Hegoaldeko gazteen artean migrazioa «naturalizatu» egin dela ondorioztatu dute

Ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herriko gazteen heren batek uste du etorkinak «mesfidantzaz» hartzen direla, eta %5ek, «errespetuz»

Bilboko kaleak, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Soilik Hego Euskal Herriko gazteen %14ek uste dute kanpotarrak «normaltasunez» hartzen direla, «herrialdekoak balira moduan». Antzeko kopuru baten aburuz—%12,4—, «indiferentziaz» hartzen dituzte. Oso gutxiri —%5— iruditzen zaie etorkinak «errespetuz» hartzen direla, eta gehiago dira iritzi dutenak «mespretxuz» tratatzen direla: %17. Espainiako Gazteriaren Behatokiak SM Fundazioarekin batera egindako Espainiar gazteak 2021ean txostenaren ondorioak dira.

Arduradunek azaldu dutenez, ikus daiteke alde batetik gazteek immigrazioa onartzen dutela, baina baita «anbibalentzia» ere. «Ikusi ahal da kultur aniztasunarekiko tolerantzia dagoela, baina ez guztiz integratzeraino», jaso du txostenak.

Ikerketaren arabera, Hego Euskal Herriko gazteek ez dute immigrazioa «mehatxu» edo «lehia» moduan hautematen. Hala ere, ez dute uste garapen ekonomikoari ekarpenik egin diezaiokeenik, ezta «kanpotar kopuru jakin batzuk» hartu daitezkeenik ere.

«Tolerantzia handiagoa»

Ariana Perez ikertzaileak azpimarratu du hainbat aldaketa antzeman dituztela denborarekin: «Gazteen artean ikus daiteke migrazioaren fenomenoa naturalizatu egin dela, eta migranteekiko tolerantzia eta sentsibilitatea handiagoa dela». Ideia horretan sakondu du Juan Maria Gonzalez-Anleo kideak: «Tolerantzia eta aniztasunaren defentsa dira egungo gazteriaren belaunaldi marka».

Sexu aldetik ere desberdintasunak ikusi dituzte. Oro har, ikerketak jaso du neskek mutilek baino pertzepzio «askoz irekiagoak eta positiboagoak» dauzkatela migrazioari buruz. Hamar puntu baino gehiagoko aldea hauteman dute galdera «gogorretan». Alegia, migrazioa krimenarekin lotuta ote dagoen edo «Espainian kanpotar gehiegi» ote dauden galdetzean ikusi dituzte desberdintasun nabarmenenak.

15 eta 29 urte arteko gazteek hartu dute parte ikerketan. 50 galdera itxiri erantzun zieten, sarean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.