Krisi egoerara pasatu da Ipar Euskal Herria, azken asteetako lehorteagatik

Alerta egoeran ziren Euskal Herriko 95 herriak ondoko mailara pasatu ditu prefetak, herenegun gauean. Neurrien azkartzea ekarri du horrek

Baratzeak 20:00ak eta 08:00ak artean bakarrik urezta daitezke. SEBKO PHOTO.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Uraren arazoa gaizten ari da Ipar Euskal Herrian gaindi. Abuztu hasieran prefetak ezarri neurriak ez dira nahikoa izan idorteari aurre egiteko. Guztira, orain arte, Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko 103 herri «alerta» egoeran sartuak ziren. Neurri horien eragina ez da espero zutena izan, eta, orduan, aterabideak atzeman beharrean, «krisi» egoera zabaldu da Ipar Euskal Herriko 95 herritara, herenegun.

Uztaila eta abuztuaren lehen bi asteak biziki idorrak izan dira. Prefeturak azaldu duenez, «abuztuaren 18ko eurien aurreko emarira itzuli dira errekak, 22tik goiti, jadanik». Hala, abuztuan uztailean baino euri gehiago egin badu ere, eta baldintza meteorologikoak hobeak izan badira ere, ez da nahikoa izan lehortea gainditzeko, eta «baliabideen mailak apal dirau oraindik ere».

Ur edangarriaren erabilpenari dagokionez, prefeturak azaldu du «tentsioak zinez biziak» direla lurralde jakin batzuetan. Erraterako, «Euskal Herriko hego eta mendebaldean» eta «Ortheze [Okzitania] eskualdean» egoera beste toki batzuetan baino kritikoagoa da, haren erranetan.

Lehortea badenez oraindik, prefetak erabaki du orain arte martxan ziren ur edangarriaren erabilpena murrizteko neurrien azkartzea Euskal Hirigune Elkargoko 95 herritan. Adibidez, baratzeen ureztatzea 20:00ak eta 08:00ak artean bakarrik egin daiteke, baina soropilena, lorategiena, berdeguneena eta golko bereziena, berriz, guztiz debekatu dute. Kirol zelaiak, aldiz, ez dira debeku horretan sartzen, eta astean bi aldiz urezta daitezke, 22:00ak eta 06:00ak artean.

Garbiketari dagokionez, baldintzak «alerta» egoerako berdintsuak dira. Izan ere, ibilgailuen garbiketa guztiz debekatua dago oraindik ere, ez bada partikularrek etxean garbitzen dutenean edo horretarako eginak diren makinetan garbitzen denean. Etxe aitzinaldeen, teilatuen eta bide bazterren garbitzea ere debekatu dute, eta, aisialdiari dagokionez, etxeetako igerilekuen betetzea edo iturri publikoen urez hornitzea ezinezkoa da oraindik ere.

Neurriak ezartzeaz gain, prefeturak dei egin die herritarrei ur edangarriaren kontsumoari kasu eman diezaioten egunerokoan. Hurrengo lehorte batzordea datorren asteartean bilduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.