Albistea entzun

'Aiaraldea' hedabideak jaso du Argia saria prentsaren atalean

Tubacexeko greba luze-zabal jorratzeagatik eman diote saria. Lanuztea hurbiletik kontatzea eta kazetaritzan eredu izatea txalotu du 'Argia'-k
<em>Aiaraldea</em>-ko kideak, saria jasotzen.
Aiaraldea-ko kideak, saria jasotzen. DANI CLANCO Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2022ko otsailak 2

«Laudioko eta Amurrioko Tubacexeko langileen greba, erresistentzia eta bizipenak hurretik kontatzeagatik», Aiaraldea hedabideari eman dio Argia-k aurtengo prentsaren saria. Arabako eskualde horri buruzko informazioa euskaraz eta hainbat formatutan eskaintzen du Aiaraldea-k, eta herriok astindutako lanuztea gertutik kontatu izana txalotu du epaimahaiak: «Herriko historian mugarri diren gertaerak txikitik ere kontatzen dira. Aiaraldea.eus-eko lagunek horixe egin dute, eta ondo egin ere, eskura dituzten kazetaritza tresna guztiak erabiliz».

Gainera, Argia-k gogora ekarri du hedabide independenteen oinarria komunitatea dela, eta, ildo horretan, Aiaraldea-ren jarduna kazetaritza komunitarioaren eredutzat jo du: «Kazetari lantalde profesionala txikia izanik ere, informatzeko gogoak bultzatuta musu truk aritzen den kolaboratzaile sare oparoaren informazioak handitu egiten du eragiteko gaitasuna. Ingurunean errotuta egoteak bermatzen du baliabide faltagatik bestela ezinezkoa litzatekeen kazetaritza jarduna».

Hain justu, saria «eskualdearena eta komunitate osoarena» dela nabarmendu du Aimar Gutierrez Bidartek: «Boluntarioen lana ezinbestekoa izan da». Tubacexeko beharginak ere gogoan izan ditu Aitor Aspuru Saezek: «Langileek jarri dute eskualdea munduan». Aiaraldea-ko kideek «ohoretzat» hartu dute Argia sariaren aitortza: «Jarraituko dugu gure eskualdearen egunerokoa euskaratik eta euskaraz kontatzen».

Internet bidez

Aurten, bigarrenez, webgunearen bidez ari da Argia aldizkaria bere sarien berri ematen. Astelehenean, Dapa egitasmoak jaso zuen ikus-entzuneko saria, kultura sormenari buruz egindako dokumental laburrengatik. Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz kooperatibak sortua da, eta BERRIAren webguneko Kultura sailean ere ikusgai dago. «Euskal Herri luze-zabalean sortzen dena erakutsi eta kontatu nahi duten pilulak eskaintzen dizkigu, artistak protagonista eta narratzaile dituztenak», epaimahaiak azaldu zuenez. Bi urte ditu Dapa proiektuak, eta 27 dokumental labur plazaratu dituzte orain arte.

Larunbatera bitarte, beste lau aitortza banatuko dituzte: Internet, irratia, komunikazio kanpaina eta merezimenduzko saria.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Claveria, eskuinean, eta Amaya, erdian, atzo, biltzarraren ondorio nagusiak aurkezten. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ijito eta emakume izateagatik

Maite Asensio Lozano

«Genero antitziganismo» kontzeptua definitzeko lehen pausoak egin dituzte Bilbon, asteon Romi Berriak eta Amuge elkarteek antolatutako biltzar batean. «Jazarpen sistematikoa» salatu dute.

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Enpresek erabakitzen dute eskola jangeletan zer eta nola jan»

Irati Urdalleta Lete

Sukaldeak eskoletan egotea, enpresa txikiei aukera ematea... Viñuelaren irudiko, jangeletan bada zer hobetua, pausoak ikusi arren: «Borondatea falta da, eta beldur handia dago».
Gotzone Sagardui Osasun sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©R.BOGAJO/ FOKU

Osasun Publikoaren Lege proiektuari «gabeziak» ikusi dizkio oposizioak

Edurne Begiristain

Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du osasuna «politika publiko guztien» oinarrian jarri nahi dutela. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk esan dute lan egingo dutela egitasmoa «hobetzeko»

Marieniaren aldeko manifestazio bat, apirilean. ©Guillaume Fauveau

Urriaren 21etik 23ra Marieniako lurrak okupatzera deitu dute

Ekhi Erremundegi Beloki

Kanpaldia antolatuko dute Kanbon laborantza lurren salmenta salatzeko. Ipar Euskal Herriko borroken topagune izatea nahi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...