arantxa iraola
Koronabirusa. ANALISIA

Hamar paradoxa

2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Osasun krisiaren hasieran hartutako zenbait erabaki paradoxaz beteak izan ziren. Hala ere, osasun larrialdiaren gordinaz jabetuta, ulertu beharrezkotzat jo ziren gizartearen partetik; ia txintik ere esan gabe onartu ziren kasu askotan. Ulertzen zailagoak dira orain. Birusaren aldaera berriak «oso erasokorrak eta kutsakorrak» direla esaten badaramatzate agintariek, adibidez, hainbat eta hainbat aste, izurriaren beste olatu baten gaineko abisuak ematen, eta halakoen aurrean neurri eraginkorrak hartzeko erakutsi den gaitasunik eza bera paradoxa bat da. Lehenengo horri erantsita, horra hilabeteotan agerian geratu diren beste bederatzi. Hamar dira denera; izan zitezkeen hamaika.

Guztiz paradoxikoa izan da, adibidez, izurriaren kudeaketan aisialdiarekin lotutako orori eman zaion lekua. Orokorra izan da hori instituzio guztien partetik, eta alor horrekin lotutako goiburuz bete dira izurriari jarraipena egiteko albistegi asko: era obsesiboan ia. Kontraesan horren tamainaz erreparatzeko argigarria da, esaterako, Jaurlaritzako Osasun Sailaren portaera: apenas ematen duen argibiderik kutsatzeen sorburuaz, kasuen %50 identifikatzen dituela esaten du, baina ez du ia datu zehatzik ematen horien jatorriaren inguruan. Hala ere, prebentzio neurri nabarmenenak, eta horiek iragartzeko adierazpen publiko ia denak, ardazten dira aisialdiaren inguruko eremuetara begira. Erretratuaren zati txiki bat erakusten ari dira horrela.

Zail da ulertzen testen inguruan erabiltzen den estrategia ere. Aditu askok diote aukerak badirela test gehiago egiteko, mundu zabalean esperientzia askotarikoak badira, baina aski mugatua da oraindik erantzuna. Sintomak agertzen direnean, pertsona bat infektatu baten kontaktua dela ebazten denean—oso gertuko erlazioa egiaztatu behar da horretarako—, edo toki jakin batean baheketa bat egitea erabakitzen denean. Hiru egoera horietan egiten dituzte osasun sistema publikoek, oro har, testak. Ikusi da horiekin bakarrik, ordea, ezin dela hesitu birusa.

Elkarrengandik hurbil egon ezina ekarri du birus honek, eta erraz loratzen dira hor ere kontraesanak. Bizitzaren arlo pribatuarekin lotuta daude asko; zail da hor arrisku oro saihestea, inon besarkada klandestinorik ez dela egongo ziurtatzea. Toki publikoetan, ordea, neurri irmoagoen falta agerikoagoa izan da. Jendez betetako autobusen eta metroen irudiak eguneroko kontua izan dira, adibidez, eta horietara begira hartu diren neurriak, beste eremu batzuetan hartu direnekin alderatuta, urriak izan dira.

Antzera, aireztapenarekin. Lan handia egin behar izan dute zientziaren komunikazioaren arloan ari diren hainbat eragilek aerosolek izurri honen garapenean duten garrantziaz ohartarazteko, eta toki itxietan aireztapen ona ezinbestekoa dela adierazteko. Instituzio publikoek puska batean ez zieten eman, ordea, aireztapenaren gaineko ohartarazpenei distantziari, eskuen garbiketari eta maskarei eman zieten garrantzia. Erantsi dituzte orain, baina toki itxietan aireztapena ona dela bermatzeko neurriak orokortzea falta da oraindik.

Beste paradoxa bat: osasun irizpideak erabili dira beti argudiotzat, baina bizitza bere zabalean hankaz gora jarri duen izurri batean. Ardura indibiduala ezin da inoiz gutxietsi edo zuritu, baina kutsatuta egoteak edo kontaktu izateak etxean hamar eguneko bakartzea eskatzen du, adibidez, eta ez da nolanahiko betebeharra; zama ekonomiko handia da sendi askorentzat, eta zaintza aldetik ere konpontzen aski zaila. Halako egoerak arintze aldera berariaz hartu diren neurriak, ordea, oso urriak izan dira.

Ahoa bete-bete eginda aipatu da usu egoeraren larria, baina gero kosta ahala kosta egin da, zirrikitu bat ikusi orduko, lehenagoko normaltasunera itzultzeko ahalegina. Berriz oldartutako olatuen arriskuak izu gutxiago eman du, izurria apalaraz dezakeen bizitza eraberritu bat irudikatzeak eta bideratzeak baino.

Txertaketak ere agerian utzi ditu ulertzen zail diren hainbat erabaki. Txertoaren garrantzia behin eta berriz nabarmendu da, baina gero trabak jarri zaizkio. Txertoen balizko arriskuen gaineko informazioen harira erakunde publikoek azken asteotan hartu dituzten erabakiak, esaterako, horren erakusgarri argia dira. Txertoak ekoizteko eta banatzeko prozesua, halaber, paradoxaz beteta dago, eta munduan aurrez arraildutako zauri asko handitu besterik ez du egin.

Paradoxikoa da, oro har, zientzialarien ahotsa entzunarazteko administraziotatik egin den ahalegin apala ere. Gobernuetako ordezkariek hartu dute, gehienetan, izurriaren kontrolerako erabakien gaineko azalpenak emateko ardura, eta kultura zientifikoaren zuztarretan errotua behar lukeen kudeaketak aparteko garrantzia hartu duen garaiotan, zeharbideetatik heldu dira usu zientzialarien irizpideak.

Ezin buka soka hau esan gabe administraziotik hitza hartu dutenak maizegi gizarteari zuzendu zaizkiola errietan: kontrolerako neurriek porrot egin dutenetan, birusa hesitzeko gakoa erantzukizun pertsonalean dagoela gogorarazi dute. Autokritika, berriz, urria izan da. Paradoxikoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.