De Miguel eta Otxandiano kendu egin dituzte euren karguetatik

Tapiak esan du Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia iristean gauzatuko dela kaleratzea, eta ordurako dena prest izatea espero duela

Alfredo de Miguel, 2019an, epaitegira sartzen. ADRIAN RUIZ DE HIERRO/EFE.
Jon Ordoñez Garmendia - Edurne Begiristain
2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak herenegun De Miguel auziko zigorrak berretsi ostean, atzo Alfredo de Miguel eta Koldo Otxandiano kendu egin zituzten erakunde publikoetan zituzten karguetatik. De Miguel Hazi fundazioan ari zen lanean, eta Otxandiano, Miñaoko Teknologia Parkean. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Jasangarritasun sailburuak atzo goizean eman zien agindua bi erakunde horietako kudeatzaileei, eta Otxandianori eta De Migueli horren berri eman zaiela ere esan zuen.

Oraindik ez dituzte kaleratu De Miguel eta Otxandiano, oraindik ez baitiete epaia helarazi, baina Jaurlaritzak herenegun iragarri zuen biak kaleratuko dituztela. Sagardo garaiaren irekieran, Tapiak esan zuen atzo ez zirela euren lantokietara joan. «Egitekoren bat bazuten bukatzeko, bukatuko dute, baina ez du zentzurik beste lanik emateak, ezta beste ezer egiteko eskatzeak ere». Tapiak gaineratu zuen epaia iristen denean gauzatuko dela kaleratzea, eta «lehenbailehen» izatea espero duela. Hazi fundazioan eta Miñaoko Teknologia Parkean ordurako dena prest izatea espero du, esan zuenenez: «Zenbat eta azkarrago egin, hobe».

De Miguelek hamabi urteko espetxe zigorra bete beharko du, eta Otxandianok, zazpikoa. Besteak beste, eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuen faltsutzea egotzita zigortu dituzte, beste hamabi lagunekin batera —Gorenak Julian Sanchez Alegria absolbitu du, haren aurkako froga nahikorik ez dagoela argudiatuta—.

Arabako Probintzia Auzitegiak 2019an eman zuen epaia, baina ez zenez irmoa, oraindik ere euren karguetan zeuden De Miguel eta Otxandiano. Orain, baina, Arabako Auzitegiak frogatutzat jo zituen delitu ia gehienak berretsi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak, eta argi ebatzi du: auzipetuak euren kargu politikoaz baliatu ziren dirua «bidegabe» erabiltzeko eta kontratu publikoak «nahieran» adjudikatzeko.

Auzitegi Gorenaren epaia irmoa bada ere, zigortuek Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eta Estrasburgora jotzeko aukera dute, baldin eta argudiatzen badute beren eskubideak urratu direla. Nolanahi ere, bi urtetik gorako zigorrak dituztenek preso sartu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.