Kataluniako prozesu subiranista. Madrilgo plaza

Elkartasuna etsaiaren etxetik

Madrilen bizi diren hainbat herritarrek elkarretaratzeak egin dituzte egunotan preso politikoei elkartasuna adierazteko. Madrildarrak Erabakitze Eskubidearen Alde plataforma dago mugimendu horren atzean. Pedagogia ere egin nahi dute.

Ikusmina. 2017ko irailean, Kataluniako egoerari buruz eginiko hitzaldira sartu ezinik geratu zen jende ugari. MADRILEÑOS POR EL DERECHO A DECIDIR.
Iosu Alberdi.
Madril
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Gaur zortzi milaka lagun bildu ziren Madrilgo Colon plazan, besteak beste PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek deitutako manifestazioan. Espainiako presidente Pedro Sanchezen dimisioa eskatu zuten orduan, PSOEk Kataluniako alderdi politikoekin dituen elkarrizketetan kontalari bat ezartzeko imintzioa egin ostean. Kataluniako buruzagi politikoen aurkako epaiketa hastearekin batera, ordea, beste aurpegi bat erakutsi du Madrilek, Kataluniako herriari elkartasuna adierazi diona. Espainiako hiriburuan ugari dira aste honetan hasitakoa «epaiketa politikotzat» jo dutenak.

«Bistakoa da, preso politiko batzuk epaitzen ari dira, erabakitzeko eskubidea gauzatzeagatik», adierazi du Albertok —ez du abizenik eman—. Elkartasuna adierazteko asmoz, «Erabakitzeko eskubidea» zioen pankarta batekin agertu zen Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrera, asteartean, epaiketa hasi zen egunean. Kataluniako hainbat erakunderekin batera, Madrildarrak Erabakitze Eskubidearen Alde plataforma zegoen ekintza haren atzean. Plataformako kide Iñaki Alonsoren esanetan, eurek bi helburu nagusi dituzte: «Elkartasuna eta pedagogia». Izan ere, taldearen zeregin handienetako bat Kataluniatik iritsi diren herritarrei elkartasuna eta laguntza eskaintzea izan da, estaldura eta logistika kontuetan, batez ere. «Garraio txartela ateratzea bezalako gauza sinpleetatik hasi eta handiagoetara», azaldu du Alonsok: «Denborarekin erreferente bihurtu gara Kataluniako jende ugarirentzat, eta handik etortzen diren bakoitzean ahal dugun bezala laguntzen saiatzen gara».

Hiriburuaren izaera

Taldea ez da berria. Badaramatza pare bat urte jardunean, besteak beste Gure Esku Dago-rekin eta Kataluniako eta Eskoziako hainbat talderekin hitzaldiak eta mobilizazioak egiten. 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren ostean, ordea, aurrerapauso bat eman zuen taldeak, katalanek «jasaniko errepresioaren» eta Kataluniako egoeraren berri Madrilen emateko asmoz. «Madril hezur gogor bat da. Jendearengana gerturatzen saiatzen gara, eta elkartasun diskurtso bat bidaltzen», dio Alonsok. Halere, uste du urriaren 1 hartan gertatutakoaren inguruko iritzia ere aldatzen ari dela hiriburuan, baita epaiketa «bidegabekeriatzat» jotzen dutenen kopurua handitzen ere. «Gurearen moduko hiri batean, egun ditugun arazoekin, ezin da Katalunia eguneroko gaia izan. Benetako arazoak estaltzeko balio izan du», uste du Alonsok. Horregatik, auzipetuei babesa adieraztera auzitegira gerturatutako Elena Martinezek uste du epaiketa «aukera garrantzitsu bat» dela «erakusteko beharrezkoa dela alternatiba berriak eraikitzea».

«Madrildar gisa, ulertzen dugu hemen egon behar dugula», adierazi du Martinezek, eta bi arrazoi eman ditu horretarako. Batetik, Kataluniako mugimendu subiranistari elkartasuna adieraztea, «preso politikoen eta erbesteratuen askatasuna exijitzeko». Nacho Breto bat dator premisa horrekin.«Demokrazia eskubide gisa ulertzen badugu, kalera irteteko ordua da, espetxean dagoen jendea babesteko. Euren iritzia adierazteagatik daude preso», dio gazteak. Espainiako Errepublikako bandera eskuan zuela gerturatu zen Breto Auzitegi Gorenera, han zeuden katalanei elkartasuna adierazteko.

Bigarren arrazoia, berriz, Espainiako herritarrei eta estatuaren egoerari lotutakoa da. Martinezen esanetan, madrildarrek ere euren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu behar dute: «Ulertzen dugu erregimen monarkiko honetan—ez baita alderdi politikoen kontua— ez dela egongo ez demokraziarik, ez justiziarik. Katalanentzat ez badago, beste inorentzat ere ez da egongo».

Bide horretan lanean ari dira hainbat talde. «Uztartu egin nahi ditugu Kataluniaren, Euskal Herriaren, baita gure erabakitze eskubidea ere. Gure kasuan, estatu ereduaren ingurukoa —monarkia edo errepublika—», azaldu du Alonsok. Abenduan hainbat herri galdeketa antolatu zituzten horretarako, eta oraindik ere egitekoak dira hiriko hainbat unibertsitatetan. Galdeketaren aldeko taldeko kide Pedro Casasen hitzetan, beraiek ez dute defendatu beharreko herri edo naziorik, baina badituzte defendatu beharreko beste kontu batzuk: «Aurrera egiten ari gara, eta gizartea erantzuten ari da. Hori egiten jarraituko dugu: demokraziaren alde borroka egiten zentzu zabal eta erradikalenean».

Talde bereko Cristina Ridruejok «heldutasun demokratikoan» jarri du arreta horretarako, «demokrazian erantzun bat bilatzeko». Ez du uste, ordea, Kataluniako buruzagi politiko eta zibilen aurkako epaiketak demokraziatik asko duenik. Adibide gisa jarri du Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemonten kasua, zeinetan Alemaniako eta Belgikako auzitegiek ez baitute arrazoirik ikusi hura sedizio edo matxinada delituengatik Espainiaratzeko: «Puigdemont prozesuaren burua izango litzatekeela aintzat hartuta, nola eraman dezakete Jordi-ek [Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez]urtebete baino gehiago espetxean akusazio berekin?». Kargu politikorik izan ez arren, Omnium Culturaleko presidente Cuixart eta ANCko presidente ohi Sanchez kartzelan denbora gehien daramaten akusatuak dira, 2017ko urriaren 16an Auzitegi Goreneko Carmen Lamela epaileak haiek espetxeratzea agindu zuenetik.

Jada kondenatuak

Guztiak ezkorrak dira epaileek politikarientzat eman dezaketen sententziarekin. Alonsok uste du politikari katalanak «jada epaituak eta kondenatuak» daudela, «oinarri juridikorik izan ez arren». Froga faltarekin bat dator Casas: «Ez agian gauden lekuan, baina gezurra dirudi Gorenak matxinada delituengatik akusatzea, jakinik Espainiako Zigor Kodearen arabera biolentzia beharrezkoa dela horretarako, eta argi eta garbi dago estatuak urriaren 1ean erabilitakoa izan zela biolentzia bakarra. Beraz, erabakitze eskubidea dago akusatuen eserlekuan». Horren atzean justizia eta demokrazia «gabeziak» daudela iradoki du Martinezek, «estrukturalak» denak.

Epaiketa, ordea, ez da politikarien aurkakoa bakarrik izango. Hala esan du Martinezek: «Espainiako Estatua ere epaituko da». Izan ere, uste du Espainia «egoera lotsagarrian» geratzen ari dela Kataluniako auzian, bai herritarren aurrean, baina baita Europako gainontzeko estatuen aurrean ere; esaterako, epaiketan nazioarteko begiraleen presentzia oztopatuz. Casasentzat, berriz, Espainiako Gobernua eta horren presidente Pedro Sanchez «panpina bat» besterik ez dira: «Venezuelaren kasuan erakutsi zuen. Han bai, estatu kolpe bat eman da, eta hark kalean jarraitzen du politika egiten. Hemen, berriz, politika besterik egin ez duten hainbat lagunek urtebete baino gehiago daramate kartzelan».

Arazoa, ordea, ez dute politikarietan bakarrik ikusten, egitura osoan baizik. «Nola ikusiko dute urriaren 1ean egoniko biolentzia bakarra estatuarena dela, ez badute ikusten bortxaketarik sanferminetako kasuan?», galdetu du Martinezek, auzitegien inpartzialtasuna ezbaian jarriz. Duela hilabete gutxi hipoteken inguruan emaniko sententziari ere aipamen egin dio Casasek, epaileen burujabetzarik eza salatzeko. Kasu hartan, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen bere aretoetako batek emaniko sententzia bat, hura bankuei gaizki zetorkielako, Casasen esanetan. «Zer espero dezakegu halako auzitegi batetik? Ezer onik ez», gaineratu du galdeketaren aldeko Madrilgo taldeko kideak.

Espaloiaren beste aldean

Erabakitze eskubidearen alde mugitzen ari diren taldeen nahia estatuko egitura horiek aldatzea da. «Guk eraiki egin nahi dugu, elkarrizketan jarduten duen gizarte baterantz joateko, denok elkar uler dezakegun gizarte baterantz. Madril hiri irekia dela esaten da, baina gero gabeziak ditu askotan», adierazi du Alonsok. Horregatik, joan den igandean eskuineko eta eskuin muturreko hainbat alderdik eta erakundek babestutako mobilizazioaren aurka agertu dira. Ridruejoren ustez, mobilizazio horren atzean argitasun falta dago, «nahita edo nahi gabe» gaizki azaldu delako Sanchezek elkarrizketetarako ezarri nahi zuen kontalariaren eginkizuna: «Alderdien arteko eztabaida bat da hau; alde batetik, alderdi katalanak, eta, bestetik, PSOE eta Podemos. Jendeak uste du gobernuen artekoa dela, eta ez da hala». Halere, Sanchezek atzera bota zuen erabakia, manifestazioa egin aurretik.

Mobilizaziorako dei hura egin zutenak berriak ez direla ere iritzi du Ridruejok, argudiatuta orain arte Alderdi Popularraren barruan egon diren sektoreak direla Vox eta Ciudadanosen moduko alderdietako lider eta jarraitzaileak: «Baina okerrera egin dugu, orain ez duelako lotsarik ematen fatxa zarela esateak edo duela urtebete erokeriak irudituko zitzaizkigun gauzak esateak». Horregatik, Alonsorentzat egoera irudikatzeko era bakarra dago: «Horiek eta gu espaloiaren alde banatan gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.