Donostiako lan arloko laugarren epaitegiak ebatzi du Optima enpresak greba eskubidea ukatu ziela Osakidetzako garbitzaileei. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, garbitzaileak oporrak hartzera behartu zituzten grebak indarrean zirauen bitartean. Sindikatuak esan du langileek urteko egutegia zutela, oporraldiak uztailean eta abuztuan ezarriak zituztela, eta garbitzaileek enpresari adierazi ziotela ez zutela oporrik egiteko asmorik. Izan ere, uztailaren hasieran greban zeuden oraindik. Osakidetzak azpikontratatutako enpresak, ostera, oporrak hartzera behartu zituela esan du ELAk.
Sindikatuak adierazi du erresistentzia kutxaren «beharrezkotasunaren beste seinale bat» izan dela gertatutakoa. Garbitzaileek ez zuten oporrik hartu, eta greban jarraitu zuten, ELAren arabera, «erresistentzia kutxari esker». Greban daudela diru sarrerarik gabe geratzen diren langileei laguntzeko erabiltzen da kutxa hori. Orain, hartu ez zituzten opor egun horiek hartu ahal izango dituzte langileek, eta ELAk 10.000 euroko kalte ordaina jasoko du.
Lan baldintzak hobetzeko hasi zuten garbitzaileek greba, joan den otsailean. Azkenean, 50 bileraren eta hilabeteetako lanuztearen ostean, hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu zuten uztailaren 12an. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek sinatu zuten aurreakordioa; ELAk, ordea, ez. Gainerako sindikatuei «murrizketak» onartu izana egotzi zien, eta jakinarazi zuten langileen baldintzak «okertu» egingo zirela. Hala ere, adierazi zuen akordioa, «nahikoa ez bada ere», langileek egindako grebari esker lortu zutela. Oraingoan ere, epaiaren berri jakin ostean, grebaren garrantzia azpimarratu dute: «Greba eskubidea kasu guztietan defendatu behar den eskubide bat da».
Correosen, grebara
Greba mugagabea hasiko dute Nafarroako Correoseko garbitzaileek astelehenean, hilaren 28an. Egun berean, manifestazioa egingo dute 11:00etan, Iruñeko Sarasate pasealekuko bulegoaren aurrean. UGT sindikatuak jakinarazi duenez, Correosek azpikontra- tatutako J. Cordoba garbiketa enpresak atzerapenekin ordaindu dizkie soldatak langileei, eta oraindik ez ditu ordaindu ez uztaileko soldata ez udako aparteko ordainsaria.
Osakidetzako garbitzaileei greba eskubidea ukatu zietela ebatzi du epaileak
Azpikontratatutako enpresak oporrak hartzera eta greba uztera behartu zituen garbitzaileak, Donostiako lan arloko epaitegiak azaldu duenez

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu