Pultsuari eutsi behar diogu oraindik

Manuel Garcia-Bengoetxea
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Pandemiaren une erabakigarrian gaude; gauzak ondo ez baditugu egiten, orain arte egindako ahalegin guztia alferrikakoa izan daiteke. Nekatuta gaude, baina birusari pultsua eutsi behar diogu oraindik.

Hau ez da jolas bat, inor ez da esajeratzen ari, ikusi dugu birus hau zer abiadatan hedatzen den eta zer nahasmen sor ditzaken gure gorputzean. Begiratu besterik ez dago zer heriotza tasa eragiteko gai den. Herritarron %100ek arriskuan jarraitzen dugu, eta %100ek hartu behar dugu konpromisoa: gomendioei zorroztasunez jarraitzea. Ezin dugu gaixotasuna hedatzea erraztu dezakeen keinurik egin, askatasunaren, komenigarritasunaren edo, besterik gabe, iritzi pertsonalaren izenean.

Adituek alderdi asko izan dituzte kontuan erabakiak hartzerakoan eta gomendioak egiterakoan; hala nola etxetik ateratzeko dugun beharra, alderdi sozioekonomikoak eta, nola ez, epidemiologikoak. Ezinezkoa da guzti-guztion beharrei eta berezitasunei erantzutea. Horregatik bete behar ditugu adituek esandakoak, adituak direlako eta, akatsak akats, gu guztiontzat hoberena dena egiten saiatzen ari direlako. Ados egon gaitezke ala ez neurriekin, baina bistakoa da emaitzak eman dituztela. Duela aste batzuk baino hobeto gaude.

Arduraren garaia da, maila pertsonalean eta kolektiboan; honetan ez digu balio ardurak besteen gain uzteak, ezta arauak hausteak ere, gustuko ez ditugulako edo ez direlako gure beharretara egokitzen; gure jarreraren menpe dago norberaren segurtasuna eta denona. Zenbat eta seguruago egon guztiok, seguruago egongo naiz ni. Ezin gara arduragabeak izan. Garestiegia da trukean eman beharko duguna.

Osasun langileentzat oso momentu zaila da. Denek lan ikaragarria egin dute, eta asko arrisku bizian izan dira, gutxienez 55 mediku hil dira, guztira 70 osasun langile baino gehiago, eta milaka lankide gaixotu dira bidean. Zerbitzu guztietan (lehen mailako arreta, larrialdiak...) ahalegin fisiko eta psikiko neurrigabea eta ordainezina egin da; ez herritarrok, ez osasun langileok, ez sistemak, ezin dio aurre egin bizi izan dugunaren neurriko beste egoera bati.

Hilabete batzuk behar ditugu, urtebete, agente infekzioso berri horri buruzko ikerketak behar adina argi eman dezan terapeutika zehatz bat lortu eta gaur egungoa bezalako beste egoera bat ez errepikatzeko. Pentsa dezagun birusaren hedapen bizkorraren arrazoi sakonenak ulertuta, eta baliabide kliniko eta terapeutikoak eskura izanda, etorkizun hurbilean infekzioa kontrolatu ahal izango dugula. Bien bitartean, jarrai dezagun mantrarekin: «eskuak garbitu, distantzia, maskara». Zuhurtzia erabatekoa.

Laburbilduz, ez dezagun ardura besteen gain utzi, DENOK, salbuespenik gabe, jarraitu behar ditugu gomendioak, ez dezagun pentsa besteentzat baino ez direnik. Ezin gara erlaxatu. Lehen bataila atzean uzten ari gara, baina hemen ez da ezer amaitu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.