Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Amets bat

2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Marta Maté upategiak Ribera del Duero sor-markapean merkaturatzen ditu ardoak. Marta Castrillo eta Cesar Mate dira upategiari izena ematen diotenak, lehenengoaren izena eta bigarrenaren abizenak elkartuz.

Guztira lau bazkidek osatzen dute proiektua, baina askoz jende gehiago dago proiektuarekin inplikatuta. Marta Mate, proiektua abian jarri aurretik, beste upategi batzuetan aholkulari moduan aritu zen. 2001ean hasi ziren mahastiekin lanean, baina 2008an egin zuten lehen aldiz ardoa, Gumiel de Mercadon (Burgos, Espainia) landatutako mahasti bateko mahatsak erabiliz.

Hiru mila botila baino ez ziren izan, baina kritika aldetik oso arrakastatsua izan zen, Parkerrek 95 puntuko balorazioa eman baitzizkion Primordium lehen ardo hari. Ametsa posible zen.

2013ko maiatzean instalazio batzuk erosi zituzten Tubilla del Lagon (Burgos, Espainia), eta upategiko lana hantxe abiatu zuten. Dueroko erriberan dago upategia, eraikin xumea da, kalitate handiko ekoizpen txikiak egiteko pentsatutakoa.

Tubilla del Lago IX. mendean eraikia zuten, tradizio luzea du ardogintzan, eta haren kaleetan, lurpeko hainbat upategi mantentzen dira oraindik gaur egun.

25 hektareatan banatzen dira Marta Materen mahastiak, Gumiel de Mercadon, 910 metroko altueran. Lurrak oso konplexuak eta askotarikoak dira, ikerketa edafologiko batek dioenez, hamasei lur mota desberdin dira, hain zuzen ere. Hareazko lurrak, kareharri puruz osatutakoak... baina betiere, buztinez edota kareharriz nahastuta.

Haien mahasti propioez gain, Tubilla del Lago herriko mahats aukeratuak ere erabiltzen dituzte zenbait ardo egiteko.

Marta Matekoek ez dituzte ardo kopuru handiak egiten, eta upategia xumea da, baina mahasti propioak dituzte, eta mimo handiz zaintzen dituzte, mahats bikainak eskainiz; eta haiek esaten duten moduan, «egunero giza lantaldeko partaideek irribarre batekin egiten duten lan arduratsuari esker, ardo bakanak eta bikainak lortzen ditugu, gure ardoak».

Ekologikoan egiten dute lan: inausketako hondarrak birrinduz, landare estalki naturalak erabiliz, mahastiaren inguruan dabiltzan ardien zimaurrarekin konpostatuz, animaliak erabiliz mahastietako lanetan, makinen erabilera murriztuz, lurra ez trinkotzeko, lurren biologia hobetzeko, mahastien osasuna zaintzeko, eta, azken finean, mahatsen espresioa hobetzeko egiten dute.

2012tik biodinamikan ere ari dira, mahasti guztietan ez bada ere. Sei ardo egiten dituzte: gorri bat eta bost beltz. Primordium eta Marta Maté nabarmenduko nituzke guztietatik, biak ala biak tinto finoz (tempranilloa) egindakoak. Promordium boteretsuagoa da eta Marta Maté konplexuagoa, sentsualagoa, iradokitzaileagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.