Kartzela. Ateratzeko baliabideak

Ate astuna ireki behar da

Nekez egiten dute preso askok kartzela utzi osteko bidea; zigorra arintzeko urratsak egitea ez da erraza, eta bide aski arazotsuetan korapilo bat gehiago da maiz espetxea.

CC0.
arantxa iraola
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Zirrara sortzen du espetxeak. Zaratek: «Ateen soinu metalikoa: klan-klan». Usainek: «Usaindu ere egiten da kartzela». Barruan daudenen abegikortasun artegak: «Hainbat preso, besterik gabe, guri eskua ematera datoz: gu ikustera». Gizakia Helburu proiektuko terapeuta da Koldobika Gomez Azkarraga, usu egiten du kartzelarako bidea, eta argi utzi nahi du han sartzen den bakoitzean sortzen zaizkion sentimenduen larritasuna, barruko giroa irudikatzeko: gotorra. Behin sartuta, ez da erraza ateratzea: ate astunak ireki behar dituzte presoek. Ateratzeko aurrena, gizartean nor izateko gero.

Horiek horrela, murru artera begira hasi aurretik sortzen da lehen galdera: aski ahalegin egiten da kartzela zigorrak saihesteko?Ezezkotan dira ESEN sarean batuta Euskal Herriko espetxeetan diharduten elkarteetako ordezkariek. «Bertan dihardugunok pentsatzen dugu espetxean dauden pertsona askok ez luketela preso bukatu behar», azaldu du Arrats elkarteko gizarte langile Haizea Baltasar Arregik. Bat dator elkarteko lehendakari Joxemari Larrañaga: «Espetxean daude kanpoan gaizki lan egin delako: ordezko aukera egokiak ez direlako planteatu». Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko presidente Iñaki Subijanak ere aitortu du arlo horretan oraindik hobekuntzak egin behar direla. Izan ere, espetxea saihesteko erak badira: kondena etetekoak. Baina sarri ez dira egoki erabiltzen, ez delako akusatuaren egoera behar bezain ondo aztertzen, ulertzen: «Buruko nahasmenduak, mendekotasunak, bazterkeria egoera... Horiek guztiak aintzat hartu behar dira pertsona bat epaitu aurretik; izan ere, elementu horiek lagunduko digute pertsona horren errealitateari doi erantzuten, eta hor bada zer landua». Kartzeletan buruko eritasunek duten prebalentziak, adibidez, argi uzten du hor sarritan dagoen lanketa falta. EAEko Arartekoak ere gogora ekarri du iazko txostenean: espetxearen ordezko tratamenduen aukerak «dibertsifikatu» behar dira.

Martuteneko espetxeko mediku Arantxa Bengoak usu ikusten du halakoen premia: jendea tratatzen hasi orduko. «Heltzen zaigu jendea buruko arazoekin. Eta maiz ikusten duzu kartzelara ekarri duen prozesu judizial osoan auzitegi mediku batek ere ez duela aztertu pertsona hori. Ez epaileak, ez abokatuak: inork ez du horretarako erarik egin». Osakidetzak darama kartzeletako osasun arta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroako Gobernuak eskuduntza hori ez du lortu oraindik. Baina muinekoa da arazoa, eskuduntzez haragokoa: pertsona eriak eta mendekoak egoki artatzeko tokia ez da espetxea, eta bazterkeria egoera gordinetatik datozenek ere arta osoagoa behar dute. Behin kartzelan sartuta, ordea, zaila izaten da kanporako bidea egitea. Baimenetan izaten dute lehen esperantza askotan presoek; oro har, zigorraren laurdena bete ostean has daitezke horrelakoak eskatzen. Askatasun egun horietan nora joan ere ez dute izaten, ordea, sarri. Eta askotan hortxe egiten dute presoekiko lehen hurbilketa haiei laguntzeko elkarteek. «Abaroa ematen diegu baimen horietan», azaldu du Baltasarrek. Etxebizitzak-eta badituzte, hain zuzen ere, horretarako. Eta erregimen irekirako lanketak abiatzen dira askotan lehenbiziko baimen horietan. «Hasten gara aztertzen, adibidez, egin ote daitekeen hirugarren gradu baterako planteamendu bat». Nahi izatea, ordea, ez da aski izaten: ezezko erantzunak ere izaten dituzte presoek kartzeletako tratamendu batzordeen partetik. «Hain justu, espetxe bakoitza mundu bat da. Batzuk oso paternalistak dira; besteak, oso legalistak», esplikatu du Larrañagak.

Zenbait preso talderengana heltzea zaila da: espetxe egiturak berak bakartu egiten ditu. Zaballako kartzelaren gisako espetxe handietan, esaterako, errespetu moduluan joriago aritzen direla onartu du Baltasarrek, preso otzanenekin: presondegiko arduradunen aburuz, ateratzeko aukera egokienak dituzten horiekin. «Eta galdutzat ematen diren preso horiek hor egongo dira; oso zaila da horiekin zerbait egitea. Izan ere, haiek dauden moduluaren egiturak berak horretara zaramatza. Hortik ateratzea zaila da». Modulu batean edo bestean, «arnasa» hartzeko modua ereezberdina dela onartu du: «Errespetu moduluan, adibidez, giroa asko aldatzen da. Ateak irekita daude, kiroldegira joan zaitezke... Eta ez luke horrela izan behar, baina toki batean edo bestean egoteak baldintzatu egiten ditu zure gizarteratzeko prozesua, eta zure ateratzeko aukerak».

Hitza emanda

Zuztartuta daude espetxetik ateratzeko zenbait bide: esaterako, Gizakia Helburuk —eta arloan ari diren beste hainbat elkartek— eskaintzen dutena. Hirugarren gradua lor dezakete mendekotasunen bat duten presoek, mendekotasun hori uzteko programa bat betetzeko konpromisoa hartzen badute, eta aurretik kartzela barruan horren gaineko lanketa bat egiten hasten badira. Eta ez da erraza, zeren eta kartzela barruan ere hartzen baitira drogak. Erruz. «Droga hor dago, ukaezina da hori. Presoei egiten zaizkien odol azterketek ere argi uzten dute hori. Bada jendea egunero kontsumitzen duena, eta droga salerosketan ere ibiltzen dena. Nola den posible? Ez dakit, baina hori hor dago». Arantxa Elorza abokatua da Gizakia Helburun; kartzelara maiz sartzen da, eta hirugarren graduan ateratzen dituztenen bila joatea tokatzen zaio maiz. Hunkitu egiten da oroitzean: «Erdi galduta ateratzen dira askotan, oraindik ere espetxeko munduan oso sartuta. Ez da erraza ateratzea...». Eta baldintza zorrotzen pean bizitzen jarraitu behar dute atera ondorenean: «Nik denei gauza bera esaten diet; programa hau ez da espetxetik libratzeko; utzi nahi duten bizimodua atzean uzteko da». Berriz kontsumitzen hasten badira edo programaren barruan bizikidetza arau larriren bat urratzen badute, espetxera bueltatu behar dute. Izan dituzte halako kasuak: aski mingotsak. «Zaila da berriro ere kartzelara bueltatu behar dutela esatea: badakigu nora itzuliko diren, eta badakigu atzera egingo dutela bidean», onartu du Gomez Azkarraga terapeutak.

Eta badira presoak, legez erregimen itxia bertan behera uzteko eskubidea badute ere, nora joan ez dutenak. Maiatzaren 14an Gaixotasuna eta espetxea jardunaldia egin zuten Bilbon, Osasunaren Euskal Foroak antolatuta, eta bertan solaskideetako bat Asier Lopez de Arkaute izan zen, Zaballako espetxeko sendagilea. Kontzientziak asaldatzeko moduko kasuen berri eman zuen. «Esaterako, bada urtebete baino gehiago baldintzapeko askatasuna eskatu nuela aurki 91 urte beteko dituen preso batentzat; ez dago elkarterik edo gobernuz kanpoko erakunderik hartuko duenik», salatu zuen. «Kartzela baliabide soziosanitario bat bihurtzen ari zaigu; tristea da esatea, baina horrela da. Eta behin barruan daudela, zaila da pertsona horiei ateratzeko bide bat aurkitzea». Erakutsi zituen erretratu gordin gehiago ere medikuak. Esate baterako, kartzela uzteko eguna hurbildu, eta nora bideratu ez zuten preso alzheimerdun batena. Edo aparteko arta behar duten paziente psikiatrikoena: «Kaleko psikiatriak hartzen ez dituen pazienteak heltzen zaizkigu guri».

Premia berriak

Bat dator Arantxa Bengoa kezka horietako askorekin: ikusten ditu Martuteneko eguneroko martxan ere. Hein batean, presoen soslai aldaketarekin lotzen ditu. «Egun, esaterako, sei lagun ditugu GIB birusarekin; 40-50 ere izan genituen. Metadonarekin zortzi pertsona ditugu; 80 ere ezagutu ditut». Eratu zen babes sare bat premia handiak izan zituen preso soslai jakin harentzat, baina orain eraldatu egin behar da arta. Izan ere, orain adinean gora egindako presoak, adibidez, ugaritu egin dira, eta haien osasun arazoak ere bai. Garai bateko mendekotasun eredua ere, hertsiki heroinari lotua, eraldatu egin da: «Asteburuetako kontsumoa ikusten dugu orain sarriago. Era berean, oso-oso gazte kontsumitzen hasitako jendea ikusten dugu. Galdetzen diegu noiz hasi ziren, eta esaten digute 9 urte zituztenetik ari direla...». Erretratu gordinak irudikatzen dituzte Bengoaren solasek ere. Horien artean dago kartzela barruan minbiziarekin izan zuten preso batena. «Nola egongo da pertsona bat kartzelan dagoela kimioterapia hartzen? Horrelakorik ez genuke izan behar, baina preso bat, adibidez, lau kimioterapia saio jaso ostean atera zen Martutenetik. Zer-nolako lanak hari toki bat aurkitzeko! Azkenean, Gurutze Gorriaren bidez lortu genuen. Baina zigorra bukatzear zuen, eta nik sarri pentsatzen nuen: 'Nora joango da gizon hau? Zubipe batera?'. Kartzelako erizaintzan eduki genuen, baina oso espetxe zaharra da, ez da egokia horrelako eri bat edukitzeko». Hortik aldarria: «Baliabideak falta zaizkigu jendeari ateratzen laguntzeko: badira baliabideak, baina gehiago behar dira». Baltasarrek ezinegon bera du: «Pertsona bat adinarengatik edo gaixotasunarengatik aske utz dezaketela ikusi,eta sarean harentzat erantzunik ez dugula ikustea gogorra da».

Subijanak aitortu du egiteko lan handia dagoela. «Garrantzitsua da dauden sareak hobeto erabiltzea; eremu askotan elkarlanerako sinergia falta zaigu». Osakidetzarekin, esaterako, harremanak indartu egin direla onartu du, baina trinkotzeko dagoela oraindik arta zerbitzu soziosanitario oso bat. «Izan ere, baliabide sanitarioak, esaterako, sarri ez du betetzen alde soziala. Osatu egin behar dira alde horiek guztiak». Kasurik zailenak ditu gogoan: bizitza hautsienak. «Izan ere, abaroa eman behar zaie pertsona horiei. Abaro soziala eman behar zaie aurrena, berriz deliturik ez egiteko. Haien bizi kalitatea hobetzea ere bilatu behar da». EAEko Arartekoak iazko txostenean horren gaineko ohartarazpena berritu zuen: gizarteratzeko bideak«indartu» egin behar dira.

Lanpostu bat

Sartu-Erroak elkartean dihardute Raquel Ruiz de Kortazarrek eta Carolina Fernandezek. Lan munduan sartzen laguntzeko programak garatzen dituzte, besteak beste, Martuteneko espetxeko hainbat presorentzat; hirugarren gradukoak izaten dira gehienetan, kartzelatik zuzenean bideratutakoak: espetxeko gizarte zerbitzuek. «Gehienetan, baldintzapeko askatasuna lortzeko atarian daude. Erregimen gero eta irekiagoa ematen diete lana lortzeko programetan parte hartzen badute», esan du Ruiz de Kortazarrek. «Guk horren gaineko jarraipena egin behar dugu; konplitzen ari direla erakutsi behar dugu», gehitu du Fernandezek.

«Askotan berriro lurreratu egin behar izaten dute espetxealdiaren ostean, eta laguntza behar dute horretarako; zinetan estimatzen dute norbaitek harrera egiten diela sentitzea, eta baliabideak badirela ikustea», azaldu du Ruiz de Kortazarrek. Eta esperientzia polit askoak izan dituzte : «Berriki, esaterako, hiru lagunek lana lortu dute: zinetan pozgarria da». Pertsona bakoitzaren egoera eta premiak aintzakotzat hartzen saiatzen dira, eta egokitutako ibilbideak lantzen. «Baina beste edozein pertsonarekin egiten den gisan. Ez ditugu talde bereziak antolatzen espetxean daudenentzat, estigma horretatik aparte jarduten ahalegintzen gara», esplikatu du Fernandezek.

Arta ona emateko arazoak badituzte haiek ere. Lan baldintza txarrak: «Prekaritatea». Migratzaile askoren egoera zaila, paperik gabe egotearen ondorioz: «Horra hor paradoxa: espetxean lan egin dezakete, eta gero ateratakoan, ezin dituzu lanpostu batera bideratu». Baliabideen urria: «Zenbaitetan gertatu izan zaigu ikastarorik edo tailerrik ere ez izatea eskaintzeko: deus ez. Etsigarria da». Burutik nahastuta daudenei laguntzeko bitartekoen falta: «Guk inori ez diogu ixten atea, baina haiek aurrean ditugunean sarritan sentitzen dugu ez dakigula nora bideratu. Eta areago, paperik gabeko migratzaileak badira, lanerako gaitasunik ez dutela egiaztatzeko prozesurik ere ezin duzu hasi. Zer egin orduan? Ikusten duzu ez daudela ondo, baina haientzako baliabiderik ez dago: ikusezinak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.