Venezuela. Batzar Konstituziogilerako bozak. Maria J. Berrio. Batzarrerako hautagaia

«Venezuelan hasiko dira urak bere onera etortzen»

Chavistak «indartuta» atera dira bozketatik, Berrioren ustez. Nahiz eta pentsatu nazioarteak presioa handituko duela, uste du «iraultzan sakontzeko aukera» izanen dutela.

mikel rodriguez
2017ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Emaitzen esperoan harrapatu du BERRIAk Maria J. Berrio Batzar Konstituziogilerako hautagaia (Maracay, Venezuela, 1956). Pentsiodunen sektorean aurkeztu zen Mendebaldeko Erdiguneko barrutitik, Herri Plataforma Konstituziogilea eta Araña Feminista (Armiarma feminista) erakundeen babesarekin. «Nik uste bizpahiru egun beharko ditugula sektorekakoen emaitzak jakiteko, baina garrantzitsuena herri honek egin duen prozesu parte hartzailea izan da».

Lara estatuan aurkeztu zara. Nola joan zen bozketaren eguna?

Herrialde osoan indarkeria ekintza gehien pairatu duten hirien artean dago Barquisimeto. Laran hauteskunde zentroen aurkako hainbat eraso egin zituzten. Nik duela hogei urtetatik bozkatzen dudan zentroari molotov koktel bat bota zioten, nire etxetik bi karrikatara. Goizaldean izan zen hori, eta hunkigarria izan zen ikustea 07:00etarako jendea bozkatzeko esperoan zegoela. Tentsio handia egon zen egun guztian, baina jendeak botoa eman zuen. Nik ez dizut erranen zortzi milioi horiek denak chavistak direnik, baina bakea defendatzen dute, eta gauzak modu horretara konpontzea erabaki dute.

MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiak agintzen du estatu horretan, baita Barquisimeto hiriburuan ere.

Alkatea zuzenean nahasita egon da karrikako indarkeria ekintzetan. Salaketa bat paratu zioten, eta Auzitegi Gorenak deitu zuen herritarrak babesteko hartu behar zituen neurrien berri emateko. Ez zen agertu, eta desmen egiteagatik atxilotu zuten. Nik, atzerrira begira gehienbat, gauza bat nabarmendu nahi dut. Mundu osoko herriek askapenerako proiektuetarako erabili dituzten sinboloez eta borroka moldeez jabetu da oposizio hau: «erresistentzia» eta «askatasuna» aldarrikatzea, kaputxa bat janztea, karrikak ixtea... Nik ez diet barrikada erran nahi, barrikadak askapen proiektuek paratzen baitituzte. Horrela nahasten dute nazioartea, baita ezkerreko kamarada anitz ere, baina arreta paratu behar zaio oposizio horrek defendatzen duen proiektuari. Proiektu inperial eta neoliberala defendatzen du, baliabideak entregatzea. Nor dago haren gibelean? Latinoamerikako zein gobernuk babesten dute? Hori da garrantzitsuena.

Parte hartzea %41,5ekoa izan da. Nicolas Maduro presidentea hagitz kontent agertu da, baina oposizioak ez du kontuan hartu emaitza. Nola eraginen du?

Bagenekien oposizioa saiatuko zela gertatuko zen edozer ezkutatzen, garrantzia kentzen. Haien agintari nagusiek ez, baina jende arruntak ikusi du herritarrek pozik bozkatu dutela, etxe ondoan dituzten zentroetan ikusi dute. Horregatik, liderrek duten jarrera da hori ezkutatzea, nazioartean duten babesa mantentzeko, eta alde duten jende arruntaren artean gorrotoa sustatzeko. Uste dugu heldu diren egunetan indarkeria gogortuko dutela, baina porrot sentipenarekin gelditu dira. Chavistok, ordea, indartuta atera gara. Egia da egoera ekonomikoarekin haserrea eta kezka dagoela, eta horrek eragin digu espazio komunitarioetan antolatzerako orduan. Une batean pentsatu genuen «agian egia da gutxi garela», baina berriz ere karrikan topatu dugu elkar, indartu egin gara, eta iraultzan sakontzeko aukera dugu orain.

Nola hasiko da Batzar Konstituziogilearen lana? Agendaren bat dauka, edo orri zuri bat du betetzeko?

Maduro presidenteak proposatu duen agenda bat dago. Ekonomiarako proposamenak daude, baita Justiziakoak ere gertatu diren gauza hauen guztien inpunitatea bukatzeko, eta ustelkeriari aurre egiteko neurriak, adibidez. Baina mugimendu sozialetatik gatozenok bertze gai batzuk ere sartu nahi ditugu agendan. Errate baterako, Maduro presidenteak proposatu zituen gaien artean dago komunak konstituzioan onartzea, baina ez dago zehaztuta. Guk uste dugu urrutiago joan behar dela, estatu komunal bat osatzeraino, zehazteko herriak nola parte hartuko duen etenik gabe erabaki guztietan.

Zer gertatuko da parlamentuarekin?

Erabakitzeko dago. Venezuelako Alderdi Sozialista Bateratuko [PSUVeko] presidenteordeak atzo adierazi zuen aitzineko esperientzian [1999an] orduko organo legegileak —Kongresu Nazionalak— eta Batzar Konstituziogileak batera jardun zutela, nahiz eta konstituziogileak eskumen legegilea hartu, gainetik dagoelako.

Latinoamerikako herrialde handienek ez dute Batzar Konstituziogilea onartu edo kritikatu egin dute bozketa egin izana, Europako Batasuna ere aurka mintzatu da, eta AEBek presioa mantentzeko asmoa dute. Zereragin izanen du horrek?

Presio egiten jarraituko dute iraultza bolivartarra desager dadin, eta baliabide naturalez jabetzeko. Botere sistema kapitalista horren oinarria da Venezuelako baliabideez jabetzea, baina munduari lezio bat ere eman nahi diote, erakusteko ezin dela proiektu politiko bat eraiki herriak definituta eta herriaren parte hartzearekin. Uste dugu Estatu Batuen zigorrak etorriko direla, eta nazioarteko jarrera gogortuko dela, baina estrategia berriak definituko dituzte.

Zergatik?

Huts egin baitie kaosa sortzeko estrategiak; hau da, karrikak hartu eta gobernuaren aurka dagoen gehiengo bat dagoela irudikatzeak, esku hartze humanitario baten eskean legokeen gehiengo baten itxurak, huts egin die Venezuela barrenean. Pertsona horiek orain ez dute duela hamabortz egun zuten indar berbera izanen karrikara atera eta ekintzak egiteko. Zigorrak etorriko dira eta errealitatea ezkutatzen saiatuko dira, baina Venezuelan urak hasiko dira bere onera etortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.