Bangladeshen jihadistek gatibu hartutako hogei lagun hil dituzte

Biktima gehienak atzerritarrak dira. Azken urteetan herrialdean izandako erasorik odoltsuena da

Adrian Garcia.
2016ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Hamabi orduko setioaren ostean, Bangladeshko segurtasun indarrek ezin izan dute sarraskia eragotzi. Islamistek gogor jo duteDhaka hiriburuko auzo diplomatikoa, herenegun gauean zazpi jihadistaz osatutako talde armatu batek jatetxe batean gatibuak hartuta. Atzo goizean, Polizia indarrez sartu zen eraikinean, eta erasotzaileek hogei gatibu hil zituzten labanaz. Hildako gehienak atzerritarrak dira; bederatzi italiar daude, Italiako Atzerri Ministerioak baieztatu duenez. Japoniako Gobernuak jakinarazi duhildakoen artean zazpi japoniar daudela. Tartean indiar bat ere badago, Indiako Gobernuak esan duenez. Armadak oraindik ez du esan nor diren biktima guztiak.

Polizia iturriek albiste agentziei esan dietenaren arabera, pistolaz, matxetez eta erriflez armatutako talde bat sartu da Holey jatetxean; ezaguna da atzerritarren eta goi klasekoen artean. Ez dago argi nork egin duen atentatua; Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa, baina baita Al-Qaedaren Indiako kontinenteko adarrak ere.

Armadako ehun bat soldaduk eta tankeek segituan hartu dituzte posizioak auzoan. Hamabi orduko itxaronaldi urduriaren ostean, eguneko argi izpiekin batera sartu dira segurtasun indarreko komandoak eraikinean. Hamahiru gatibu onik atera dira, beren kabuz ihes eginda edo Poliziaren operazioa baliatuta. Bangladeshko, Sri Lankako, Italiako eta Japoniako herritarrak dira. Aske utzi duten gatibu baten bertsioaren arabera, Korana errezitatzen ez zekiten atzerritarrak labana sartuta hil dituzte jihadistek komandoak sartzean.

Armadako bozeramaileak esan du gorpuak garbitu artean ezingo dituztela identifikatu. Bangladeshko lehen ministro Sheik Hasinak jakinarazi duenez, erasotzaileetako sei hil dituzte soldaduek, eta atxilo eraman dute bestea. Bestalde, bi dira hildako segurtasun indarretako kideak; jihadisten erasoaren lehenengo tiroketetan hil dira. Horrez gainera, 26 pertsona zauritu dira, gehienak poliziak.

Eraso sektarioak

Azken urtean, muturreko talde islamistek atentatu kanpaina egin dute Bangladeshen, baina asteburu honetakoa da guztien artean odoltsuena. Aurreko eraso sektario gehienak matxeteekin egin dituzte; azken hiru urteetan 40 pertsona hil dituzte, gehienak gutxiengo erlijioetako sinestunak, sunitak ez diren islamaren beste adarretako kideak, LGTBI mugimenduko ekintzaileak, pentsalari laikoak eta atzerritarrak. Segurtasun indarrek ere jihadisten aurkako operazio ugari egin dituzte. Nolanahi ere, agintariek diote ez dagoela loturarik nazioarteko jihadista sareen eta herrialdeko islamista taldeen artean. Maiatzaren 11n buruzagi islamista bat exekutatu zuen gobernuak, 1971ko independentzia gerran genozidioa egitea leporatuta. 160 milioi biztanle bizi dira Bangladeshen, eta gehienak musulmanak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.