Lehortea Euskal Herrian

Egoera larriagorako prestatzen ari dira Iparraldean

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Idortearen ondorioz, egoera kezkagarria da Ipar Euskal Herrian. Meteo France erakundearen arabera, urte hasieratik %50 eta %75 arteko euri defizita izan da lurraldean. Maiatzetik, gainera, bero olde handiak gertatu dira, eta horrek egoera okertu du: Meteo Franceren arabera, 2022ko uda izan da inoizko beroena. Faktore horiek idorte egoera larria eragin dute, eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturak krisi egoera ezarri du Ipar Euskal Herriko 95 herritan. Agorriletik, neurri zenbait bete behar dituzte herritarrek: baratzeak ureztatzeko ordutegi murriztuak dituzte, eta guztiz debekatua da ibilgailuen edota etxe aitzinaldeen, teilatuen eta bide bazterren garbitzea, etxeetako igerilekuen betetzea edo iturri publikoen urez hornitzea.

Neurriek, halere, ez dute eragin nahikoa izan. Iraila hasierako euri doiak ere ez. Hala, Euskal Hirigune Elkargoaren arabera, «tentsioa handia» da oraindik ere. Ez dute uste, gainera, hobera eginen duenik. «Iraileko egoerak bere horretan iraunen du, baina, urrian, aktibitate osoa berreskuratzeak eragina izango du beharretan; are gehiago, Meteo Francek datozen hamabost egunetarako euri handirik ez du iragarri, eta datozen sei asteetarako joera ez da baikorra, aurreikuspenen arabera», esplikatu dute.

Kezkaz hartu dute udazkenean etor litekeena ere: «Ur eskasiaren ondotik eurite handiak helduko badira, uholde handiak ere gerta daitezke».

100.000 botila ur

Ondoko asteetan gertatuko dena iragartzea «oso zaila» izanik, oro arras makur joanez gero, «badaezpada» 100.000 botila ur manatu ditu elkargoak. Urdazubi ibaiko ur maila biziki apala denez, inguruko herrietako hornidura egiteko zailtasunak ager daitezkeela erran du Thierry Patouille ur zerbitzuaren zuzendari nagusiak France Bleu irratian. Izan ere, udan Ortzaize (Nafarroa Beherea) inguruko herriak kamioien bidez hornitu ahal izan badituzte ere, Urdazubi inguruko herrietan, Donibane Lohizune inguruetan (Lapurdi), hori egitea «ezinezkoa» da, eta horregatik ur botilak manatu behar izan dituzte, «zernahi gerta».

Elkargoak, anartean, neurri berezi batzuk hartu ditu. Herri batzuen ur sistemak lotu ditu, edo lotuko ditu, eta aurreztutako ura lurralde defizitarioenen mesederako izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.