Albistea entzun

EPPUR SI MUOVE

Atzoko garrasi erreginak, gaur garaipen ainuriz

Janet Leigh aktorea oihuka, After Hitchcockek zuzendutako <em>Psycho</em> (1960) filmeko eszena gogoangarrian.
Janet Leigh aktorea oihuka, After Hitchcockek zuzendutako Psycho (1960) filmeko eszena gogoangarrian. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Begoña del Teso -

2023ko martxoak 24

Ilunabarreko izakiak zareten (garen ) guztiok ederki asko ezagutzen duzue (dugu) ingelesez (Hollywoodeko ingelesez) barneratu eta gure egindako Scream Queens esamoldea.

Ez, ez naiz ari suerte txarreko telesail hartaz, nahiz eta bertan sakon maitaturiko (Lady) Jamie Lee Curtis Oscarduna eta American Horror Story-ren hainbat denboralditan parte hartutako Emma Roberts izan. Ezin hobeto dakite biek zeluloidezko eta telebistako izuaren nondik norakoa.

Zinemaren Historian zehar munstro baten aurrean, hiltzaile baten parean, hondamendiaren ertzean zirela, abilezia handiz, dotorezia primerakoz eta estiloa galdu gabe, oihuka, garrasika, aieneka hasten ziren antigoaleko aktore emakumeez ari naiz.

Jakina, biriketako indar guztiz eta desespero bizian aritzen ziren deiadarka, antzinako heroi tradizionalaren beharra baitzuten. Tradizionala? Bai, arra, zuria, guapoa, indartsua; infernu guztietako piztia oro gaindituko zuena.

Bai, badakit pasatutako garaietako kontuak direla eta istorio horiek ez dutela emakumeon potreta oso atsegina, erakargarria edo ahaldundua eratzen, baina zer nahi duzue? Halakoxeak ziren garaiak, eta ez pentsa, egun harro jotzen ditugu ahizpatzat Scream Queens horiek.

Egia esan, nahiko balentak ziren. Egiari zor, baldin bazinen 1930ko neskatila zuria, New Yorkekoa, eta derrepentean ezezaguna zenuen Afrikako oihan batean tximu erraldoia agertzen bazitzaizun, eskuan (ez besoetan, ez, eskuan idatzi dut nahita) hartzen bazintuen eta kilika hasi, normala oso zu garrasika hastea. Gero gerokoak. Gero, maiteminduko zinen Empire State dorrearen puntan abioien kontrako borrokan hilko zen King Kongekin.

Urteetan, filmetan, ezinbestekoak izan ziren oihukatzen zekiten aktoreak (ez al dira ba, gaur egun, oso garrantzitsuak gurean irrintzika dakitenak, eta Irango, Irakeko, Arabiako zaghareet soinua —festetan zein dolu uneetan— menderatzen dutenak?).

Scream Queens deitzen zieten, Garrasiaren erreginak. Izenak badakizkigu. Buruz. Bihotzez.

Haien artetik, lehenbizikoaren oihua ez dugu inoiz entzun, artean zinema ez baitzen hitzaren jabe, baina duda izpirik ez izan, ederki egiten zuen heiagora 1920ko Das Cabinet des Dr Caligari-n agertzen zen Lil Dagoverrek. Bere pertsonaiak markatu zuen beldurrezko zinemaren hastapenetako heroi emakumeen estiloa: zurbil-zurbila azala, beltz-beltzak begiak eta ilea.

Murnauren Nosferatu-ko Greta Schroder izan zen bigarrena, 1922koa baita adoratzen dugun maisulan hori. Benetako pasadizoa ez bada ere, luzaz sinetsi genuen askok banpiro benetakotzat jo izan zen Max Schreck aktoreak koska egin ziola, eta... betirako iraungo zuela bizirik, ez-hildakoek nola.

Zinemak hitza eta oihua bereganatu bezain pronto, 1931n beste banpiro batek, Tod Browningen Draculak, seduzitu egin zuen Helen Chandler, eta berak, amodio infinitua onartu aurretik, oihu egin zuen.

Eta erregina horien guztien enperatriza, Fay Wray! King Kongen biktima/amorantea. Hain ziren altuak grabaketa saio bakarrean hartutako bere garrasiak, ezen pelikula estreinatu orduko ikonikoak bilakatu baitziren.

Beste hamaika garrasi erregina izan ziren. Betiko aitortza zor diegu Les Diaboliques-eko Vera Clouzoti, Italiako izuaren maisu handiekin lan egindako Barbara Steeleri, Psycho-ko Janet Leighi, Texas Chainsaw Massacre-ko Marilyn Burnsi.

Marilyn, bai. Beste Marilyn hura. Texasekoa. 1974an, berarekin hasi zen, hain zuzen ere, Scream Queens-en mendekua. Ez dizuet kontatuko Tobe Hooperren filmaren azken eszena ikaragarria, baina zin egiten dizuet, Carol J. Clove historiagileari eta bere Men, Women, and Chain Saws: Gender in the Modern Horror Film lanari leial jarraiki, hor hasi ginela garrasiari uko egiten eta beldur oihu hori garailearen ulu eta gure izaeraren ikur gisa erabiltzen.

Zertara datorren izkribu hau guztia? Bada, gomendio baten atari moduan. Ikustea behar-beharrezkoa den Chloe Okunoren Watcher ez baduzue dastatzen, ez duzue sekula jakingo horrorea gurea denik. Dagoeneko.

Kathryn Bigelow, Julia Ducournau, Carlota Pereda zein Laura Mora ahizpek urraturiko xenda bera zapaltzen du, oldarrez, Chloek. Beste pista bat emango dizuet, esperantzaz beterikoa. Pasa den Sitgeseko zinemaldian, emakume egileak espantuzko zinemara erakarri asmotan, beldur clinic bat izan zen, Paco Plazak bideratua. Nortzuk partaide? Bada, Anna Fernandez de Paco, Eva Saiz, eta... 20.000 sari espezie jasotzen ari den Estibaliz Urresola Solaguren! Egigun ulu, ainuri, orro.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Leemansen 'Ximinoa' filma. ©Gastibeltza Filmak / Al Borde Films

Del Campo, Herguera, Leemans eta Perez Sañudo, Kimuak-en katalogoan

Andoni Imaz

Hautatutako zazpi film laburretatik bakarra da euskara hutsezkoa: Iban del Camporen Sorbeltza. Itziar Leemansen Ximinoa euskaraz eta frantsesez da.

Iruñeko Gazteluko plaza, 2022ko uztailaren 6an, Carlos Jean DJa ari zelarik. ©Rodrigo Jimenez, EFE

Merina Gris, Olaia Inziarte, Skabidean eta ETS Iruñeko sanferminetan arituko dira

Uxue Rey Gorraiz

Uztailaren 6tik 13ra izanen diren kontzertuak iragarri ditu Iruñeko Udalak: kontzertuak Gazteluko plazan eta Konpainia plazan izanen dira. Foruen plazan DJak ariko dira, arratsaldez eta gauez.

Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.