EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen arteko ituna egon liteke Bizkaian

Andeka Larreak (Ahal Dugu) esan du negoziazioak «bide onetik» doazela. Akordioak «gehiengo progresistak» ezarriko lituzke Durangon eta Elorrion. Ituna gaur edo bihar iragar lezakete

Andeka Larrea Ahal Dugu-ko komunikazio idazkaria, Bilbon egindako agerraldi batean. JAVIER ZORRILLA / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
EAJren eta PSE-EEren arteko negoziazioa iritzi publikoaren arreta ia osoa erakartzen ari da, baina, udal gobernuak osatzeko prozesuan, beste gehiengo batzuk ere erabakigarriak izan daitezke. Esaterako, aurreko legegintzaldian Errenterian (Gipuzkoa) garatutako eredua Bizkaiko zenbait herritara eraman lezakete EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, bi koalizioen arteko negoziazioak arrakasta izaten badu. Durangon (Bizkaia), EAJ lehenengo aldiz alkatetzatik kentzea litzateke akordio horren ondoriorik ikusgarriena.

Aurreko agintaldian, EH Bildu izan zen Errenterian boto gehien lortu zuen zerrenda, baina haien zazpi zinegotziei Errenteria Irabaziz plataformaren laurak gehitu ahal izateak eman zion alkatetza EH Bilduren Julen Mendozari —PSE-EEk zazpi zinegotzi izan zituen, eta EAJk, hiru—. Itxura guztien arabera, antzeko zerbait gerta daiteke orain, Durangon.

Badaude aldeak, ordea, Errenteriako eta Durangoko kasuen artean. Durangon, azken berrogei urtean, alkatea beti izan da jeltzalea, eta, orain ere, EAJ izan da boto gehien bildu duen alderdia. Baina zortzi zinegotzi baino ez ditu, eta, PSE-EEren biak batuta ere, ez dira nahikoak EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen gehiengoa gainditzeko —zazpi zinegotzi ditu EH Bilduk, eta lau Herriaren Eskubideak, Elkarrekin Podemosen plataformak—.

Durango da kasurik esanguratsuena, baina ez bakarra. Elorrion, esaterako, EH Bilduk jaso zuen boto gehien, baina zinegotzi kopuruan berdinduta daude EH Bildu eta EAJ, seina hautetsirekin. Elkarrekin Podemosek bat dauka. Haren abstentzioa nahikoa litzateke alkatetza EH Bilduren eskuetan uzteko, baina bi indarren arteko itunak gehiengo osoa emango lioke Udal Gobernuari.

Horretarako, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ados jartzea baino ez da falta. Biek azaldu dute «gehiengo progresistak» lortzeko prestasuna, baina ituna ez dago oraindik lotuta. Ahal Dugu-ko komunikazio idazkariak adierazi du «aldebiko» negoziazioak daudela, eta «bide onetik» doazela.

«Guk ez dugu inoiz ezkutatu euskal instituzioetan gure aukera dela gehiengo progresistak lortzea, eta, programen inguruko elkarrizketek akordioa ekartzen badute, gobernu ituna ere lor liteke», esan du Larreak.

Azaldu duenez, akordioa zenbait modutara gauza daiteke: Elkarrekin Podemos udal gobernura sar liteke, edo kanpotik udal gobernua babestu eta aurrekontuak adostu. Dena dela, badirudi gauzak azkar argituko direla: udalak larunbatean eratuko dira, eta, lehenago, Elkarrekin Podemoseko kideek oniritzia eman beharko liokete itunari; beraz, gaur edo bihar egon liteke akordioa.

Herri plataformak

Beste zenbait herritan, batez ere Galdakaon eta Sopelan, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen arteko akordioa ez litzateke nahikoa izango «gehiengo progresista» eratzeko, eta ordezkaritza lortu duten herri plataformetako baten babesa ere bildu beharko lukete EAJ-PSE bikoteari gailentzeko.

Andeka Larreak ez du horren inguruan iritzirik eman nahi izan, negoziazioa EH Bilduren eta plataforma horien artean izaten ari delako eta, beraz, ez dagokiolako Elkarrekin Podemosi.

Galdakaon, EAJk eta PSE-EEk zazpi zinegotzi dituzte bien artean, eta EH Bilduk eta Elkarrren Podemosek, sei. Hortaz, herri zerrenden jarrera erabakigarria izango da. Metroaren auzia dela-eta haserre dauden herritarrek sortu zuten Auzoak zerrenda, eta lau zinegotzi lortu ditu; Usansolo Herria, berriz, Usansoloren desanexioaren aldeko plataforma da, eta bi zinegotzi ditu. Biak ala biak oso kritikoak dira EAJk bi arlo horietan izan duen politikarekin, eta zaila dirudi EAJri babesa ematea, baina batzarrak hartuko du erabakia.

Sopelan, berriz, EAJ-PSE eta EH Bildu-EP blokeak berdinduta daude, zortzina zinegotzirekin, eta, beraz, hemen ere erabakigarria da zer egingo duen DB-TU plataformak. EH Bildu ari da beste bi indarrekin negoziatzen akordioa lortzeko, eta, adostasunik balego, ekainaren 14an berretsiko lukete batzar batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.