Baionako bestetan izandako bortizkeriak salatu dituzte eragileek

Hila da bestetako lehen gauean jipoia jasan zuen gizona. Bost bortxaketa salaketa izan dira. Baionako eragileek diote «aski» dela

Dozenaka herritarrek parte hartu zuen elkarretaratzean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Dozenaka pertsonak elkarretaratzea egin dute Baionako Herriko Etxearen aitzinean, bestetan izandako bortizkeriak salatzeko. PAF mugimendu feministak, Baionako peñek eta ostalarien batzordeak deitu dute protestara. Lau bortxaketa salaketa izan dira besta garaian, eta beste sexu eraso bat ere salatu zuten asteazkengauean —fiskaltzak kasua artxibatu du—. Bestak pasaturik, bosgarren bortxaketa salaketa baten eta beste sexu eraso baten berri eman zuten atzo. Azken biei dagokienez, bi neska adingabek salaketa jarri zuten astelehenean, Baionako prokuradorearen arabera. Bat bortxatua izan da, eta besteak sexu eraso bat jasan du; Baiona Ttipiko karriketan iragan zen. Bestalde, 46 urteko gizon bat hil da, hiru pertsonak jipoitu ondoren. «Aski» dela adierazi dute eragileek: «Ezin da horrela jarraitu».

Asteazken gauean gertatu zen erasoa. Corsaire kaian zuen etxera sartzera zihoala, kargu hartu zien atarian pixa egiten ari zen mutil taldeari, modu lasaian, lekukoen arabera; kolpeka erantzun zioten. Jipoiaren ondoren, konorterik gabe utzi zuten. Hilzorian eraman zuten ospitalera, eta koma artifizialean atxiki zuten atzo zendu zen arte.

Baionako elkarteek «inozo, koldar eta arduragabetzat» jo dituzte erasotzaileak. 20 eta 25 urte arteko hiru gizonen bila ari da Frantziako Polizia; horietako baten erretratu robota zabaldu dute. «Espero dugu ez direla zigorrik gabe geldituko», adierazi dute.

Gogoeta egin beharra

Bihar Baionako ezkerreko taldeak ere bat egin du salaketa mezuarekin, eta eta bestei buruzko gogoeta egitera deitu du. «Eragile anitzen analisiaren arabera, hazkuntza eta erakargarritasun muga batera heldu dira; herritarrak eta parte hartzaileak batzen dituen gogoeta abiatzea justifikatzen du». Bihar Baionaren iritziz, besten zentzua elkarrekin zehaztu beharko litzateke, «haien etorkizuneko antolaketa moldeak berriz definitzeko eta, horrela, haien iraupena eta segurtasuna bermatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.