11/13 auziak haurrei kalte egin liezaiekeela ohar egin dute

Auzipetutako 47 kideek 38 adin txikiko dituzte beren kargu. Epaiketak «estresa, antsietatea eta depresioa» sor liezazkieke umeei

Auzipetuak eta zenbait hezkuntza aditu, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Estresa, antsietatea eta depresioa. Psikologiako eta pedagogiako aditu talde batek txosten batean ohartarazi du 11/13 makroepaiketak hiru eragin horiek izan litzakeela auzipetutakoen seme-alabengan. Irailaren 16an abiatuko da Herrira, Jaiki Hadi eta Etxerateko eta euskal presoen abokatu eta bitartekarien aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 47 auzipetu daude, eta horien kargu daude adin txikiko 38 haur eta nerabe. Aniztasun funtzionala dute horietatik bik.

Amaia Vazquez psikologoak eman zuen txostenaren berri, atzo Donostian eginiko agerraldi batean. Adituen arabera, haurrek ondorio psikologikoak izan ditzakete, gurasoak espetxean sartzean ez ezik, baita epaiketan ere.

«Iraganeko sufrikarioak etorkizun hurbil batean gainditzeko lanean genbiltzan», azaldu du Ion Mintegiaga auzipetuak. Guztira 601 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak haientzat, eta azpimarratu dute epaiketaren ostean 38 haur eta nerabek arriskua dutela gurasoetako bat espetxean izateko. Mintegiagak aitortu du aurretik ere «buruhaustea» dela: «Gure seme-alaben gaineko kudeaketa buruko min handiena bihurtu da. Zer esan, noiz esan, nola esan...»

Zortzi psikologo eta psikoterapeutak osatutako talde batek ondu du auziak haurrei egin liezaiekeen kalteari buruzko txostena, eta hezkuntza eta psikologia arloko hirurehun profesionaletik gorak babestu dute. Adituen arabera, epaiketak «eragin emozionala» izango du haurrengan.

Ondorioak hiru fasetan

Auzipetu eta psikologoek ohartarazi dute gurasoak espetxean edukitzeak kalte psikologikoak dituela, baina gogorarazi dute auzibideak iraun bitartean ere kalteak izan ditzaketela. Vazquez psikologoak azaldu du hiru epetan ager daitezkeela ondoezak: epaiketaren aurretik, epaiketak iraun bitartean eta gurasoak espetxera sartuz gero.

«Epaiketaren aurretik, helduen estresak ezinegona eta antsietatea sortzen dizkie haurrei. Epaiketa bitartean, aurreko sintomak sakondu egiten dira, eta espetxeratze posibleak depresioa eta abaildura ekar diezazkieke haur horiei», zehaztu du Vazquezek. Gainera, salatu du epaiketak ez duela zentzurik: «Gurasoek ez dute espetxera joan behar, eta haur horiek ez dute espetxe politikaren gurpilean sartu behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.