Soldatetatik haragoko auzia

ETAren «mehatxuagatik» ertzainei ordaintzen zitzaien aparteko lansaria kendu zuten 2012an. Ertzainek diote egun Espainiako Segurtasun Indarrek baino gutxiago kobratzen dutela.

Edurne Begiristain.
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren lan baldintzetan ez bezala, ETAren amaierak aldaketak ekarri zituen beste polizia batzuen egoeretan. Horietako bat izan da Ertzaintza. Duela zazpi urte inguru, Jaurlaritzaren Ortzimuga plan estrategikoak sakonki aldatu zuen Ertzaintzaren barne antolaketa. Dibisioak gutxitu egin ziren, eta berriak sortu. Hala, ordura arte ETAri aurre egiteko Informazio eta Terrorismoaren Aurkako Borrokarako dibisioan aritutako 178 ertzainak Inteligentzia Unitatera igaro ziren. Ertzain askoren lan baldintzak aldatu egin ziren ordutik, eta, besteak beste, jasotzeari utzi zioten «terrorismoaren mehatxuagatik» kobratzen zuten lansari gehigarria, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak BERRIAri baieztatu dionez. Informazio eta Terrorismoaren aurkako dibisioan eta Hiri Segurtasunean jardun ziren bostehun ertzain inguruk utzi zioten diru hori jasotzeari.

Soldata gehigarri hori 11 urte inguru egon zen indarrean. ETAk 2001ean Ana Isabel Arostegi eta Francisco Javier Mijangos ertzainak Beasainen (Gipuzkoa) hil ostean hasi zen Jaurlaritza aparteko diru hori ordaintzen hainbat ertzaini. Azken ordainketak 2012an egin zituen. Urte hartan, Jaurlaritzak 200.000 euro inguru gastatu zituen horretan.

Berez, lansari hori ez zen ezarri ertzainek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan egiteagatik zuten arriskuagatik. «ETAren aurkako borrokan ardura zutenek eguneroko lanean izaten zituzten ezohiko gastuak konpentsatzeko modu bat izan zen», azaldu dio kazeta honi Roberto Seijo Erne sindikatuko bozeramaileak. Hilero 100 euro ingurukoa zen aparteko lansaria, eta, ETAk jarduera armatua amaitu zuenean, kentzea erabaki zuen Segurtasun sailak.

Hego Euskal Herrian dauden Espainiako poliziek eta guardia zibilek, batez beste, 600 euro inguru kobratzen dute arrisku plusetan, ertzainek garai batean jasotzen zuten baino dezente gehiago. Alde horretatik, Seijok uste du Ertzaintza «gutxietsita» egon dela.

Gezurtatu dute

Estatuko segurtasun indarren aspaldiko aldarrikapena da soldatak ertzainek eta mossoek dutenarekin parekatzea. Arrisku plusaren inguruko polemika, hain justu, soldaten inguruko eztabaidarekin batera piztu da, baina Ertzaintzaren sindikatu gehienek bi gaiak argitu nahi dituzte. Euskal Herrian dauden poliziek eta guardia zibilek Ertzaintzak baino gehiago kobratzen dutela gezurtatu dute. ELA Ertzaintzak, esaterako, kezka adierazi du mezu hori zabaltzen ari delako. «Ertzaintza da EAEn lan egiten duten polizietan soldata eta lan baldintza kaskarrenak dituen polizia», esan du sindikatuak.

Ideia bera azpimarratu du Erne-ko bozeramaileak ere. «Inguruko polizien artean, Ertzaintza da soldata kaskarrena duena. Euskadin dauden poliziek eta guardia zibilek guk baino gehiago kobratzen dute, besteak beste, arrisku plusa dutelako». Hala ere, Ernekoari ez litzaioke ongi irudituko Espainiako poliziei arrisku plusa kentzea: «Eskuratutako eskubide bat da, eta guri komeni zaigu egotea, haien soldatekin parekatzeko eskatzeko».

Arriskua pribilegio bihurtuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.