Julen Mendiguren. Irakaslea eta preso ohia

«Urrats positiboa da, baina ikusiko dugu benetako eraginik duen»

2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Durangon (Bizkaia) atxilotu zuten Julen Mendiguren irakasle iruindarra, 1972. urteko apirilean. Komunistak taldeko kidea zen gerora EMK Euskadiko Mugimendu Komunista izena hartuko zuena, eta talde horren aldeko afixak atzeman zizkion Guardia Zibilak. La Salveko kuartelean inkomunikatuta eduki zuten hiru egunez eta, denbora horretan, «jipoi eta makilakada sorta izugarria» jaso zuen: «Oinetan eman zizkidaten kolpeen ondorioz, ezinezkoa zitzaidan zutik mantentzea, eta bi poliziak besoetan eraman behar izan ninduten epailearen aurrean deklaratzera». Espainiako Ordena Publikoko Tribunal frankistan epaitu zuten, «asmo bidegabeetarako elkartzea» eta «legez kanpoko propaganda» delituak leporatuta, eta bost urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten. Horietatik, hiru urte eta zortzi hilabete egin zituen preso Basauri, Carabanchel, Jaen eta Pontevedrako espetxeetan. Franco hil ostean utzi zuten aske, 1975eko abenduan.

Amesgaiztoa, baina, ez zen Francorekin amaitu. Diktadorea hil eta 31 urtera, Mendiguren erretiroa hartzekotan zela, kolpe ekonomikoa heldu zen: «Pentsioa kalkulatzean, konturatu nintzen kotizatu gabe nituela kartzelan emandako urteak, eta baita aurreko guztiak ere. Ez zuten denbora hori aintzat hartu nahi». Mendigurenek auzibidera jo behar izan zuen, eta epaileek arrazoia eman zioten. Haren esanetan, baina, halakorik ez zen gertatuko «lege eraginkor bat» indarrean izan balitz: «1977ko Amnistiaren Legeak babesten ninduela uste nuen, baina ez zen hala izan». Espainiako Gobernuak aurkeztu berri duen lege proiektuari dagokionez, Mendigurenek dio «berandu» heldu dela, baina «urrats positiboa» izan daitekeela. Hala ere, «zalantzak» sortzen dizkio arauaren aplikazioak: «Pozteko modukoa da, baina ikusiko dugu zer dakarren benetan. Eragin zehatzik izanen duen, ala eremu sinbolikora mugatuko den. Hori guztia ikusteko dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.