere— unibertsitatera sartzeko Baxoarekin ere. Frantziako sistemak ez dauka asmorik hizkuntza gutxituei dagokien tokia eskaintzeko. Eta, hori ikusirik, zilegia, beharrezkoa eta txalotzekoa da eragileek bultzatzea eta tentsioa sortzea administrazioak onartu arte euskarak eta beste hizkuntza gutxituek ere badutela eskubidea zientzietan, matematiketan edota beste edozein irakasgaitan present egoteko.

François Hollandek 2015ean agindu zuen lege bat Europako Hizkuntz Gutxituen Gutuna bere gain hartzeko, baina eztabaida parlamentura eraman bezain laster, eskuineko blokeak eten egin zuen proiektua. Eskola aspalditik da tresna bat Ipar Euskal Herriko haurrak frantsesteko. Gaur egun, baina, ezinbestekoa da desagertzeko arriskuan diren hizkuntza zapalduak salbatzeko. Eta Frantziak ardura politiko eta historiko zuzena dauka zeregin horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.