G7koen goi bilera Miarritzen

Globala eta lokala batzeko zokoak

Irati aretoa prentsa zentro bilakatu da G7koen goi bilerak iraungo duen bitarterako. Mundu osoko kazetariak elkartu ditu, eta eraikina «produktu lokalen» erakusleiho gisa ere erabiliko dute bihar arte.

Max Brisson, Alain Rousset eta Emmanuel Macron, dastaketan. IAN LANGSDON / EFE.
ander perez zala
<i>Miarritze</i>
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Bitxia da Miarritzeko aireportuaren (Lapurdi) ondoan egotea eta hegazkinen soinurik ez aditzea. Nabarmena da aldea: isiltasuna da nagusi, eta protagonismoa poliziek, jendarmeek eta kazetariek hartu dute. Horiek dira harrabotsaren iturri, baina ezin konparaziorik egin aireportuak egunerokoan sortzen duenarekin. 08:30 dira, eta ilarak luzeak dira Irati aretoaren sarreran: autobusak alde batetik bestera doaz, eta nortasun agiria eta akreditazioa etengabe erakutsi beharra dago, G7koen goi bilerarako ezarritako segurtasunaren erakusle. Denera, Frantziako Gobernuak 13.200 polizia eta jendarme ekarri ditu Miarritzera, eta horietako 50 bat prentsa aretoaren inguruan daude goizean goizetik; horietako batzuk, arma eskuan, eta irribarrea ahoan.

Irati aretoa prentsa zentro bilakatu da egunotan, baina ez du soilik funtzio hori beteko: «Akitania Berriko produktuak» aurkezteko erakusleiho ere izango da. Aretoan sartu eta berehala, honako mezu hau irakur daiteke: Welcome to the Nouvelle-Aquitaine Village (Ongi etorri Akitania Berria herrixkara). Herrixkan sartzean, baina, Ipar Euskal Herriko produktuz beteriko postuak agertu dira: Ezpeletako piperrak, Ossau-Irati gazta, Irulegiko arnoa, txapelak... Laguntzaile lanetan ari direnek —denak emakumeak— txapela gorri bat dute buruan. Horrekin guztiarekin, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak keinu bat egin nahi izan omen dio «merkatu lokalari»; postuetan bertan izan da agintaria, eguerdi aldera, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin batzartu aurretik. Alain Rousset Akitania Berriko presidentea izan du konplize produktuen dastaketan.

Postu horietako batean izango da egunotan Edurne Davril kanboarra. Frantsesezko eta ingelesezko mezuz beteriko postuen artean, hura da euskaraz hitz egiteko lehen aukera. Bisitariei Ossau-Irati gazta aurkeztekotan da: «Hitzordua aukera bat da hemengo gastronomia presente egoteko. Hona etorri diren kazetariei eta gainontzeko jendei gure produktuak aurkeztuko dizkiegu. Aukera oso ona da hori egiteko». Mahai gainean ditu, gazta zati batez gain, Ezpeletako piperra eta beste hainbat jaki. Ipar Euskal Herriko produktuez beteriko gelan, afixa guztiek Akitania Berriari egiten diote erreferentzia, eta mezu bakarra dago euskaraz: «Laster arte». Horrez gain, babesleetako batzuk ere hizkuntza horretan jarri dituzte: Euskal Elkargoa eta Euskal Herriko Garapen Kontseilua.

Makina gela

Irati aretoaren beheko pisuan, mundu osoko kazetariak elkartu dira goi bileraren berri emateko. Handia da makina gela, une batetik bestera ordenagailuz eta kameraz bete dena; ez da, ordea, hitzorduak eskatzen duenaren tamainakoa, Frantziako presidentetzaren prentsa taldeko kide baten arabera —ez ditu izen-abizenak eman nahi izan—. Goiza da oraindik, eta jada haserre dago, bere tokian eserita: «Hogei bat G7ko bileratan egon naiz, eta ez dut inoiz horrelakorik ikusi. A zer antolaketa txarra! Hona etortzeko arazoak izan ditut; laguntza eskatu eta inork ez daki ezer; zalantzarik baldin badut, webgunea begiratzeko diote». Ondoan duen kazetaria barrez hasi zaio.

Aurtengo antolaketaren berezitasunetako bat izan da bi prentsa areto jarri izana: bata, Irati aretoan, eta bestea, Miarritzeko Kasinoan, hondartzaren ondoan, hiriaren erdigunean. Bigarren horretara joateko, akreditazio berezi bat behar da: «Hori ere ez dut ulertzen. Ez du zentzurik prentsa areto bat hain urrun jartzeak [Irati aretoan]. Ematen du prentsak traba egiten duela, izututa daudela. Etsaikeria puntu bat transmititzen du». Gelaren erdialdera begira jarri da: «Zertarako hau? Ez dago txakurren beharrik»; Frantziako armadako hiru soldaduz ari da, goiza kazetariek erabiliko dituzten mahaiak miatzen igaro baitute, txakur batzuen laguntzaz. Txakurrek lasai dirudite, pozik ere bai; ez, ordea, soldaduek, segurtasunari dagokionez tentsio puntu bat gailentzen baita.

Katja Iversen goizean goiz iritsi da Irati aretora. Ez da kazetaria, Women Deliver erakundearen presidentea baizik; Frantziako Gobernuak G7koen goi bilerarako osatu duen Genero Berdintasunaren Aholkularitza Kontseiluan parte hartu du, eta herenegunerako osatu zuten gai horri buruzko gomendioen txosten bat. Macronekin bildu ziren egun horretan bertan, Eliseoan, eduki horren berri emateko; gaur landuko dute auzia agintariek.

Iversenen iritziz, goi bilerak badu hobetzekorik: «Orain, G7koan, buruzagiekin biltzeko aukera izango dut, eta hainbat elkarrizketa egiteko ere bai. Iruditzen zait aukera ona dela gai hori lantzeko, aukera baliagarria. Hori bai, gauza bat eskatzen diet gobernuburuei eta estatuburuei: hitzak ondo daude, baina ekintzak behar ditugu, ekintza gehiago. Eta gauza gehiago adostu behar dira genero berdintasunaren arloan».

Agintarien aurpegi bila

Argazkilariak ere alde batetik bestera izango dira egunotan, G7an parte hartzen duten agintarien aurpegien bila. Ian Langsdon da horietako bat; European Pressphoto Agencykoa da, eta hark ere zalantzak ditu goi bileraren inguruan: «Ni argazkilaria naiz, eta ez diet gaiei modu berean jarraitzen, baina iruditzen zait ez duela askotarako balio».

Irati aretoan geratu diren kazetariek, aldiz, pantailen bidez jarraituko dute agintarien agenda. Hori, jakina, pantailetan bileren irudiak jartzen dituztenean; izan ere, halako hitzordurik ez dagoenean, prentsa gelako bi pantaila handienetan Miarritzeko hondartzaren eta kasinoaren zuzeneko irudiak jarriko dituzte. Lan egiteko paisaia berezia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.