BESTE EREDU BATZUK

2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ez Espainian ez Europan ez dago zuzeneko ikuskizunak arautzen dituen inolako araudi edo lege bateraturik. Horregatik, tokian-tokian, errealitate ezberdinak aurki daitezke. Hala, posible da estatu bateko eskualde bereko bi udalerritan araudia ezberdin aplikatzea, edo bi hiritan araudi ezberdinak izatea.

Galizia

Zailtasunak. 2018ko uztailaren 2an jarri zen indarrean Galiziako Ikuskizunen Lege berria. PPk, parlamentuan gehiengoa izaki, bere kontu onartu zuen legea, inorekin adostu gabe. Kasu honetan ere, lizentziarik ez duten aretoek jasan dituzte gehien legearen eraginak. Araudiak ez dio ezin dituztela ikuskizunak antolatu, baina horiek egiteko baldintza zorrotzak ezarri ditu. Hala, baimena jaso ahal izateko baldintzetako asko ezin dituzte bete aretoek. Hainbat udalek, hala nola Santiago de Compostelakoak eta Pontevedrakoak, legea aztertu dute, beste era batera aplikatu eta aretoek emankizunak antolatzea errazteko. Horrez gain, lege ekinbideak ere abiatu dituzte, araudia aldatzeko. «PPk nahi duena egin du», azaldu du Manuel Alonsok, Musicos Ao Vivo musikarien elkarteko kideak. «Santiagon, esaterako, alde zaharreko aretoek ezin zituzten kontzertuak egin, baldintzak ezin zituztelako bete».

Herrialde Katalanak

Bartzelona. Kataluniako hiriburuaren kasuan, udalak kultura indartzea hartu du ardatz. 1996an sortu zuen Kulturaren Institutua Bartzelonako Udalak. Hark bultzatu du Culturas Vivas programa. Kultur espazioak sustatzeko proiektuen ikerketa eta garapena du xede programak, eta Kulturaren Institutuak, udalak nahiz eragile eta proiektu sozialek eta kulturalek hartzen dute parte. Kulturarekin lotutako arloei buruz eztabaidatu, eta legeak prestatu dituzte. Esaterako, martxan dute Musica al carrer de Barcelona proiektua. Udala musikariekin eta hainbat eragilerekin batu da kaleko musikarien egoera erregulatzeko. Eremu hori bultzatuko duen kultur programa bat sortu nahi dute. Horrez gain, kultur gaiez hitz egiteko jardunaldiak antolatzen dituzte. Azkeneko aldian, musikarien soldaten auzia landu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.