Euskal Hirigune Elkargoaren konpentsazio araua urratzen duen bizitegi bat okupatu dute Miarritzen (Lapurdi). Hiru egunetarako alokatu dute Aldako kideek, 450 euro ordainduta, eta han instalatu dira. Jabearen arau haustea dela eta, hiru urterako ahozko kontratua adostu dutela diote. «Jabeak ez du eskubiderik bizitegi hori epe laburreko turismorako etxebizitza gisa alokatzeko; ondorioz, legedi normala aplikatu behar da. 450 euro eman dizkiogu alokairurako, eta hark etxeko giltzak eman dizkigu. Guretzat, ahozko kontratu baten balioa du. Gure etxean gara, eta, epaile batek kontrakoa erran arte, hemen egoten ahal gara, hiru urte», esplikatu du Xebas Christy Aldako bozeramaileak.
Martxoaren 1ean sartu zen indarrean turismorako etxebizitzak mugatzea helburu duen konpentsazio araua. Horren arabera, bizitegi bat turismorako erabili nahi duen jabeak bestelako lokal bat bizitegi bilakatuz konpentsatu behar du; bestela, ez du eskuratuko etxebizitzaren erabilera aldatzeko baimena. «Badakigu gaur egun ehunka ari direla araua urratzen. Hau ez da kasu bakana», azaldu du Christyk.
Hori da Miarritzeko kasua. Erantzukizun mugatuko sozietate bat da egoitzaren jabea. Eraikinean dauden hiru etxebizitzetatik bi turismorako baliatzen zituzten orain arte, baina, martxotik, ez dute horretarako eskubiderik. Alta, bizitegietako bat epe laburrerako alokairuan proposatzen du oraino plataformen bidez, «erregistro zenbaki faltsu batekin», Aldaren hitzetan. Konpentsazio araua urratzeagatik 50.000 euroko isuna ezartzen ahal diote jabeari; bizitegia ez badu berriz urte osorako alokairuan ezartzen, egun bakoitzeko mila euroko isuna gehituko litzaioke.
Prentsari ekintzaren nondik norakoak jakinarazi ondotik, etxebizitzaren jabea deitu dute egoeraren berri emateko, baina, elkarrizketa luzatzen utzi gabe, deia moztu du. Hortik gutxira, Aldakoak dauden egoitzara agertu da, oldarkor, negar gasa eskuetan zuela. Bidea oztopatzen saiatu den Aldako kide bati eraso egin dio, eta eskuan zauritu du. Horren ondoren, etxebizitzara indarrez sartzen saiatu da, baina ez du lortu. Lehenbiziko estaian itxi da, bera bakarrik; tarte baten buruan, berriz, ekintzaileek jakinarazi dute bizitegiko ura moztu diela.
Konpentsazioa urratzen duen bizitegi bat okupatu du Aldak Miarritzen
450 euro ordaindu dituzte hiru egunerako, baina horrek hiru urterako kontratu baten balioa duela diote. Etxearen jabea bortizki oldartu zaie

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu