Omikronera egokitutako lehen oroitzapen dosiak baimendu ditu EMAk

Pfizer eta Moderna enpresen prototipo berriak merkaturatuko dituzte Europan. 12 urtetik gorakoei jartzen ahalko zaie oroitzapeneko dosia

Pfizer/BioNTech laborategien Comirnaty txertoa. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
EMA Sendagaien Europako Agentziak oniritzia eman die COVID-19aren omikron aldaera batzuetara egokitutako bi txertori: Pfizer/BioNTech enpresen Comirnaty eta Moderna etxearen Spikevax prototipoei, hain zuzen. SARS-CoV-2 birusaren jatorrizko aldaeraren aurkako babesa emateaz gain, txerto horiek babes gehigarria eskaintzen dute omikron BA.1 azpialdaeraren aurka. Hortaz, sendagai agentziaren arabera, eraginkorragoak izanen lirateke gaur egun zirkulazioan den gaixotasunaren aurka.

«Txertoak egokitzen edo eguneratzen dira eraginkorragoak izan daitezen SARS-CoV-2aren aldaera berriei aurre egiteko garaian. Egokitutako txertoek babes zabalagoa eskaintzen dute hainbat aldaeraren aurka, eta, hortaz, espero dugu lagungarri izanen direla COVID-19aren aurkako babes optimoari eusteko, birusa eboluzio betean den bitartean», azaldu du agentziak ohar batean.

Hortaz, dosi berriak propio diseinatuta daude SARS-CoV-2aren jatorrizko anduiaren eta omikron BA.1aren infekzioez babesteko. Egun nagusi diren BA.4 eta BA.5 azpialdaerei dagokienez, berriz, EMAk azaldu du horien aurkako txerto prototipoak aztergai dituztela jada: «Laster igorriko dugu horien gaineko ebaluazioa, eta, baimena lortuz gero, are gehiago indartuko litzateke Europan eskuragarri dugun txerto sorta».

Hain zuzen, EMAk esan du Comirnaty eta Spikevax txertoen azterketa klinikoan jasotako ebidentziak eta datuak baliagarri izanen zaizkiola hurrengo prototipoen ebaluazioa egiteko tenorean. Hori gertatu bitartean, baina, egun baimenduta dauden txerto guztiak erabiltzen segitzeko gomendioa egin du agentziak, babes maila handia eskaintzen dutela iritzita.

Comirnaty eta Spikevax 12 urtetik gorakoei jartzeko baimena eman du EMAk, «oroitzapeneko dosi» gisa. Hau da, jatorrizko txertoen bi edo hiru dosi jarriak dituztenei soilik eskainiko diete sendagai berria Europako Batasuneko herrialdeetan.

Albo ondorio «arinak»

Txerto berriek eragin ditzaketen nahi gabeko ondorioei dagokienez, EMAk azaldu du orain arteko ikerlanetan atzemandakoak «arinak» izan direla, eta denbora gutxiren buruan desagertu direla. «Orain arteko txertoek eragindako ondorioen oso antzekoak dira, oro har».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.