Artolazabalek dei egin die biktimei «etorkizunari begira» paratzeko

EHUk biktimei buruz antolatutako udako ikastaroa inauguratu du. Sailburuak berretsi du biktimak direla haien jardueraren «lehentasuna»

Beatriz Artolazabal, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Terrorismoaren biktimak: haien parte-hartzerako eskubidea izeneko udako ikastaroa antolatu du, eta Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek irekiera ekitaldia baliatu du biktimei adore eman eta «etorkizunari begira» jartzearen egokitasunaz mintzatzeko. «Iraganeko mina eraldatzera» dei egin die «etorkizun berria eraiki ahal izateko».

Artolazabalek berretsi du biktimak direla erakunde publikoen «lehentasuna», eta haien jardueraren «erdigunean» daudela. «Ez da beti hala izan», azaldu du: «erakundeok eta gizarteak autokritika egin dugu jadanik, urte askoan ez genuelako jakin enpatia nahikorik erakusten. Zorionez, gauzak aldatu dira».

Sailburua Udaberri 2024 planaz mintzatu da, eta adierazi du hori dela Jaurlaritzak biktimekin duen «konpromiso politikoaren adierazgarririk behinena». Esan duenez, Jaurlaritzak aurrera egin nahi du biktimen aintzatespenean eta erreparazioan:. «Biktima guztiak aintzat hartuz, parekatzerik gabe, kontrapisurik gabe, bazterketarik gabe».

Biktimen Kontseilua

Duela hamar urte inguru sortu zen Biktimen Partaidetzarako Kontseilua, eta horren lana mintzagai izan du Artolazabalek. Esan duenez, biktimek batzorde horretan egindako lana «eredugarria» izan da, eta «desberdinen arteko elkarlanaren eta jarrera eraikitzailearen adibidetzat» jo du.

Artolazabalen arabera, Biktimen Partaidetzarako Kontseiluan oinarriak «finko» dauzkate, eta eztabaidetan «akordiorako borondatea» nagusitzen da. «Batez ere, xede bat dugu denok: indarkeria terroristaren deslegitimazioa eta biktimen aintzatespena», erantsi du.

Sailburuaren ustez, beharrezkoa da «ahal den neurrian zauriak sendatzea eta bizitzen osotasuna berreskuratzea», biktimak «indarrez ezarritako sailkapen injustu horretan» gera ez daitezen. Hori lortzeko, memoria, egia eta aitortza «sendabiderik onena» direla pentsatzen du Artolazabalek: «Biktima guztien ahotsak behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.