Iñigo Bilbao Sagastiberri.
LEKU-LEKUTAN

Oposizioa, 'corcholata' baten mehatxupean

2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Mexikon corcholata deitzen diote botilaren txapari, ume garaian laranja azalaz bete eta jolaserako erabiltzen genituen txapa haiei, alegia. Deitura horrekin izendatu ditu Lopez Obrador presidenteak alderdi barruan datorren urteko hauteskundeetan presidentegai izan nahi duten kideak. Corcholata zergatik? PRI garaian, Vargas Llosaren hitzetan 70 urtez iraun zuen diktadura perfektu hartan, presidenteak erabakitzen zuen nork hartuko zion lekukoa, eta berak erabakiaren berri eman arte, balizko hautagai guztien izenak estalita gordetzen zituen. Tapados esaten zitzaien, presidenteak haietako bat estalgabetu eta haren izena agerian utzi arte. Egungo mandatariak esan du berak ez duela inor inposatuko, herritarrek erabakiko dutela inkesta bidez nork hartuko duen lema datorren agintaldian. Horregatik corcholata, hautagaiak herritarrek ireki beharreko botilako ausazko txapak direlako.

Karguaren bila eskua altxatu duen boskotearen artean bi dira aurrera egiteko benetako aukera dutenak: Claudia Sheinbaum Mexiko Hiriko gobernuburua, batetik, eta Marcelo Ebrard Kanpo Harremanetarako sailburua, bestetik.

Lehiakide biek egin dute Lopez Obradorrek bultzatutako 4. Eraldaketaren (4E) aldeko apustua, bakoitzak bere era eta pentsamoldeen arabera, hori bai. Sheinbaum, oposizioko indarrek eta hedabide nagusietako kazetariek mespretxuz esaten dutenaren arabera, ezkerreko oinetik herren dabil. Maite dutenen aburuz, hiriburuko mandatariak ezker amatiarra bultzatuko luke gobernura helduz gero, zaintzan oinarritutako aginte moldea, alegia. Horrek zer esan nahi duen? Emakume honek osasungintza, hezkuntza, segurtasuna eta enparauak izango dituela bere balizko agintearen oinarri.

Ebrard, berriz, sozialdemokraziaren itzalpean legoke, erdiko klasearen esanetara. Arlo ekonomikoan ez luke arazorik herrialdeko jauntxoekin ondo moldatzeko, eta, arlo sozialean, hiriburuko gobernuburu izan zenean irekitako bideak oraindik gehiago landuko lituzke. Nola? Hitz bitan, abortua edo eutanasia bezalakoak, eta emakumeen zein pertsona homosexual edo transexualen eskubide oro bermatuz. Bere hitzetan, berak, presidente, 4E 2.0 izendatu duen bidea bultzatuko luke. Ebrardek badaki horrekin guztiarekin oposizioaren belarriak gozotzen dituela, El País egunkariak hitzez hitz ondo aitortu bezala: «Marcelo, hautagaia oposizioarentzat. Oinordekotza lasterketa zurrunbilo bat da, definizioaren ordua berehalakoa, eta Ebrard gero eta gehiago entzuten da hautagai disidente bezala».

Orain arteko inkesta guztiek Sehinbaum ipini dute aipatu zurrunbiloan buru, eta presidenteak besterik dioen arren, Claudia Sheinbaum litzateke, eta ez beste inor, bere benetako kutuna.

Inor gutxik ukatzen du gaur datorren urtean hauteskundeak egitea ariketa hutsala izango dela, alferrikakoa. Zergatik? Aurten jakingo dugulako inolako ezbairik gabe nor izango den hurrengo presidente mexikarra. Lopez Obrador gehien gorrotatzen dutenek ere badakite hori. Argi eta garbi aitortzen dute jai dutela presidenteak babestutako edozein hautagairen aurrean. Oposizio blokeak, PAN, PRI eta PRD alderdiek osatzen duten horrek, aitortzen du, aho txikiarekin bada ere, Morena alderdiak laster batean egingo duen inkestan garaile aterako den corcholata izango dela presidente datorren urtetik aurrera. Ez dago besterik.

Oraindik gehiago, azken boladan Auzitegi Gorenak hainbat egitasmo zapuztu dizkiola ikusita, Lopez Obradorrek erronka latza bota die bere gogaide eta jarraitzaileei: Presidentetza ez ezik, Parlamentuan eta Senatuan Konstituzioa aldatzeko ezinbestekoak diren hiru laurdenak ere eskuratu behar dituzte. Bai ala bai: «Hori da 2024an argituko dena. Eraldaketarekin segitzea nahi duzu, ala ez? Hori da bozkatuko dena. Ustelak itzultzea nahi duzu? Badakizu noren alde bozkatu. Eraldaketarekin jarraitzea nahi duzu? Berdin, ondo dakizu. Klasismoak segitzea nahi duzu, umiliatua izan nahi duzu. Badakizu noren alde bozkatuko duzun», esan du presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.