Bi lagun zigortu dituzte armagabetze prozesuan armak gordetzeagatik

ETAren armagabetze prozesua dela-eta ari ziren armak gordetzen, baina «talde terroristako kide izatea» leporatu diete, besteak beste

2015ean Miarritzen egin zuten polizia operazioa. BOB EDME.
jone arruabarrena
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Enrique Lopez iheslari ohiari eta Nathalie Chasseriaudiri hiru urteko eta hemezortzi hilabeteko zigorrak ezarri dizkiete, «erakunde terrorista bateko kide izatea» eta «delitu bat estaltzea» leporatuta. Hala ere, ez dute kartzelara sartu beharko, Lopezek behin-behineko kartzelan urtebete bete zuelako, eta, beraz, bi urtetik beherakoak izango liratekeelako bi zigorrak. Aste honetan epaitu dituzte Parisko Auzitegian, eta atzo arratsaldeko azken orduan eman zuten ebazpena. ETAren armagabetze prozesuan parte hartzeagatik prokuradoreak «erakunde terrorista bateko kide izatea» eta «lehergaiak izatea» leporatzen zien, 2015ean Miarritzen (Lapurdi) atzemandako armategi batekin lotuta. Ez du eskatu bi akusatuak terroristen zerrendan sartzeko, eta ezta Lopezentzat Frantzian egoteko debekua ere.

Hain zuzen, Xantiana Cachenaut Lopezen abokatuak adierazi du «ETAk eskatuta arma batzuk hartzea eta lagun baten etxean atxikitzea» leporatu diotela bere bezeroari. Chasseriaudena zen armak gordeta zeuden etxea, eta horregatik epaitu dute hura ere. 2015eko maiatzaren 28an miatu zuten, eta arma biltegi bat topatu zuten bertan. Chasseriaud egun hartan atxilotu zuten, eta Lopez, hurrengoan.

Defentsak auzia artxibatzeko eskatu zuen instrukzio garaian, baina fiskalak uko egin zion, atxiloketen garaian ETAren behin betiko su etena ziurtatzerik ez zegoelakoan. Haren argudioen artean, ETA oraindik desegin gabe zegoela eta ez zituela armak entregatu, nahiz eta erakundeak 2011n adierazi zuen «jarduera armatua behin betiko amaitzea» erabaki zuela.

«Bake prozesu sanoa»

Epaiketan bi gairen inguruan eztabaidatu dute. Alde batetik, zalantzan jarri du abokatuak ea epaileei dagokien «antolakunde bat juridikoki terrorista kalifikatzen ahal den ala ez baloratzea»: «Gure konklusioa izan da epailearen betebeharren artean ez zegoela halako eztabaida batean sartzea». Bestalde, bake prozesua 2014 eta 2015ean «oso sanoa» izan zela frogatu nahi izan du defentsak: «Mahaigaineratu dugu Parisko konferentzia justu atxiloketa hauen ondoren izan zela. Hori dela eta, ez dago zalantzarik: garai hartan erakundeak ez zuen asmorik borroka armatuan sartzeko. Beraz, ondorio juridikoa da ezin direla gertakari horiek juridikoki ekintza terroristatzat jo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.