Egiptoko Konstituzioa baliogabetu eta Mursi bota dute militarrek

Buruzagi erlijiosoen, Tamarrud mugimenduaren eta oposizioko alderdien babesa izan du armadaren estatu kolpeakAuzitegi Konstituzional Goreneko burua izango da behin-behineko presidentea

Ion Orzaiz.
2013ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Amaitu da Mohamed Mursiren garaia. Atzo amaitu zitzaion oposizioarekin hitzarmena egiteko militarrek emandako epea, eta horrekin batera, igaro da bere denbora Egiptoko presidentetzan ere, indar armatuek estatu kolpea eman eta kargutik kendu baitzuten atzo. Armadako buru eta Defentsa ministro Abdel Fattah al-Sissik eman zuen Mursiren kargugabetzearen berri atzo gauean, eta, horrez gainera, herrialdeko erakunde erlijiosoekin, oposizioko alderdiekin eta gizarte eragile zenbaitekin adostutako bide orriaren ildo nagusiak aurkeztu zituen.

2011ko matxinadaren ondoren onartutako konstituzioa baliogabetzea izan da militarrek hartu duten lehen neurria. Horrez gainera, presidentetzarako hauteskundeetara deituko dutela iragarri zuen Al-Sissik, baina hori egin bitartean, Egiptoko Auzitegi Konstituzional Goreneko burua izango da behin-behineko presidentea. «Batasun nazionaleko gobernua» osatzeko asmoa ere agertu zuen armadako buruak, eta azkenik, konstituzioari zuzenketak egiteko «adituen batzorde bat» osatuko dutela esan zuen.

«Herriaren nahiak asebeteko zituen adiskidetzea bilatzen genuen», adierazi zuen Al-Sissik telebista publikoan emandako hitzaldian, «baina tamalez, Egiptoko herritarren esperantzak kontuan hartuta, presidenteak ez du neurria eman. Horregatik, elkarrizketak izan ditugu alderdi eta erakunde guztiekin, inor kanpoan utzi gabe». Izan ere, bide orria zehazteko bilerak egin ditu azken egunetan armadak oposizioko alderdiekin, erlijio talde ezberdinekin eta Tamarrud mugimenduko ordezkariekin. Atzoko agerraldian izan ziren, besteak beste, Ekainak 30 mugimenduko ordezkari Mohamed el-Baradei, Al Azhar islamdar erakundeko jeke Ahmed al Tayeb eta Teodoro II.a aita santu koptoa.

El-Baradeiren esanetan, «nazioaren adiskidetzarako urrats garrantzitsua» da militarrek eta oposizioak hitzartutako bide orria, eta 2011ko urtarrilaren 25eko iraultza «zuzendu eta bideratu» egingo du. Ahmed al Tayeben esanetan, berriz, ideologia eta pentsamolde ezberdineko herritarren artean «zubi lana» eginen du estatu kolpeak.

Mursiren erantzuna sare sozialen bidez heldu zen. «Egiptoko presidente naiz oraindik», idatzi zuen bere Facebook kontuan, eta armadak egindakoa estatu kolpea izan zela gaineratu: «Soldaduei eta armadako goi kargudunei eskatu nahi diet konstituzioa eta legeak bete ditzatela, eta ez dezatela parte hartu estatu kolpe honetan. Ez zaitezte odol isurketan zipriztindu». Berri agentzien arabera, Egiptoko Guardia Errepublikanoaren egoitzan lanean zen presidentea, baina atzo gauean oraindik ez zegoen argi atxiloturik zegoen ala ez. «Ez dakigu hortik ateratzeko askatasunik duen», esan zuen Mursiren idazkari Yasseer Haddarak.

Orain arteko protesten erdigune izan den Tahrir plazan pozarren hartu zuten albistea. Egiptoko banderak astindu zituzten, oihu eta algara artean, eta su artifizialak ere jaurti zituzten, Mursiren kargugabetzea ospatzeko. Presidentearen aldekoek, ordea, haserre erantzun zioten armadaren adierazpenari. Ez dute onartzen militarren eta oposizioaren agintea, eta indarrez erantzungo dutela iragarri zuten askok.

Itzalpeko mugimenduak

Atzoko estatu kolpeak agerian utzi du azken 48 orduetan ez dela akordiorik lortu gobernuaren eta oposizioko alderdien artean. Aitzitik, are gehiago tenkatu dira bi aldeen arteko harremanak. Gobernuaren «zilegitasuna» azpimarratzen dute Anaia Musulmanek; eta era berean, oposizioko zenbait alderdik uko egin diote orain arte Mursirekin elkartzeari, haien ustez, «negoziazio garaia amaitua zelako». Ordurako, armada hasia zen mugitzen eta gune estrategikoak hartzen. Bai kaleetan, baita negoziazio mahaian ere.

Atzo eguerdian, Egiptoko telebista publikoak Kairon duen egoitza nagusira sartu ziren militarrak. Zuzeneko emankizuna eteteko eta eraikinetik ateratzeko eskatu zieten bertan ziren langileei. Hori gertatzen ari zen unean, blindatutako ibilgailuak hasiak ziren hiriburuko zenbait puntutan hedatzen; besteak beste, Tahrir plazan edota zenbait herrialdetako enbaxaden ingurumarietan. «Manifestarien arteko istiluak saihesteko» hartu zuten erabakia, militarren esanetan.

Horrez gainera, herrialdetik alde egiteko debekua ezarri zien armadak Mursi presidenteari eta Anaia Musulmanetako beste zazpi ordezkariri; besteak beste, alderdiko buruzagi goren Mohamed Badieri eta Khairat al-Xater presidenteordeari. Anaiarteko kide horiei hegazkinetara edo itsasontzietara igotzea galarazteko agindua jaso zuten Egiptoko aireportu eta itsas portu guztietako arduradunek. 2011n, espetxe bateko ihesaldiarekin zerikusia izatea leporatzen diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.