Albistea entzun

Maurizia: «Kanporatzen bagaituzte, okupazio dinamika bat hasiko dugu»

Baionako Santa Ursula kalean eraikin bat dute okupatua Maurizia proiektuko kideek, eta edonoiz kanporatuak izateko arriskuan dira
Maurizia proiektuko kideak, auzokide eta eragileekin, atzo.
Maurizia proiektuko kideak, auzokide eta eragileekin, atzo. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko ekainak 9 - Baiona

Damoklesen ezpata buru gainean dute Maurizia proiektuko kideek, eta edonoiz kanporatu ditzakete. Agerraldia egin zuten atzo, egoeraren berri eman eta azken asteetan izan dituzten gorabeherak esplikatzeko. Hainbat auzokide eta LAB eta FSU sindikatuetako kideak agertu ziren haiekin, baina eragile politiko eta sozial andanaren babesa eskuratu dute azken asteetan, hala nola Elkartasunak Eraiki elkarte sarearena. Maurizia proiektua goraipatu zuten agiri batean, lehengo astean, eta, okupatzaileen hitzetan, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezari idatzi berri diote negoziazioek irauten duten bitartean kanporatzea oztopa dezala eskatzeko.

Maiatzaren 16an jakinarazi zuten Baionako Santa Ursula karrikako eraikin bat okupatua dutela, bizitegien arazoari erantzun eta denei irekitako espazio soziokultural bat proposatzeko. Astelehenean elkartu ziren Baionako auzapezarekin, eta hark hangarra erabiltzea proposatu ziela esplikatu dute. Herriko etxeak bere gain hartuko lituzke obrak, eta gauzatu bitartean lekuak hustu beharko lituzkete, zehaztu gabeko epe baterako. Uko egin diote gazteek; besteak beste, ez diolako erantzuten bizitegi arazoari. «Gure maneran parte hartzen dugu etxebizitzaren krisi honi eta haren ondorioei buruzko eztabaidan... Eta herriko etxeak bestak antolatzeko areto bat proposatzen digu», deitoratu dute.

Baionako Auzitegiak emana du Maurizia husteko agindua, baina gazteen abokatuak horren kontrako helegitea jarri du. Ordenantza bidez hartu zuen erabakia justiziak, ekintzaileei kasua defendatzeko aukerarik eman gabe. Okupatzaileen nortasuna ezezaguna zela argudiatu zuten horretarako. Alta, okupazioa iragarri zuten egunean Baionako komisarian deklaratu zuten beren borondatez, izen-abizenak emanda. Astelehenean aztertuko dute gazteek ezarritako helegitea, baina atzo goizean jakin zuten eraikinaren jabeek ere beste helegite bat jarri dutela haienaren kontra. Argi adierazi dute: kanporatzen badituzte, ez dute erresistentziarik emanen. «Bortizkeria ez da gurea. Bortizkeria da 10.000 metro koadroko eraikin bat hutsik atxikitzea Baiona erdian». Abisua ere eman dute: «Kanporatuak bagara, okupazio dinamika bat abiatuko dugu. Hemendik atera bezain laster, beste eraikin publiko batean sartuko gara».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Basauriko festetako barraken gunea, atzo. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Basauriko festetan sexu eraso bat izan dela salatu dute

Berria

Herriko udalak eta asanblada feministak sexu erasoa gaitzetsi dute. Gaur elkarretaratzea egingo dute, Pinceles plazan.

 ©IDOIA ZABALETA/ FOKU

«Adingabeen aurkako biolentzia eragotzi behar da kirolean ere»

Isabel Jaurena

Pisuaren inguruko presioa egitea edo okerrago jokatzen duen taldekidea kanpoan uztea: halako indarkeria egoerak pairatzen dituzte umeek kiroletan. Trebakuntza eman diete begiraleei.
Eskubide Sozialen Kartak deitutako protesta, maiatzean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Trantsizio ekosozialari buruz hausnartuko dute eragileek gaur Ozaetan

Olatz Silva Rodrigo

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 'Su txikien itsasoa' topaketak antolatu ditu. 35 taldetako ehun herritar baino gehiago bilduko dira
Patrice Laniesen hilketa salatzeko elkarretaratzea, Baionan ©Guillaume Fauveau

Baionako bestetako hilketagatik atxilotutako zazpiak akusaziopean jarri dituzte

Ekhi Erremundegi Beloki

Atzo deklaratu zuten kasua ikertzen ari den instrukzio epailearen aitzinean. Horietako bost preso sartu dituzte «nahitarako giza hilketa» leporatuta. Baionako prokuradoreak jakinarazi du epailearen ikerketarekin segituko dutela, bakoitzaren inplikazioa argitzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...