Mutrikuko herritarrak hasiak dira bozkatzen dikearen luzapenari buruz

Etzi amaituko dute atzo hasitako herri galdeketa ez-loteslea. EAJk ez beste alderdiek konpromisoa hartu dute emaitza Jaurlaritzari bideratzeko

Herritar bat botoa ematen, atzo, Mutrikun (Gipuzkoa). DANBORZALEAK.
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Dikea luzatzearen alde zaude, bai ala ez?»: galdera horri erantzuten zioten Mutrikuko (Gipuzkoa) hainbat herritarrek atzo arratsaldean, eta bihar egingo dute beste hainbatek. Jaurlaritzak 2002an hasi zituen babes dikea eraikitzeko tramitazioak. Hondartza eremu berri bat sortu zuten, baita bertarako sarbideak ezarri eta babes dikea eraiki ere, baina 2010ean obrak eten zituzten, behin-behinean, eta bukatzeke utzi zuten portuko obra.

Jaurlaritzak obrak berrabiarazi izanak hautsak harrotu ditu Mutrikun. Horren kontrako Danborzaleak mugimenduak sustatu du proiektuari buruzko herri galdeketa. Mugimenduko kideek uste dute obrek kirol portua eraikitzea, hondartza eremua «pribatizatzea» eta ingurumen naturala suntsitzea ekarriko luketela, besteak beste.

Danborzaleak mugimenduak eta EH Bilduk antolatu dute galdeketa. Atzo, bozkalekuak itxita, Danborzaleak mugimenduak adierazi zuen parte hartze datuak «espero baino hobeak» izan zirela. Proiektuari buruz iritzia eman ahal izango da bihar ere, 09:00etatik 20:00etara. Galdeketa ez da loteslea izango, baina Danborzaleak mugimenduak udaleko talde politikoengana jo zuen, eta emaitza Eusko Jaurlaritzari helarazteko eskatu: «Herriko alderdi politikoek galdeketa babestu eta bertan parte hartuko dutela berretsi dute, EAJk izan ezik, eta udalak galdeketaren emaitza Eusko Jaurlaritzari bideratzeko konpromiso irmoa hartu du», azaldu zuen plataformak aste hasieran. Galdeketaren garrantzia azpimarratu zuen plataformak: «Emaitzak berebiziko garrantzia izango du aurrerantzean portuaren inguruan hartu beharreko erabakietan».

Galdeketa babestu ez ezik, proiektuaren kontrako botoa ere eskatu du Mutrikuko Berdeak eta Independenteak herri plataformak, proiektuarekin aurrera jarraitzea diru publikoarekin denena den espazio bat «pribatizatzea» litzatekeela iritzita. Ezezko botoa eskatu du PSE-EEk ere. EH Bildu ere udal gobernuan da, eta eskatu du «bakoitzak libreki erabaki dezala», baina beharrezko jo du proiektuarekin egin beharrekoari buruz «ahalik eta batasunik handiena» lortzea.

ELAk, berriz, portuko lanen kontra bozkatzera deitu ditu herritarrak, ohar bidez. «Eusko Jaurlaritzak, herritarren oniritzirik gabe, martxan jarri zituen 2005ean portuko babes dikearen obrak, eta, oraingoan ere, herritarrek nahi duten etorkizuna kontuan izan gabe hasi dituzte luzapen lanak», salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.