Albistea entzun

Markel Irizar. Trek taldeko zuzendaria

«Estrategia da Roglici irabazteko modu bakarra»

Euskal Herriko Itzulia Trek taldearen autotik bizi izango du Markel Irizarrek. «Oso lasterketa taktikoa» izatea espero du, eta soilik Evenepoel dakusa Roglicekin parez pare lehiatzeko moduan.
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2022ko apirilak 3

Zuzendari zorrotza da Markel Irizar (Oñati, Gipuzkoa, 1980). Ez da edonola asetzen, eta ziklistei «oso altu» jartzen die langa. «Txirrindulari nintzenean baino askoz ere anbizio handiagoa dut orain». Jakitun dago Trek baino talde indartsuagoak egongo direla Itzulian, baina ez du exijentzia maila jaitsiko. «Dudanari %200 ateratzen saiatuko naiz».

Zure bigarren Itzulia izango da zuzendari lanetan. Txirrindulari zinenean baino urduriago zaude?

Ezin daiteke alderatu: lasaiago nago orain. Txirrindulari gisa oso bestela bizi dituzu halako momentuak. Egia da zuzendari moduan lan dezente egin behar duzula aurretiaz, eta ziklista zarenean ez zara horretaz ohartzen. Bizitzan ere hala gertatzen da: zuri tokatu arte, ez zara gauza askotaz konturatzen. Ez nuen pentsatzen hainbeste gauza zeudenik zuzendari lanaren atzean.

Iazko Itzuliaren aldean, ematen du aurten baldintza normalagoak izango dituzuela, burbuilari eutsiko zaion arren.

Argi dago oso garai gogorrak izan direla denontzat, eta, egia esan, sasoi hasiera hau ere nahiko kaotikoa izan da. Jendeak ez zuen positibo ematen, baina asko bronkitisak jota egon dira, eta egoerak buruhauste handiak eman dizkigu plangintza aldetik. Orain, behintzat, martxan gaude. Ematen du koronabirusaren orria pixkanaka pasatzen ari garela, eta eskerrak. Gogo handia dut zaleekin berriz harreman zuzena izateko.

Errepidean nolako lasterketa izatea espero duzu?

Alde batetik, ikusi beharko da zer eguraldi egiten duen. Nire ustez, erlojupekoak lehen aldeak irekiko ditu. Oso teknikoa da; aerodinamikak baino garrantzi handiagoa izango du bizikleta gaineko abileziak. Betikoak egongo dira aurrean. Batzuk 20-30 segundo galduta aterako dira, eta baldintzatuta egongo dira hortik aurrera. Arrateko etapan, jendeak estrategia aurrez jokatu beharko du, azken igoeran oso zaila baita lasterketa apurtzea.

Azken etapan erabakiko da, ala aurreko egunetan ere egongo da saltsa?

Ez dut uste alde handirik izango denik Zamudion eta Mallabian bukatzen diren etapetan. Batak Viveroko igoera du helmuga baino kilometro batzuk lehenago, eta bestea koska batean bukatzen da; halere, paretsu egongo dira indarrak. Abantaila soilik taktikoki lortu ahalko da. Gero, kontuz Amurrioko etaparekin. Gogorra da, eta errepide estuetan ibiliko dira. Lasterketa pikutara joan ahal zaio baten bati.

Ez al da gogortasun apur bat falta faboritoen lehia ikusgarriagoa izan dadin?

Egungo txirrindularitza hain dago parekatuta, edozein mendate jarrita ere multzo handi bat irits daiteke bukaerara. Askotan, gogortasuna eta ikuskizuna ez daude lotuta. Ikusi, bestela, Carapaz eta Higuitak Kataluniako Voltan egin zutena. Ikuskizunik handiena taktikek eta txirrindularien jarrerak sortzen dute. Edozein izkinatan egiten dute eraso gaur egun, eta niri asko gustatzen zait lehiatzeko modu hori. «Zer gertatuko da gaur?», galdetu ohi dugu zuzendarion artean, eta, batzuetan, ez dakigu zer erantzun. Hori oso ona da ziklismoarentzat.

«Denak Roglicen aurka». Gidoi hori izango du lasterketak?

Roglic eta Pogacar beste guztien gainetik daude gaur egun, eta lasterketak guztiz baldintzatzen dituzte. Itzulian ariko direnen zerrendari begiratuta, nork du gaitasuna erlojupekoan eta maldan gora Roglic bezain ondo ibiltzeko? Hura da faborito nagusia, argi eta garbi. Talde oso sendoa du, gainera. Ion [Izagirre] eta Pello [Bilbao] ondo ibiliko dira agian, baina, Roglici irabazteko, estrategia da modu bakarra. Hondarribiko erlojupekoan bertan, litekeena da hura izatea hautagairik onena.

Buruz buru, Evenepoelek dirudi Roglici euts diezaiokeen hautagai bakarra.

Erlojupekoan, baliteke Roglicen pare edo hobeto aritzea Remco. Haren arazoa zera izan daiteke, oso lasterketa teknikoa izango dela, eta bera ez da txirrindularirik trebeena. Agian sufritu egingo du jaitsieretan, baina hura da Roglicen mailan aritu daitekeen bakarrenetakoa. Beste hautagaiak ere oso onak dira, baina erlojupekotik denbora galduta irtengo dira. Alaphilippe koska bat beherago ikusten dut, baina Evenepoelek eta biek min egin diezaiokete Roglici: oso lasterketa taktikoa izango da, eta, argi jokatzen badute, probetxu handia aterako diote talde lanari.

Pogacarrek ondo egin du Flandriako Tourra lehenetsita?

Bai. Pena ematen dit euskal herritar moduan, baina Flandriako Tourra monumentu bat da, eta oihartzun handiagoa du. Gainera, ez dizut esango Itzulia nahi duenean irabaziko duela, baina ziurrenik izango du aukera beste noizbait. Flandriako Tourra irabazten badu, kalifikatzaileak amaitu egingo lirateke. Erronka geroz eta zailagoak nahi ditu.

Harbideetako espezialista handiei nagusitzeko moduan ikusten duzu?

Baliteke. Berarentzat ez da oso lasterketa arriskutsua, bizikleta oso ondo kontrolatzen duelako. Eta, ezaugarri aldetik, erresistentzia handia du, eta erritmo aldaketa bortitzak egiten ditu. Gerta daiteke Paterbergen erasoa jo eta Van der Poel, adibidez, erantzun ezinik gelditzea. Ordekan agian harrapa lezakete, baina kontuz. Egia esan, belaunaldi hau opari bat da ziklismoarentzat.

Ziklista gisa, arrastoa utzi zizuten Flandriako probek. Garai haiek pasatu dira, ordea. Ohitu zara bizimodu berrira?

Orain kosta egiten zait oroitzea txirrindulari izan nintzela. «Ni artista hauekin nenbilen?», galdetzen dut nire artean. Aurrez erabaki nuen noiz erretiratu, eta aukera izan nuen dena ondo kudeatzeko. Eta, hala ere, aitortu behar dut ez dela erraza izan. Konturatu naiz txirrindularitza behar dudala. Talde baten parte sentitzeak garrantzi handia du niretzat. Taldekideekin izaten nuen giro horren, kimika horren falta, adibidez, sumatzen dut. Eta lasterketetako adrenalinarena ere bai.

Nolakoa zara zuzendari gisa?

Batzuk oso lasaiak dira, eta tentsio handiko momentuetan ez dira senetik ateratzen. Nik hor esfortzu bat egin behar dut, sutsuagoa naizelako. Norbait animatu behar denean ematen dut onena. Bestalde, txirrindulari nintzenean baino askoz ere anbizio handiagoa dut orain. Asko eskatzen diet txirrindulariei, eta gazteak ere estutu egiten ditut. Estresik ez izateko esaten diet, baina ezin diet erlaxatzen utzi, adin bertsuko jendea sekulako gauzak ari baita egiten. Ayuso Voltan bosgarren egiten ikusi, eta 23 urterekin pasatu den bati ezin dizkiot hiru edo lau urte eman egokitzeko.

Txirrindulari ohia izanda, ez zenuke bigunagoa izan beharko?

Ez pentsa txirrindulariei belarritik tira egitekoa naizenik. Baina, era berean, muga oso altu jartzea gustatzen zait. Profesionalak gara, txirrindularitza oso kirol sakrifikatua da, eta ez dit balio gauzak ongi egiteak. Egun asko dira etxetik kanpo, arriskuan eta gosea pasatzen. Egindako lan guztia ezin du mentalitate txar batek zapuztu. Dena eman behar dugu, jakinik batzuetan gu baino askoz talde hobeak daudela; adibidez, hala gertatuko da Itzulian. Baina dudanari %200 ateratzen saiatuko naiz, hori ziur.

Ikusi gehiago: Itzulia zirraragarri dator berriro

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Gizonezkoa, LGTBIren ostadar banderarekin. ©EFE

Aske utzi dute LGTBI banderarekin zelaira salto egin ondotik atxilotutako gizona

Julen Etxeberria

Portugalen eta Uruguairen arteko partidan egin du ekintza. Ukrainaren eta Irango emakumezkoen aldeko mezua ere atera du. Ez diote zigorrik ezarri.

 ©NURIA CASTEJON

«Aurkariek egindako kanpainengatik du ospe txarra Qatarrek»

Ricard Gonzalez

'Qatar. La perla del Golfo' liburua idatzi du Alvarez-Ossoriok. Nabarmendu du Qatar potentzia txikia dela berez, baina potentzia ertaina arlo ekonomikoan eta energetikoan: «Eta hala jokatzen du».
AEBetako eta Irango jokalariak, 1998ko Frantziako Munduko Kopan jokatu zuten norgehiagokan. ©BERRIA

Baloia, geopolitikaren gainetik

Ainara Arraitbel Gascon

24 urteren ostean, AEBek eta Iranek elkarren aurka jokatuko dute gaur. Final-zortzirenetarako sailkatzea izango dute jokoan. Geopolitikoki ere esanahi handia du neurketak.

Brasilgo selekzioko jokalariak, Suitzari sartutako gola ospatzen. ©RUNGROJ YONGRIT / EFE

Brasil eta Portugal Qatarko Munduko Kopako final-zortzirenetarako sailkatu dira

Zuriñe Iglesias Sarasola

Brasil eta Portugal Qatarko Munduko Kopako final-zortzirenetarako sailkatu dira. Brasildarrek Suitza hartu dute mendean (1-0), eta portugaldarrek, Uruguai (2-0).

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...